Aurkari zuzenak dira

Hamabina punturekin, berdinduta daude Osasuna eta Zaragoza, eta gaur irabazten duenak aurrerapausoa emango du

Iruñea
2009ko azaroaren 29a
00:00
Entzun
Osasunak Zaragozari eta Malagari egin behar die bisita astebetean. Ustez, mailari eusteko borrokan bi aurkari zuzen dira gorritxoentzat. Eta hori aintzat hartuz gero, hiru puntuak baino zerbait gehiago ere izango da jokoan. Zaragoza eta Osasuna, hamabina punturekin, berdinduta daude sailkapenean une honetan. Jaitsiera postuak bost puntura dituzte oraindik, baina postu arriskutsuetatik erabat aldendu ezinda dabiltza. Gaur arratsaldeko partidak bi taldeen etorkizuna argi dezake, onerako edo txarrerako. Irabazleak etorkizuna argiago ikusiko du, eta aurrerapauso polita emango du. Galtzaileak, ordea, urduritzen hasteko arrazoiak izango ditu, eta postu gaiztoenei begira jarri beharko du.

Azken lau partidetan ez du irabazi Osasunak, eta bolada txarrari amaiera eman nahi diote gorritxoek gaur Romaredan. Historikoki zelai zaila izan da gorritxoentzat -27 partidatan 18 aldiz galdu du Osasunak Lehen Mailan-, baina Zaragoza igo berria dela ahazterik ez dago; hala ere, kalitate handiko taldea du, eta ez dirudi ezinezkoa Marcelino Garcia Toralek zuzentzen duen taldeak atsekabe bat ematea. Hori bai, Romaredan denboraldi honetan jokatutako Ligako bost partidetatik bakarra galdu du Zaragozak -beste lau partidetatik hiru irabazi ditu, eta beste bat berdindu-. Etxetik kanpo partidarik irabazi ezinda dabil Zaragoza, baina etxean joko ikusgarririk egin ez arren, puntuak batzen ari da. Erronka gogorra du, beraz, Jose Antonio Camachoren taldeak.

Camachok ez du uste azken emaitza txarren ostean bere taldeko jokalarien aldartea egoera txarrean geratu denik, baina baloia oinetan dutenean freskotasuna galdu dutela onartu zuen atzo. Hori bai, derrigorrean egin beharrekoak izan arren, aldaketa asko egingo ditu hasierako hamaikakoan, eta jokatzeko aukera duten ezohiko jokalariek Camachok faltan sumatzen duen freskotasun hori berreskuratzen lagundu ahal diote taldeari: Pandiani golegilearen hutsunea dela tarteko, Masud, Camuñas, Juanfran eta Aranda baloia oinetan dutenean min egiteko gai direla erakutsi beharrean dira, adibidez. Jokalari trebeak dira Arandaren atzetik ariko diren hirurak, eta azken partidetako joko zuzenaren ordez, baloia oinetan gehiago erabil dezake gaur talde gorritxoak.

Oier, berriz hasieratik

Zaragozari Romaredan aurre egiteko Osasuna hasierako hamaikakoan hiru aldaketa egin beharrean zela gauza jakina zen. Bizkarrezurra faltako du Osasunak, Miguel Flañok, Puñalek eta Pandianik partida bateko zigorra bete behar baitute. Haien ordez, Sergio, Ruper eta Masud ariko dira. Baina derrigorrezko hiru aldaketez gain, beste bat ere egingo du Camachok: Monreal min hartuta dago, eta Valentziaren aurka haren ordez Calleja jarri bazuen ere, gaur Oier Sanjurjoren alde egingo du ezker hegalerako. Lizarrako atzelari gazteak iragan sasoian erakutsi zion Camachori ezkerra ez izanagatik postu horretan maila onean joka dezakeela, eta Oierrek ez du beste aukera hau alferrik galdu nahi.

Bestalde, Marcelinok ere buruhauste bat baino gehiago izan du aste honetan. Erasoan, esaterako, taldeko hiru aurrelariek arazoak dituzte: Ewerthon deialdian sartu zuen atzo entrenatzaileak, baina brasildarra aste osoan ez da ondo entrenatu, gripearekin egon baita. Arizmendi min hartuta dago, eta Brauliok lesio larria gainditu berri du. Biak deialditik kanpo utzi zituen atzo Marcelinok. Hala, Lafitak eta Abel Aguilarrek hartu beharko dute erantzukizuna Zaragozaren erasoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.