David Zurutuzak (Rochefort, Frantzia, 1986) memorian ongi gordeta dauka joan zen denboraldian Anoetan Bartzelonaren kontra gertatutakoa, besteak beste berak behartu zuelako hiru puntuak eskuratzeko penalti erabakigarria. «Gauzak asko aldatu» direnez, ez du adibidetzat hartzen. Teoria buruz daki: «Defentsan indartsuak izan behar dugu, eta eskuzabalak eta eraginkorrak erasoan. Erabakitasunez irten behar dugu». Azterketa gogorregia da, ordea. Hori bai, garbi dio Bartzelona «galga zanpatuta» zelairatuko dela Anoetara, Milanen itzal luzea begi bistan duelako. Itxaropenaren zirrikitua da.
Bartzelona entzute hutsak joan den denboraldikoa dakarkizue gogora nahitaez, ezta?
Bai. Ez dugu berehalakoan ahaztuko. Gure aurretik, Zaragozak ezustekoa eman zuen Bernabeun, eta berez estu eta larri baldin bageunden, atera kontuak nola geratu ginen horren ondotik. Jakinik, noski, noren kontra neurtu behar genituen indarrak. Zorionez, espero baino hobeto amaitu zen. Une horretan, gainera, helburua bete genuelakoan geratu ginen. Egun gogoangarria, bai.
Balio dizue erreferentziatzat?
Ezer gutxirako, egia esan. Gauzak dezente aldatu dira harrezkero. Entrenatzailea, beste era batera ari gara lanean…
Demagun film bateko gidoigilea zarela. Zer idatziko zenuke neurketa honetarako?
Joan den denboraldikoaren antzeko zerbait osatuko nuke. Ez da aukera makala. Osagai guztiak izan zituen: hasierako beldur eta urduritasunak, galtzen hasi, egoera korapilatu eta azkenean buelta etorri zen. Hori da bai ametsetako gidoia. Istorioa errepikatuko nuke.
Josep Guardiolak oso egun gutxi izan ditu neurketa prestatzeko, selekzioen partidak direla eta. Gainera, datorren asteartean Milanen kontrakoa dute. Ohituta egonagatik ere, zerbaitetan eragingo die?
Ohituta egongo dira, ziur. Neurketa mordoa jokatzen dute urte osoan, eta oso ondo, gainera. Onartu beharra dago ez dela berdina gure kontra jokatzea ligan edo Milanen aurka Txapeldunen Ligan. Lasaiago etorriko dira horregatik, galga zanpatuta. Hori uste dut behintzat.
Halako talde onari aurre egiteko teoria zein da?
Ez dut ezer asmatuko. Defentsan indartsuak, gogorrak, zorrotzak izan behar dugu, gure artean lotuz, lerroak itxiz, laguntzak emanez, eta erasora benetan irten. Ezin dugu aukerarik txikiena ere huts egin. Erabakitasunez egin behar dugu ekintza bakoitza, gure eginahaletan sinetsiz.
Xavi Hernandezen jokotik zer hartuko zenuke?
Nondik hasi, kar-kar-kar [ezin dio barreari eutsi]. Jokoa nola ikusten duen, denborak nola neurtzen dituen ikaragarria da. Niretzat, bera da taldeko lemazaina.
Eta Andres Iniestaren jokotik?
Haren sormena, haren magia.
Entrenatzailearen asmoa lehen egunetik bete duzue. Oraingorako, ordea, jokatzeko era aldatuko duzue?
Inor ez da gai izan Bartzelonari baloia kentzeko, eta gu ez gara izango salbuespena. Horrek ez du esan nahi estu hartuko ez ditugunik. Beste era batera jokatuko dugu, eraginkorrak izateko asmoz.
Bideoak ikusiz prestatzen dituzue partidak. Baliagarria al da?
Eskola moduko zerbait da. Lan praktikoak egin aurretik, zer landuko duzun ikustea jakin behar da zehazki. Ikasteko eta batez ere akatsak zuzentzeko tresna baliagarria da. Zelaian antzematen ez den hori ikusten dugu telebistaz. Bestelako ikuspegi bat ematen digu.
Kokapen berrian zer moduz ikusten duzu zeure burua?
Estiloa diferentea da oso, baina helburua, antzekoa. Baloia gora eramatea, haiekin lotzea.
Zertan hobetu behar duzu?
Defendatzeko kokapenean, lan gehiago eginez, eta jaurtiketan.
Sportingeko jokalariek zer esan zizueten neurketa amaitzean?
Harrituta utzi genituen. Iruditu zitzaien hobeak izan ginela, hobeto jokatu genuela eta zoriondu egin gintuzten.
Jokalari gazte asko zaudete taldean.
Ni ilusioz gainezka nago, baita gainontzeko guztiak ere, eta hori benetan aberasgarria da. Une zailak igaro eta gero berrikuntza etorri da. Horrela jarraituz gero, pixkanaka-pixkanaka gora egiteko modua izango dugu eta zertarako gai izango ote garen jakiteko jakin-minez gaude.
2013ko ekainean amaituko zaizu kontratua. Hura luzatzeko, jarri al da kluba hartu-emanetan zurekin?
Nik neure burua ez dut ikusten hemendik kanpo. Egia da hitz egiten hasi ginela joan den urtean, baina hortik apartekorik ezer ez. Lehen pausoa baino ez zen izan.
Taldea uzteko aukerarik izan al duzu udan?
Nik dakidanez, ez.
David Zurutuza. Realeko jokalaria
«Aurreko sasoian gertatutakoak ez digu balio erreferentzia gisa»
McDonald Mariga eta Mikel Aranbururekin lehiatuko da David Zurutuza hasierako hamaikakoan tokia egiteko, bai bihar Bartzelonaren aurkako partidan, bai sasoi osoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu