Mikel Balentziaga. Athleticeko jokalaria

«Aurreko denboraldiko freskotasuna falta zaigu»

Ligako lehen bost partidetatik lau galdu arren, ezker hegalekoak argi du Athleticek aurrera egingo duela. Zurrumurruei kasurik egin ez, eta futbolari gisa hobetzen ari da etengabe.

haritz gallastegi
Bilbo
2014ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Pozik dago Mikel Balentziaga (Zumarraga, Gipuzkoa, 1988). Gozatzen ari da. Lan asko egin behar izan du Athleticen atzealdeko ezker hegalean jarraitutasuna lortzeko. Ernesto Valverdek haren aldeko apustua egin du, eta hobetzen lagundu dio horrek. Hala ere, lanean jarraitu beharko du oraindik, Aitor Larrazabalek erretiroa hartu zuenetik nagusi argi bat izan ez duen postuan egonkortzeko. Okerrik ezean, Lehen Mailan sekula jokatu ez den derbi batean parte hartzeko aukera izango du gaur.

Kolpea hartu berritan zaudete. Min handia eman al dizue Vallecasko porrotak?

Min eman digu, bai. Laugarren porrota izan da, eta hori ez da inoren gustukoa. Baina ezin dugu etsi, aurreko denboraldiko talde bertsua daukagulako. Beraz, argi daukat egoera honi aurre egiteko moduan egongo garela. Ez dugu larritu behar.

Azken bi neurketetan, bi huts handiren ondorioz galdu duzue. Lehen Mailan ohikoak ez diren okerrak egin dituzue.

Denboraldi osoan talde guztiek egiten dituzte gisa horretako hutsak. Kontua da guk garesti ordaindu ditugula. Aurrera egin behar dugu. Guk geure buruarengan sinesten dugu. Iritsiko dira sasoi hobeak.

Zer ari zarete txarto egiten ligan jokatutako bost partidetatik lau galtzeko?

Aurreko denboraldiko freskotasuna falta zaigu. Ez gara txarto jokatzen ari. Vallecasen lehen zati txukuna egin genuen, baina atsedenaldiaren ostean behera egin genuen. Ez dut uste bide onetik oso aparte gaudenik.

Denbora kontua da, orduan? Zaleak ez du aparteko kezkarik izan behar?

Arduraz jokatzen dugu. Beraz, normala da kezka apur bat izatea. Hala ere, nik esango nuke haserrea sumatzen dudala taldekideen artean. Emaitza txarrek eragiten duten amorrua da, baina amaituko da bolada txarra.

Datorren astean Santiago Bernabeun ariko zaretela aintzat hartuta, Eibarren kontra garaipenak baino ez du balio.

Bai. Oso partida garrantzitsua da: asko daukagu jokoan.

Athleticen puntu premia eta antsietatea baliatzen ahaleginduko direla diote Eibarren.

Garaipenaren bila zelairatuko gara gu. Daukagun guztia emango dugu. Ni baikor naiz; garaipena lortzeko konfiantza daukat.

Eibar ondo egokitu da Lehen Mailara: ez du arazorik izan gorengo mailari neurria hartzeko.

Lehenengo bost jardunaldietan zazpi puntu lortu ditu. Gainera, neurketa onak jokatuta irabazitako puntuak izan dira. Ondo ari da lehiatzen.

Zerk kezkatzen zaitu gehien Gaizka Garitanok zuzentzen duen taldetik? Zein da Eibarren dohain nagusia?

Talde lana aipatuko nuke. Oso talde orekatua da Eibar. Oso zaila da haien aurka aukerak sortzea. Ez da erraza izango talde armagina mendean hartzea, baina konfiantza daukagu.

Athletic jo eta ke erasoan eta Eibar atzean bere aukeraren zain egongo den partida aurreikusten duzu?

Litekeena da hala izatea. Guretzat ez litzateke seinale txarra izango gisa horretako neurketa ateratzea. Oso gustuko dugu jokoaren ekimena izatea eta kontrarioaren area inguruan ibiltzea.

Aukera gutxi sortzen ari zaretela da, hain zuzen ere, Ernesto Valverderen kezka nagusietako bat. Aurreko denboraldian erraz iristen zineten aurkariaren ate ingurura.

Orain arte jokatu ditugun neurketetan izan ditugun gabezia nagusietako bat da hori. Lehenbailehen konpondu beharreko arazoa da.

Taldea ondo ari ez denean, ez da oso elegantea izaten norbere buruari begira egotea. Baina begi bistakoa da entrenatzailearentzat jokalari garrantzitsua zarela: partida guztiak ari zara jokatzen.

Oraintxe bertan, bigarren mailan utzi behar dugu bakoitzaren egoera pertsonala. Emaitzek laguntzen ez dutenean, talde lanak izaten du lehentasun guztia. Gauzak aldatu ahal izateko ahaleginean gastatu behar ditugu indar guztiak. Eibarren aurkako norgehiagoka aproposa da dinamika aldatzeko eta berriro ere ondo sentitzeko.

Astero-astero jokatzea da futbolari batek bere onena erakusteko errezetarik onena?

Zelaian egotea da jokalari guztion helburua. Konfiantza ematen du partidaz partida parte hartzeak. Baina lasaitzea izan daiteke horrelako egoera batean profesional batek egin dezakeen oker nagusia. Futbolean goitik behera aldatzen dira gauzak egun batetik bestera.

Athleticera itzuli zinenetik asko hazi zaren arren, Monrealen itzala hor dago oraindik ere. Nafarraren izena egunero agertzen da Athleticen berri ematen duten hedabideetan. Ohitu egin al zara, edo buruko minak eragiten dizkizu?

Ez dit inolako buruko minik eragiten. Futbolean ohikoak dira horrelako kontuak. Lasai egiten diet aurre horrelako zurrumurruei. Astero kontu horiei kasu egiten ibiliko bagina, erotu egingo ginateke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.