Aurkaria ito nahi du

Larri dabiltza Zaragoza eta Jose Aurelio Gay, eta Athleticek azken kolpea eman gura die, gaur San Mamesen mendean hartuta

haritz gallastegi
Bilbo
2010eko urriaren 17a
00:00
Entzun
Ligako sei onenen artean sailkatu gura duen talde batek gauza asko egin behar ditu ondo. Osoa eta sendoa izan behar du. Beraz, taldeko izar batek defentsan «hobetu» behar dutela eta ezin dutela «oparirik» egin esaten duenean, kezkatu beharra dago. Javi Martinezek eman zuen Athleticek sasoi hasieran izan dituen gabezien berri. Bistan da gauzak dezente aldatu beharko direla sailkapenean gora egin eta ligako talde indartsuenen artera gerturatzeko.

Athleticen jokoak badauka zer hobetu. Eta egindako jokoarekin zerikusi zuzena izan dute emaitzek. Lehen sei jardunaldietako emaitzak esanguratsuak izan dira oso. Etxean jokatutako hiru neurketetan puntu bi eskuratu izana argigarria da oso. Zaleen babesa ezinbestekoa duen talde batek San Mamesen huts egin izana kezkagarria da. Talde sendoek, txarto jokatuta ere, sarri irabazten dituzte etxeko neurketak.

Bestalde, porrotak dira aztertu beharrekoak. Atletico Madrilen, Bartzelonaren eta Valentziaren kontra galdu dute zuri-gorriek. Hiru taldeak dira Europarako sailkatzeko hautagai sendoak. Eta baliteke hirurek eskuratzea Txapeldunen Ligarako txartela. Beraz, bistan da Athletici zerbait falta zaiola puntan dauden taldeen mailara ailegatzeko.

«Talde horiek duten indar ekonomikoa aintzat hartuta, normala da gure gainetik egotea. Hala ere, gu talde lehiakorra gara eta edozeini egin diezaiokegu aurre», esan zuen Ustaritz Aldekoaotalorak. 32 jardunaldi ditu Athleticek hori erakusteko. Baina gauza bat argi dago: tarte horretan ezin du arazoetan dauden taldeen kontra huts egin; gaurko aurkariaren kontra, esaterako. Jose Aurelio Gayk zuzentzen duen taldea, Zaragoza, krisi sakonean murgilduta dago. Sekulako zailtasunak ditu zulotik irteteko, eta zaleek pazientzia galdu dutela dirudi. Eta jakinekoa da horrelako talde bati ezin zaiola arnasa hartzen utzi. Zenbat eta lehenago ito, orduan eta hobe. Horrela gertatzen ez bada, baliteke zale zuri-gorriak izatea urduritzen hasiko direnak.

Athletic lehen minututik ahaleginduko da aurkaria estu hartzen. Ohiko erritmo bizi eta grinarekin zelairatuko dira jokalari zuri-gorriak. Eta, lasai aritzeko, lehen minutuetan sartu gura dute aurreneko gola. Horretarako, talde erasokorra zelairatuko du Joaquin Caparrosek. Sarritan aurpegiratu diote Athleticeko entrenatzaileari arrisku gutxi hartu zalea dela. Gurago izaten duela aurkariaren hutsaren zain egon, lehen minututik hiru puntuen bila joan baino. Ba, gaur futbolari zuzen eta lotsagabeen alde egingo du entrenatzaile espainiarrak. Hegaletan nabarituko da gehien entrenatzailearen estrategia aldaketa. Igor Gabilondok eta Carlos Gurpegik Iker Muniaini eta Markel Susaetari utziko diete lekua -Andosillakoa euskarrian ariko da-. Jokoaren gidaritza izanez gero, futbolari aproposak dira aurkariaren arean min egiteko. Eta pentsatzeko da Zaragozak ez duela aparteko arriskurik hartuko. Ez behintzat neurketaren hasieran.

Begi asko Llorenteri begira

Fernando Llorente egongo da hegalekoek egiten duten jokoari etekina ateratzeko prest. Athleticen erreferentzia nagusia guztien ahotan dago Espainiako selekzioarekin jokatutako azken bi partidetan hiru gol sartu ondoren. Lehen aurkarien buruko min nagusia bazen, pentsatzeko da orain are eta gertuagotik zaintzen ahaleginduko direla. Hala, Llorenteri zaintza berezia egiten baldin badiote, Gaizka Toquerori egokituko zaio zuloak baliatzea. Aurrelari gasteiztarra ezinbestekoa da Athleticen jokoan. Taldeko lehen defentsa izateaz gain, taldekideek ikaragarri eskertzen duten haren gaitasun fisikoa eta mugikortasuna. Irteera ematen dio Athleticen erasoko jokoari. Ohiko lanari ate aurrean eraginkortasuna gehitu beharko dio Toquerok. Atzealdean, berriz, Ustaritz Mikel San Joseren ondoan ariko da, eta Koikili ezker hegalean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.