Jon Errasti. Eibarko jokalaria

«Aurkariek ez gaituzte beldurtzen »

Eibar Lehen Mailan aritzea taldeko kideren batentzat berezia bada, Jon Errastirentzat da. Taldeko eibartar bakarra ametsa betetzear da, eta gogoa eta ilusioa aipatu ditu oinarri gisa.

Aitor Manterola Garate.
2014ko abuztuaren 24a
00:00
Entzun
Joan zen denboraldia amaitzeko asko falta ez zela, hauxe aitortu zion Jon Errastik (Eibar, 1988) BERRIAri: «Lehen Mailan jokatzea ametsa betetzea litzateke niretzat». Gaur hasiko da ametsa gauzatzen; non, eta bere herriko taldean, eta Ipuruan.

Iritsi da eguna. Eibar Lehen Mailan debuta egitera doa, eta zu zara taldeko eibartar bakarra. Zer sentitzen duzu?

Gauza asko pasatu zaizkit burutik aste honetan. Partida historikoa da guretzat eta zaleentzat. Kasualitatea da Reala izatea aurreneko aurkaria, eta uste dut beste osagai bat dela partida hau are erakargarriagoa egiteko.

Derbia eta festa giroa, bai; baina zelaian jo eta su ibiliko beharko duzue.

Hori da. Partidaren inguruko beste osagai guztiak politak dira, baina, azkenean, partida ofiziala da, eta hiru puntu daude jokoan. Gure zaleen aurrean itxura ona eman nahi dugu, eta garaipena eskaini nahi diegu.

Lehen Mailan berriak zarete, eta horrek dakarren oihartzun mediatiko neurriz kanpokoa ariko zarete ezagutzen egun hauetan. Errazagoa al da arreta galtzea jokalarientzat Lehen Mailan?

Eguneroko lanean ez dira gauzak aldatu. Gaizkak [Gaizka Garitano entrenatzailea] badaki nola bideratu futbolaren inguruan mugitzen den hori guztia; eta entrenamenduetan, indar handiz entrenatzen dihardugu orain ere. Berak asko eskatzen du. Egia da entrenamenduz kanpo handiagoa dela komunikabideen itzala eta lan saioak ikustera ere gero eta jende gehiago joaten dela, baina gu erabat kontzentratuak gaude.

Reala aurkari izatea berezia izango da zuretzat, bederatzi urtez izan zinelako Realean.

Bai, oso berezia da. Reala eta Zubieta nire bigarren etxea dira, familiakotzat hartzen ditut, eta oso ondo zaindu ninduten han. Jokalari eta pertsona gisa hazten lagundu zidan Realak, eta beti egongo naiz eskertuta. Igandetik aurrera, onena opa diot, baina hiru puntuak Eibarren geratu behar dira, nahi eta nahi ez.

Betiko esaldi bat da, baina ondo hastea oso garrantzitsua da igo berri batentzat?

Esperientzia berria da guretzat, eta zaleak motibazio handiagoarekin egongo dira. Baliteke esperientzia falta izatea Lehen Mailan lehiatzeko, baina ilusioarekin berdinduko dugu hutsune hori. Etorkizunera luze begiratzea ez da ona, ez dakigu zer gertatuko den maiatzean edo ekainean, eta oso garbi daukagu astez aste joan behar dugula. Bide horretan, Reala daukagu buruan.

Kezka handien esperientzia faltak ematen dizue?

Kezka ez da. Azkenean, badakigu goren mailan gaudela eta kalitate handiko jokalariak daudela. Horrek geure buruari gehiago eskatzea ekarriko digu, eta errespetua diegu aurkariei, jakina. Baina beldurrik batere ez. Futbolean, ez da beldurra existitzen, eta, gure kasuan, are gutxiago.

Aurkarien inguruko informazio gehiago ari zarete jasotzen orain, zuk esan duzun horregatik, hobeak direlako?

Gaizkari kontu txiki guztiak kontrolatuta izatea gustatzen zaio. Esaten digu oso berdindua dagoela futbola, eta kontu txiki horiek erabakitzen dituztela partidak. Lehen Mailan egonik, kontu txiki horiek garrantzi handiagoa izango dute. Gaizka entrenatzaile erabatekoa da, oso ongi zaintzen ditu gauza horiek denak,eta eman dizkigu datu batzuk Realaren inguruan; landu ditugu aste barruko entrenamenduetan.

Realak ez bezala, zuek aste osoa daramazue derbia prestatzen. Zuen aldeko izango da hori?

Realak beste partida bat izan arren aste barruan, ez dut uste erabakigarria izango denik, eskarmentua dutelako aste barruan bizpahiru partida jokatzen. Eta oso jokalari onak dauzka. Ez dute arazorik izango gure aurkakoa ondo prestatzeko, eta, osteguneko garaipenarekin, konfiantzaz gainezka etorriko dira.

Nolakoa izango da Eibarren jokoa denboraldi honetan?

Badakigu gure ezaugarri garrantzitsuak zein diren, eta egunerokolanean saiatzen gara okerrak zuzentzen. Bi denboraldi hauetan ikusi dugun Eibar izango da aurtengoa: indar handiz jokatzen duen taldea da, eta baloia erabiltzea gustatzen zaiona. Eta, batez ere, beste taldeen aurka hozka egitera aterako den taldea.

Hozka egite horrek Ipuruara darama pentsamendua.

Ipuruan halako Eibar izango gara, baina baita etxetik kanpo ere.

Iruditzen zaizu Ipuruaren ezaugarriek eragingo dutela aurkariak errespetu handiz etortzea?

Ikusi egin beharko da. Talde bakoitzak bere helburuak izango ditu denboraldian osoan. Taldeek badakite Ipurua ez dela zelai erraza, eta, guretzat, hobe da taldeak atzean ez sartzera etortzea, hobeto aritu izan garelako halakoetan. Baina gauzak ez dira errazak izango Ipuruan ere, oso talde onak daudelako.

Urtero bezala, taldea osatu gabe duzue denboraldia hastera doala. Taldeari eragiten al dio?

Badakigu zein garen, eta berriak taldera egokitzen saiatzen ari gara. Jende ona da, eta ondo ari gara horretan. Realaren aurka jokatzeko gaudenak gaude, eta dena ematera atera behar dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.