Aurpegi onik ba al dauka?

Yeste hasierako hamaikakotik kenduta, sasoiko lehen partida irabazi gura du Caparrosek, Valladoliden aurka, etxean

haritz gallastegi
2008ko irailaren 21a
00:00
Entzun
Espainiako Ligako jardunaldi bi jokatu dira. Beraz, Athleticek bi neurketa jokatu ditu. Biak txarto. Bi norgehiagoken artean badago alde txiki bat, ordea. Lehen neurketa etxean jokatu eta galdu egin zuen. Bigarrena, berriz, kanpoan izan zen, ez zuen golik jaso eta puntu bat lortu zuen. Jakinekoa da azken emaitzak eragin zuzena izaten duela partidaren balorazioa egiteko orduan. Eta talde zuri-gorriaren kasuan ere, hala izaten da. Gehienen ustez, hobea izan zen bigarren neurketa lehena baino. Hori esateko baleko argudioak falta dituzte, ordea.

Zertan hobetu zuen Caparrosen taldeak? Neurketa biak patxadaz aztertuz gero, baliteke Rosaledan ikusitako Athleticek Almeriaren aurkakoak baino akats gehiago egin izana. Batetik, aurkari biak andaluziarrak (Espainia) izan arren, egun ez baita gauza bera Almeriaren aurka aritzea edo Malagaren kontra jokatzea. Gonzalo Arkonadaren taldea egina dago. Talde sendo eta arriskutsua da. Malaga, berriz, mailaz jaisteko hautagai nagusien artean dago. Bada, Athleticek ez zuen Rosaledan Almeriaren aurka baino gauza gehiago egin. Malagak aukera argi bakarra izan zuela? Muga asko dituen talde batek zelai eskas baten gainean jokatuta bada zerbait.

Athleticek hori ere ez zuen egin. Baleko ordu laurdena jokatu eta beste ezer ez. Beharbada Malagako agintariak lasaituko zituen. Gutxienez euren taldearen mailako beste bat badagoela pentsatuko dute orain Fernando Sanz eta enparauek. Athleticen txapelketa hasiera txarra izan dela jakiteko ez dago futbol aditua izan beharrik. Eta inork zalantza izanez gero, jokalariek astean zehar egiten dituzten adierazpenei erreparatzea baino gauza hoberik ez dago. «Liga hasiera ez da oso ona izan», esan zuen Etxeberriak ostegunean. Ostiralean David Lopez eta Iraola agertu ziren hedabideen aurrean. «Badakigu nola gauden eta zertan hobetu behar dugun. Atzealdean akats gutxiago egin behar ditugu eta oldarkorrago jokatu behar dugu», zioen errioxarrak. Iraolak antzeko kontuak aipatu zituen. «Hobeto presionatu behar dugu. Halaber, baloiaren jabetza gehiago izan behar dugu».

Talde zuri-gorriko jokalariek esandakoek argi eta garbi erakusten dute zein maila eman duen Athleticek denboraldi hasieran. Gauza asko dutela hobetzeko ere argitu dute. Ildo horretan, baloiaren jabetza izatea ezinbestekoa izango da Valladolidi aurre egiteko. Etxean jokatzen duen taldeak derrigorrean izan behar du argitasuna baloiaren jabe denean. Bestela jai du. Are eta gehiago presio ikaragarria egiten duen Mendilibarren taldearen kontra.

Lan horretarako ezinbestekoak dira Iturraspe eta Yeste. Bada, litekeena da biak aulkian geratzea. Yestek ez duela jokatuko argi dago. Caparrosek bi aurrelari peto zelairatuko ditu. Jon Velez ariko da Llorenteren ondoan. Nafarrak ondo baliatu ditu orain arte izandako aukerak. Baina lotura lanak egingo dituen futbolari barik gaitza da asmatzea aurrelariek nola erakutsiko duten euren balioa. Yeste da horretarako Athleticek duen futbolaririk onena. Ez dago puntuan, baina orain arte Athleticek erakutsi duen apurra bere botetatik irten da.

Bestalde, baliteke Iturraspek ere aulkitik ikusi behar izatea neurketaren hasiera. Gurpegik aurrea hartu diola dirudi. Hala ere, Caparrosek ez du bere erabakiaren berri emango azken unera arte. Ondorioz, baloiarekin argitasun apur bat duten bi jokalariak kenduta, ikusteko dago zer egiteko gai izango den Athletic.

Atzealdean zalantza gutxiago dago. Caparros Athleticeko teknikaria den bitartean, Iraolak, Ociok eta Amorebietak beti jokatuko dute. Baita herren badaude ere. Entrenatzailearen konfiantza osoa dute. Eta Balentziagak ere aukera paregabea dauka bere hiru taldekideen multzoan sartzeko. Malagan hasitako bideari jarraipena ematen badio, luzaroan jokatuko du.

Jokalari batzuek edo beste batzuek jokatu, Athleticek irabazi beharra dauka. Lasaitasuna eta konfiantza hartu, urri gogorrari patxadaz aurre egiteko. Horretarako, orain arte erakutsi ez duen aurpegiaren aldea erakutsi beharko du. Alde ona, alegia. Baina gauzak behar diren moduan egiten ez badituzte, ez da komeni inori txistu egitea. Jokalariek txaloak behar eta merezi dituzte. Partidetan behinik-behin. Bai Athleticekoek eta baita Luis Prietok ere. Valladoliden elastikoa defendatu arren, dimoztarra etxekoa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.