Aurpegi ona behar du

Erronka handia izango du bihar iluntzean Realak (20:00), etxetik kanpo jokatuko duelako Zaragoza aurkari zuzenaren aurkaSailkapenean azken postuan dagoen arren, arriskutsua da Realaren biharko kontrarioa

Xabi Prieto, orain bi aste, Valentziari sartutako gola ospatzen; ondoren 1-2 galdu zuen Realak. ANDONI CANELLADA / ARP.
Xabier Lopetegi.
Donostia
2011ko urtarrilaren 2a
00:00
Entzun
Realak bi aurpegi izan ditu orain arte etxetik kanpo: denboraldi hasierakoa bata, txarra; eta azken boladan erakutsitakoa bestea, hobea. Aurreneko hori dela medio, taldeak kale egin zuen Iruñean, Mallorcan eta Valentzian, Levanteren aurka. Hirurak ziren aurkari zuzenak, eta, horrenbestez, garrantzi handiko lehiak, gorputz eta arima jokatu beharrekoak. Baina indar gabe aritu zen Reala, motel, eta esku-hutsik gelditu zen. Azken jardunaldietan, aldiz, indartsuago aritu da etxetik at: Bartzelonako porrota alde batera utzita, balio handiko garaipenak erdietsi zituen Malagan eta Gijonen. Eta Alacanten ere, galdu arren, askoz gehiago merezi izan zuen. Maila on horri eutsi beharko dio aurrerantzean, gaurtik hasita.

Arrazoi ugari ditu horretarako. Hasteko, emaitza on bat behar duelako azken bi partidak galdu ostean. Valentziaren aurkako porrota, gainera, min ematen dutenetakoa izan zen. Gutxienez puntu bat lortzeko merituak egin zituen Realak, baina okerrak garesti ordaintzen dira futbolean, luzapenean egiten badira, batez ere. Pentsatzekoa da jokalariek buelta emango ziotela duela bi aste jasotako kolpe gogor horri, baina konfiantza berreskuratzeko modurik onena Zaragozan irabaztea da. Egutegi malkartsua datorkio taldeari: Sevilla, Getafe eta Vila-reali egin beharko die aurre. Datozen lau partidetatik hiru etxetik kanpo jokatu beharko ditu, gainera. Horregatik da hain garrantzitsua aurpegi onari eustea.

Azken sailkatua da Zaragoza, hamar punturekin. Hamabi ateratzen dizkio Realak. Hala ere, hanka-sartze handia izango litzateke biak borroka desberdinetan dabiltzala pentsatzea. Lehen Mailara askok uste baino hobeto egokitu bada ere, mailari eustea da Realaren helburu bakarra. Zenbat eta tarte handiagoarekin, hobeto. Sekulako lorpena izango litzateke denboraldi lasaia edukitzea, eta, horretarako, aurrerapauso ederra izan daiteke Zaragoza hamabost puntura uztea. Hiru jardunaldi gelditzen dira lehen itzulia bukatzeko, eta taldeak ikaragarri eskertuko ditu tarte horretan bildutako puntuak, bigarren itzulia luze egiten delako; eta beti eduki behar delako gogoan gauzek okerrera egin dezaketela, lesioak edo gorabeherak tarteko.

Markel Rivasen ordez

Martin Lasartek ezingo du zelairatu orain arte gehien erabili duen euskarria. Hamasei partidetatik hamabost jokatu ditu Rivasek, bat ez, beste guztiak hasieratik. Gabezi zehatzak ditu, jokalari guztiek bezala, baina bere eginbeharretan ez du parekorik, eta kosta egiten da ulertzea klubak bere kontratua berritzeko asmo handirik ez izatea. Aldaketarik logikoena Markelena da. Malagan irabazitako norgehiagokan lan ederra egin zuen, baina min hartu zuen gero. Indarrak behar bezala neurtzea falta zaio batzuetan, baina ondo aritzen denean distira handiko defentsa euskarria da. Gainerakoan, ez da aldaketa handirik espero. Asko hitz egin da Agirretxeren etorkizunaz, baina deialdian sartuko da, ziurrenik.

Azkena izan arren, Zaragoza gutxiestea oker handia izan daiteke. Egia da partida bakarra irabazi duela eta golak sartzeko arazoak dituela. Baina zazpi partida berdindu ditu, eta 27 gol sartu dizkiote, Sevillari edo Athletici bezala, eta Realari baino bakar bat gehiago, esaterako. Joan den sasoian bezala, liga hasiera kaskarra egin du. Orduan, neguko azokan xahututako dirutzari esker eutsi zion mailari, baina orain ezingo du gauza bera egin, 107 milioi euroko zorra pilatu baitu klubak. Javier Aguirrek Gay ordezkatu zuen aulkian orain bost jardunaldi, baina oraindik ez du irabazi. Lerro guztietan dituen jokalariei erreparatuta, ordea, taula erdian edo erditik gora egoteko moduko taldea dirudi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.