Athleticek Bartzelona handia izango du aurrean Espainiako Kopako final-zortzirenetan. Espainiako Ligako bi klasikoren arteko lehia izango da. Vila-realek eta Valentziak jokatuko duten kanporaketarekin batera, lehiarik interesgarriena. Aukeran, gura baino lehenago gurutzatuko dira, izan ere, jakina baita historikoki Athletic eta Bartzelona izan direla Kopari arreta eta interes gehien jarri dioten klubak. Sasoi honetan bietako bat gura baino lehenago geratuko da horrenbeste lori eman dion txapelketatik kanpo.
Inork ez du zalantzan jartzen Athletic Bartzelona baino askoz ere kezkatuago egon behar dela. Messi eta enparauak dira faborito garbiak, egun bi taldeen artean dagoen aldea handia baita. Pep Guardiolak jokalari onenak zelairatzen baldin baditu Athleticek ez du aurrera egiteko ia aukerarik izango. Camp Noun (abenduaren 22an) zein San Mamesen (urtarrilaren 5ean) jokatuko diren neurketetan kataluniarrak izango dira faborito, Bartzelonak berdin-berdin jokatzen baitu bere zelaian zein aurkariarenean. Horrenbestez, Athletic garaile izanez gero, azken denboraldiotako ezusteko nagusienetako bat izango litzateke. Orain arte Joaquin Caparrosek zuzendutako Athletic ez da gai izan Guardiolak zuzendutako Bartzelonari aurre egiteko. Ligan, Kopan zein Superkopan aritu direnean Caparrosek ez du aurkaria estu hartzeko biderik aurkitu, eta Bartzelonak, berriz, ez du aparteko arazorik izan Athleticen gabezia guztiak azaleratzeko. Azken sasoi bietako ligako txapeldunaren joko azkarrak, landuak eta neurtuak min ikaragarria egin dio. Athleticek ezin izan du erritmo bizia, grina eta oldarkortasuna oinarri dituen jokoa egin. Baloiaren atzetik korrika aritu eta, neka-neka eginda, amore ematea baino beste aukerarik ez du izan. Aspaldian egon den talderik onenaren kontra jokatzearen ondorioak pairatu ditu, alegia.
Athleticeko jarraitzaileak ez dira gustura egongo zozketak emandakoarekin; bigarren kanporaketan bidean geratzeko arriskuak ez die grazia handirik egingo, ez zaleei, ez Athleticeko jokalari eta teknikariei. Caparrosek, urtero legez, apustu gogorra egin du Koparen alde, eta Athleticeko teknikariak inork baino hobeto daki nola bizi duten Kopa jarraitzaile zuri-gorriek. Egutegian azpimarratuta egoten dira Kopako partidetako egunak, eta lehia hasten denean ezagun izaten da. San Mamesen giro berezia egoten da ia partida guztietan, gainerako zelai gehienetan baino askoz hobea. Ikaragarrizko ilusioa sortzen duen lehiaketa da. Jokalariek ere badakite hori, eta horregatik ahaleginduko dira horrenbesteko babesa agertzen dieten zaleei ilusioa berreskuratzen laguntzen.
Caparros: «Kopa berezia da»
Horregatik, zuri-gorriek daukaten guztia emango dute aurrera egiteko. «Zaila izango da, baina Kopa berezia da Athleticentzat. Taldea hazi egiten da, eta duena eta gehiago ematen du», esan zuen atzo Caparrosek. Antzeko hitzak izan zituen Pablo Orbaizek. «Oso kanporaketa gaitza da, baina gogo handiz egingo diogu aurre Kopako finalean gertatutakoari buelta emateko». Beste bi jokalari pisutsuk ere, Iraolak eta Gurpegik, ez dute kanporaketa galdutzat eman gura. «Ez dugu zorterik izan. Talde apalagoak zeuden, baina ahal dugun guztia egingo dugu aurrera egiteko», esan zuen usurbildarrak. Betiko legez, Andosillakoa izan zen baikorrena. «Aurkari gogorra da, baina konfiantza osoa dut taldean».
Athleticek arlo guztietan nabarmendu beharko du Bartzelona kanporatzeko. Beraz, erabaki ausarta izan daiteke sailkatuz gero etor daitekeenari begira hasteak. Baina kontua da zehaztuta dagoela finalerako bidea. Zuri-gorriek Bartzelona kanporatuz gero, Getafe edo Betis izango litzateke hurrengo aurkaria. Finalerdietako aurkaria ere ez litzateke Athletic baino talde indartsuagoa izango: Almeria, Mallorca, Kordoba edo Deportivo. Baina amets egiten hasteko Bartzelona mendean hartu beharra dago. Estatistikak nabarmen daude kataluniarren alde: 50 urte daramatza Athleticek Bartzelona Kopan kanporatu gabe. Estatistikak, baina, hausteko omen daude.
Aurkari zailena, adar errazenean
Athleticek Bartzelonaren aurka jokatuko du Espainiako Kopako final-zortzirenetan; sailkatuz gero, bide lauagoa izango luke
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu