Hirutik bi. Eta ez da azkena izango. Marcel Kittelek (Giant Shimano) nahi izan duen moduan irabazi du Tourreko hirugarren etapa, Londresen, esprintean. Taldearen lana dotore biribilduta, esprinterren artean nagusi dela berretsi du alemaniarrak. Mark Cavendish (Omega) eta Sacha Modolo (Lampre) etxean direla, eta Arnaud Demare (FDJ.fr) eta Andre Greipel (Lotto) erabat itzalean dabiltzala, inor ez da gai Kittelen parera iristeko. Alemaniarraren gurpilari pega-pega eginda jarri bai, baina Peter Sagan bera ere (Cannondale) ezinean geratu da azken zuzengunean, Mark Renshaw (Omega) eta Bryan Coquarden (Europcar) modu berean. Aurretik, Jan Barta (NetApp-Endura) eta Jean Marc Bideau (Bretagne) ibili dira ihes eginda, eta helmugara iristeko sei kilometro eskas falta zirela etsi du Bartak —pare bat kilometro lehenago harrapatu dute Bideau—.
Sailkapen nagusian ez da izan aldaketarik, eta Vincenzo Nibali (Astana) abiatuko da bihar ere liderraren maillotarekin. Le Touqueten hasi eta Lillen amaitu, 163,5 kilometro dauzka etapak, eta laugarren mailako bi igoera txiki besterik ez daude ibilbidean. Ondo bidean, hirugarren garaipena eskuratzeko aukera ona izango du Kittelek.