Aurkezpenen eguna izan zen atzokoa Athleticen eta Realean. Talde zuri-gorrian, Aritz Adurizek eta Ismael Lopezek berriro jantzi zuten Athleticen elastikoa —Adurizek hirugarren aldia du Bilbon, eta Ismael Lopezek, bigarrena—. Talde txuri-urdinean, berriz, Gonzalo Castro Chory-k lehen aldiz jantzi zuen Realaren elastikoa.
«Nire kirol ibilbideko unerik onenean nago. Mallorcan eta Valentzian egin ditudan lau urteak oso onak izan dira arlo guztietan», esan du Adurizek. Aurrelari donostiarrak aitortu du «oso zail» ikusten zuela berriro Athleticera itzultzea eta «ezohikoa» dela talde berean hirugarren aldia hastea baina «harro» dagoela berriro Bilbora itzultzeaz eta «laguntzera, batzera eta Fernando Llorenteren gisako mundu mailako jokalari batekin lehiatzera» datorrela. Hiru urterako sinatu du. Beraz, 34 urte izango ditu kontratua amaitzean. Adurizek, hala ere, argi utzi du ez datorrela «inondik inora Athleticen erretiroa hartzera» eta bai «gauza asko eskaintzera».
Ismael Lopez ere «pozik» azaldu da bi urte geroago, Athleticera itzultzeagatik. Hark ere azpimarratu du «asko» ikasi duela Zaragoza B-n eta Lugon jokatuz eta «orain bai» badagoela prest Athleticen jokatzeko. Adurizen eta Ismael Lopezen aurkezpenean izan zen Josu Urrutia. Presidenteak ez zuen argitu nahi izan beste inor fitxatuko duten edo ez.
Realean, berriz, Chory Castro lehen aldiz azaldu da zaleen aurrean, Anoetan. Erdilari uruguaitarrak azpimarratu du eskaintza bat baino gehiago izan zuen arren «argi» zuela Realera joan nahi zuela. «Eskerrak eman nahi dizkiot klubari aukera honengatik. Proiektu honen kide izan nahi dut, eta arrastoa utzi. Ea zaleei poz asko ematen dizkiogun». Helburuez galdetuta, Chory Castrok esan du «mailari eustea» dela asmoa baina «beste zerbaitengatik borrokatzeko modukoa» dela taldea. Jokin Aperribaik, berriz, gezurtatu egin du gertu dagoenik Carlos Vela fitxatzeko akordioa.
Arribas, Osasunara
Osasunak, berriz, hirugarren jokalaria fitxatu zuen atzo: Alejandro Arribas. Erdiko atzelari espainiarrak hiru sasoirako sinatu du. Iruñeko taldeak ez dio ezer ordainduko Rayori, haren talde ohiari, Arribasi sasoi amaieran bukatu baitzitzaion kontratua. Arribasek 23 urte ditu, 1,85 metro da luze, eta azken sasoian 34 lehia jokatu zituen. Gol bat ere sartu zuen. Uztailaren 10ean ezagutuko ditu taldekide berriak, orduan hasiko baitu Osasunak denboraldi-aurrea.
Aurkezpenen eguna
Adurizek eta Ismael Lopezek berriro jantzi dute Athleticen elastikoa, eta Castrok, lehen aldiz Realekoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu