Xabi Prieto. Realeko jokalaria

«Aurreko sasoitik hona asko gozatzen ari naiz»

Bartzelonaren aurka ez zirela «amore emanda» zelairatu aitortu du Xabi Prietok. Porrota «ahaztuta» dago jada, eta Valentzia dute orain buruan. Anoetan ematen ari diren mailari eutsi nahi dio.

Xabier Lopetegi.
Donostia
2010eko abenduaren 16a
00:00
Entzun
Oso triste zeuden Realeko jokalariak Nou Campeko aldageletan, igandeko partida galdu ondoren, Xabi Prietoren esanetan (Donostia, 1983). «Horrelako porrotek min handia egiten dute, munduko talderik onenaren aurka izan arren. 5-0 galtzea ez zaio gustatzen inori». Ez du uste Reala bigunegi aritu zenik: «Ahal izan genuena egin genuen, baina 8. minutuan gola sartzen dizutenean, lanak asko zailtzen dira. Egia da ostiko gehiago eman daitezkeela, eta txartel hori gehiago jaso. Baina horrek ez zuen markagailua aldatuko, eta bestelako ondorioak izango zituen». Porrota gorabehera, bere ibilbideko unerik gozoenean dagoela aitortu du.

Mikel Aranburuk herenegun esan zuen inoiz ez dela sentitu igandean Bartzelonaren aurka bezain ezdeus.

Ez zen bakarra izan. Denok sentitu genuen haiek gu baino askoz gehiago zirela, eta ez ginela iristen. Baina normaltzat hartu beharko dugu, astero gertatzen ari dela ikusten ari baikara: Almeria, Real Madril, Osasuna, gu… Ikusi besterik ez dago zenbateko jabetza izan zuten, eta halakoetan gol dezente egiten dituzte, goian kalitate handiko jokalariak dituztelako eta baloiarekin oso eroso sentitzen direlako.

Lehenbailehen ahaztea komeni da?

Guk nahiko ahaztuta daukagu. Ez dut uste ona denik behar baino buelta gehiago ematea. Nou Campen galdutako puntuak ez dira itzuliko. Badakigu zaleek ilusio handia zutela, eta guk ere bagenuen. Ez ginen amore emanda irten zelaira. Ulertzen dut zaleak gustura ez egotea, gu ere ez ginelako gustura gelditu, baina larunbatean aukera paregabea dugula pentsatu behar dugu.

Villa eta Silvaren hutsuneek indarra kendu diote Valentziari?

Beharbada bai, baina ezin dugu ahaztu Aduriz eta Soldado fitxatu dituztela goian, eta Mata, Joaquin edo Pablo Hernandezek hor jarraitzen dutela. Jokalari erabakigarriak galdu arren, sekulako taldea dute.

Zer moduz ikusten ari zara Valentzia?

Osasunaren aurkako partida ikusi nuen, eta behar handi samarrarekin etorriko da. 3-1 jarri zen aurretik, baina bigarren zatian ez zen eroso aritu, eta Osasunak buelta eman zion. Zaleen txistuak entzun zituzten, eta egoera horri Anoetan eman nahiko dio buelta, garaipena lortuta. Baina guk ere garaipenarekin esan nahi diegu agur zaleei, asko zor diegulako.

Etxean beste talde bat da Reala?

Real Madril eta Atletico Madrilen aurkakoak izan ezik, beste partida guztiak aurrera atera ditugu, eta oso eroso ari gara sentitzen, zaleen bultzadarekin. Konfiantza hartu dugu. Garaipen batekin edo porrot batekin desberdinak dira Gabonak. Bartzelonatik minduta itzuli ginela kontuan hartuta, oso positiboa litzateke irabaztea.

Reala eroso dabil sailkapenean oraindik ere. Gora ala behera begiratzen duzu?

Oraingoz, gora. Larunbatean Valentzia mendean hartzen badugu, haiekin berdindu, eta ziurrenik Europako Ligako postuetan igaroko genituzke Gabonak, 25 punturekin, aurreneko itzulia bukatzeko hiru partidaren faltan.

Ondo edo gaizki bukatu, 2010a urte ona izan da Realarentzat.

Lehen Mailara itzuli gara, oso denboraldi ona eginda. Lehen postuan itxi genuen Bigarren Mailako zikloa, eta sasoi honetan ere pentsatzen genuena baino hobeto hasi gara. Ea datorren urtean gauzek berdin jarraitzen duten.

Zer dakarkizu burura igoerak?

Oso momentu politak, bizi izan ditudan politenak. Cadizen eta Celtaren aurkako partidan bizi izandakoa beti izango dut gogoan. Bagenuen horrelako uneen beharra, jaitsieraren sasoia oso zaila izan zelako, eta baita Bigarren Mailako lehen biak ere. Urte gogorren zama kentzeko balio izan zigun.

Harritu al zaitu taldeak orain arte egindako lan onak?

Bai. Uste dut gutxik espero zutela Reala goian ikustea. Ustekabea izan da denontzat. Beti duzu gauzak ondo egiteko itxaropena, baina Anoetan ematen ari garen maila, gehienbat, ez nuen espero. Bigarren Mailatik itzultzen zarenean, ez dakizu zer topatuko duzun, eta nolako maila emateko gai izango zaren. Fitxaketa onak eginda ere, hiru sasoi igaro ondoren, ez zen erraza jokalariak zer moduz egokituko ginen jakitea.

Errespetua galdu diezue aurkariei?

Beno, ikusten ari gara egin behar duguna egiten dugunean ez garela beste taldeak baino gutxiago. Hasieran beldur apur batekin joaten zara, baina denboraldi hasieran Vila-reali irabazi genion, gero garaipena oso gertu eduki genuen Almerian, eta hirugarren jardunaldian Real Madrili arazo dezente sortu genizkion. Zalantza dezente uxatu genituen hor.

Bigarren Mailako jokalaririk onena izendatu zintuzten.

Polita da halako sari bat jasotzea, batez ere jokalariek bozkatzen dutelako. Baina askoz ere balio handiagoa ematen diot taldearen lorpenari.

Jokalari bezala urte onenetan zaudela uste duzu?

Bai. Partidak jokatu ahala eta urteak pasa ahala, hobeto ari naiz sentitzen. Uste dut badakidala zelaian zer egin behar dudan, eta aurreko denboralditik hona asko gozatzen ari naiz.

Gol gehiago sartzea da orain erronka?

Denoi gustatzen zaigu golak sartzea, baina betidanik kostatu izan zait. Oraingoz hiru sartu ditut; datu txar-txarra ere ez da. Erdiraketak egiten ere eroso ari naiz, eta goleko paseak ematen ere bai. Aurreko sasoian zazpi eman nituen; orain hiru. Gola sartzen duzuneko sentsazioa beste kontu bat da, baina ematea ere oso polita da.

Derbian baliogabetu zizuten penaltia Realari gertatzen zaizkion gauza arraro horietako bat izan zen?

Ez dakit kasualitatea den, edo errazagoa den guri adieraztea Bartzelonari edo Vila-reali baino. Nahiago dut ahaztea, bigarrena ere sartu nuelako.

Erantzukizuna hartzen ari zara, aspalditik eskatzen zitzaizun moduan.

Ez naiz lider sentitzen. Bakoitzak badaki zein den bere egitekoa zelaian, eta ni betetzen saiatzen naiz. Horrek ez du esan nahi taldeak liderrak direnen eta ez direnen artean banatu behar direnik. Ni baloia eskatzen eta gora eramaten saiatzen naiz, baina badaude beste jokalari batzuk lan hori egin dezaketenak, Griezmann edo Zurutuza, besteak beste.

Badirudi batzuek orain deskubritu zaituztela…

Gutaz esaten denari ez diogu gehiegi erreparatzen. Reala goian egotea eta ahal dugun heinean hor jarraitzea da axola diguna. Oihartzuna edukitzea eta telebistak gure partidak ematea, dena den, gauzak ondo egiten ari garen seinale da.

Etorkizunean talde handi batean ikusten duzu zure burua?

Oso argi daukat hemen oso gustura nagoela, eta oraingoz behintzat ez dudala nire burua beste elastiko batekin ikusten. Ez. Espero dut urte askoan hemen jarraitzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.