Anaitz Arbilla. Eibarreko jokalaria

«Aurkariek errespetua diote Eibarri orain»

Txantrean hasi, Athleticeko harrobira joan, Espainiako maila apaletan aritu, eta azkenean, Lehen Mailara heldu zen atzelari nafarra 2013ko neguan. Elitean da ordutik, Eibarren azken udatik, «gozatzen».

GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Aitor Manterola Garate.
Arrasate
2016ko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Izerdi asko botata lortu du Anaitz Arbillak (Iruñea, 1987) umetako ametsa betetzea: Lehen Mailan jokatzea. Berak lortu du lortu duen guztia, inork ezer oparitu gabe. Eibarren hamaikakoan ere horrela lortu du lekua, eta ez dago irabazitakoa galtzeko prest.

Taldea une onean dago, eta zu zeu ere bai.

Garrantzitsuena taldea da, eta oso pozik eta lasai gaude. Badakigu segi egin behar dugula horrela, une txarrak etorriko direlako. Emaitza bolada onean gaude. Konfiantzarekin gaude, eta asko balio du horrek.

Zu hamaikakoan azaldu eta taldea ondo jokatzen hastea dena bat izan al da?

[Barrez]. Kasualitatea izan da. Oso gustura ari gara, eta talde handien aurka ere erakutsi dugu gai garela euren aurka ondo lehiatzeko. Niretzat oso garrantzitsua da horrelako taldeen aurka ondo aritzea. Gainera, aurkariek beste begi batzuekin begiratzen digute orain, errespetuz, eta hori ona da guretzat.

Ondo aritzeak ez du esan nahi, baina, hobetzeko ezer ez duenik Eibarrek. Zer da hobetu beharreko hori?

Bigarren zatietan ez gara ari aurrenekoetan bezain ondo jokatzen. Gola azkar sartzen ari gara, eta emaitza gordetzen hasten gara gero, atzerago sartuta. Hobetu egin behar dugu horretan.

Atzean sartzea ez da, bada, Eibarren estiloa orain.

Ez da, ez. Oso jokalari onak dauzkagu aurrean, eta oso langileak. Atzekooi asko laguntzen digu horrek, eta erraztu egiten digu gorantz joatea. Denok dakigu zer egin behar dugun, eta funtsezkoa da denok bide berean joatea.

Zuk zer nahiago duzu: estilo zehatz bat lantzea eta horrela jokatzea, edo, adibidez, aldatzen edo moldatzen ibiltzea aurkariaren arabera?

Talde osoak jakin behar du zertara ari garen jokatzen, eta denok garbi eduki behar dugu hori dela biderik onena.

Athleticen aurkako derbia duzue bihar. Bertako harrobian ibilitakoa izanda, zer da Athletic zuretzat?

Bost urte polit izan ziren bertan, baina bizitzak beste bide batzuk hartzera eraman ninduen. Nire taldea izango da beti Athletic. Jokalari eta pertsona bezala hazi egin nintzen bertan. Berezia da niretzat.

Zu futbolean hasi, Txantrean hasi zinen, baina.

Hala da. Athleticera hamar-hamabi mutiko batera joan ginen bertatik. Oso une polita izan zen, ikusi zelako Txantrea lan ona ari zela egiten.

Beste nafar bat izan dezakezu aurrez aurre: Iker Muniain.

Lehendabizi jokatu egin behar, eta jokatzen badut, ea nor jartzen didaten aurrean. Aduriz eta Raul Garcia faltako dituzte, eta oso jokalari garrantzitsuak dira. Guk gure estiloarekin jokatuko dugu, eta ea zer gertatzen den.

Bigarren B Mailan jokatu eta gero heldu zinen Lehen Mailara, Rayorekin. Lana ondo eginez, saria lor daiteke, ezta?

Ez da erraza. Athleticen bigarren taldera heldu nintzen, baina denentzat ez dago lekurik lehen taldean. Beste bide bat da maila apaletan segi, eta hortik saiatzea. Ejidora joan nintzen, eta beste talde batzuetan aritu eta gero, urte batzuen buruan, Lehen Mailan jokatzea lortu nuen. Bost denboraldi daramatzat elitean.

Zer pentsatu zenuen aurreko udan Eibarrek fitxatzeko asmoz deitu zizunean?

Beti egon izan da Eibar hor, baita kanpora joan nintzen garaian ere. Aukera hori askotan izan dut hor, baina beste bide batzuk hartu nituen momentu haietan. Orain hemen nago, etxean, 29 urte dauzkat, eta ez naiz damutzen egindako bideaz.

Kluba inoizko une onenean dago, gainera.

Ez naiz etorri hona etxera itzultzeko. Etorri naiz ikusi dudalako Eibar hazten ari dela. Jokalari ezagunak fitxatzen ditu orain, eta aurrerapausoak ematen ari da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.