Aurpegi berriak finalerdietan

Haas alemaniarra eta Gonzalez txiletarra sailkatu dira, Davidenko eta Nadal kanpoan utzita

enekoitz telleria sarriegi
2007ko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun
Australiako Irekiko finalerdiak zehaztuta gelditu dira, eta gaur jokatuko dira bat ez beste partida guztiak. Azken txanpan sartu da denboraldiko aurreneko grand slam torneoa, eta aspaldian horren urruti iritsi gabekoekin sartu ere. Tommy Haas eta Fernando Gonzalez aurreneko aldiz ariko dira elkarren kontra finalerdietan -Haas 1999an eta 2002an iritsi zen finalerdietara, baina Gonzalez aurreneko aldiz ariko da-, eta Nicole Vaidisova ere azken-aurrekoetara inoiz iritsi gabekoa da aurretik emakumezkoetan. Beste bostek (Roger Federer, Andy Roddick, Maria Sharapova, Kim Clijsters eta Serena Williams) badute jada eskarmentua horretan.

Tommy Haasek eman zuen atzo jardunaldiko aurreneko ezustekoa. Bai behintzat zerrendaburu postuei erreparatuta, Nikolai Davidenko kontrarioa hirugarren zerrendaburua zelako Australian, eta Haas bera hamabigarrena. Gorabeheraz betetako bost set jokatu zituzten. Ez dira partidak luzatu eta defentsan nabarmentzen diren jokalari horietakoak. Zirt edo zart egitearen aldekoak dira gehiago, eta partidaren bilakaerari begiratzea besterik ez horretaz ohartzeko (6-3, 2-6, 1-6, 6-1 eta 7-5). Hobeto eutsi zion azken tantoen tentsioari Haasek, nahiz eta kontrarioak partida irabazteko aukera izan zuen eskura. Huts gutxiago egin zituen Haasek eta gehiagotan asmatu. Finalerdietan aritzea sekulako lorpena da 30 urteko alemaniarrarentzat. Pista azkarretan bikain moldatzen den tenislaria da, baina jada onenak emanda zegoela zirudien. Gonzalezen kontra grand slameko bere aurreneko finala jokatzeko aukera izango du. Finalerdietaraino Australiako Irekian bakarrik iritsi da.

Eta Fernando Gonzalez haren kontrarioa grand slam bateko finalerdietara iritsi den aurreneko tenislari txiletarra da atzodanik. Irabazi duen modua eta nori irabazi dion kontuan hartuta, oso aintzat hartzekoa da haren hautagaitza finalerako. Rafael Nadal bigarren zerrendaburua kanporatu zuen atzo. Sake bortitza eta eskuin kolpe zitala. Horiek izan ziren haren bi argudio nagusiak. 2004ko AEBetako Irekian Andy Roddickek irabazi zionetik zegoen Nadal hiru setetan partidarik galdu gabe, eta atzokoa galdu zuen (6-2, 6-4 eta 6-3). Nadalek argitu zuenez min hartuta ekin zion partidari, eta ezinean aritu zen gero. Final-zortzirenetan Murrayren kontra jokatutako partidan hartu zuen min nonbait ipurtaldean eta iskiotibialetan. «Grand slambateko final-laurdenak zirelako irten naiz kantxara», argitu zuen Nadalek. «Uneoro ikusi dut nik korrika», zirikatu zuen Gonzalezek.



SHARAPOVA LEHEN POSTURA BUELTAN. Ez zen ezustekorik izan emakumezkoen lehiaketan. Mari Sharapova eta Kim Clijsters sailkatu ziren finalerdietarako, eta elkarren kontra jokatuko dute finalean sartzeko txartela. Anna Txakvetadze herrikideari irabazi zion atzo estu eta larri Sharapova errusiarrak (7-6 eta 7-5), eta WTA zerrendako lehen postura bueltatuko da astelehenean, hemendik aurrera gertatzen dena geratuta ere. Justine Henin-Hardennek ez du Australian bere lehen postua defendatzerik izan -heldu den hilabetean, Parisko Gaz Irekian bueltatuko dela iragarri du-, eta Sharapova jarriko da horrenbestez lehen postu horretan.

Kim Clijstersek Martina Hingisi irabazi zion atzo (3-6, 6-4 eta 6-3). Munduko tenislari onenak izandakoak dira biak, Melbournen bertan finala jokatutakoak biak, eta lagun minak biak. Apustua egina zuten partida hasi aurretik, eta Clijstersentzat izango da jokoan jarritakoa. Lehen seta galdu arren, ez zen sekula urduri jarri, eta bere prestakuntza fisiko bikainari esker atera zuen partida aurrera. Denboraldi hasiera bikaina ari da egiten, eta litekeena da azkena izatea, Bryan Lynch saskibaloi jokalariarekin ezkondu eta ekain aldera erretiroa hartuko duela iragarri baitu egunotan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.