Otsoa aipatu, eta otsoa azaldu zaio Bidasoari EHF Europako Ligan. Gaur zozkatu dute lehiaketa horretako lehen kanporaketa, eta Irungo (Gipuzkoa) taldeari Pays d'Aix Frantziako talde indartsua egokitu zaio. Kanporaketako partiden ordenan, behintzat, zortea izan dute alde irundarrek, etxetik kanpo jokatuko baitute lehen partida, abuztuaren 29an, eta, itzulikoa, Artalekun, astebete geroago, irailaren 5ean.
Talde indartsua da Pays d'Aix. Aurreko denboraldian, Frantziako Liga eten zenean, seigarren postuan zen sailkapenean. Postu berberean amaitu zuen 2018-2019ko sasoian, eta bosgarren aurrekoan. Horri esker, hirugarrenez jarraian ariko da Europako lehiaketa batean. Azken parte hartzean, bigarren zen EHF kopako ligaxkan, lehia bertan behera geratu zenean. Jerome Fernandez jokalari ohia da taldeko entrenatzailea, eta jokalarien artean bi euskal herritar daude: Imanol Garziandia eskuin alboko urretxuarra eta Iñaki Peciña pibote irundarra.