Irribarrea ahotan duela dabil Jokin Etxaniz (Bergara, Gipuzkoa, 1970) Bizkaia pilotalekuko kontrakantxatik. Normala da, ardura bakarra du eta: «Pilotariek etzi euren maila eman dezatela ».
Pozik egongo zara, ezta?
Bai, baina egia da txapelketa gorabeheratsua izan dela. Batzuetan, finalerdietan hiru bikote sartuko genituela zirudien, gero bi sartzeko larri, eta, azkenean, bi horiek finalean daude. Oso pozik egotekoa da. Are gehiago txapelketan nagusi izan zen bikotea kanpoan utzi dugula ikusita.
Lasai ikusi ahalko duzu?
Lasai ikusiko dut, bai. Pilotariek euren onena ematea nahi dut, eta baten batek ez badu ematen urdurituko naiz. Baina bai, lasai.
Zer traza hartzen diozu finalari?
Nahiko irekia ikusten dut. Jendeak azken partida du buruan, finalerdietakoa, eta egun hartan Titinek eta Merinok ikaragarri jokatu zuten. Xala eta Laskurainen bidea, baina, sufritzea izan da, atzetik hasita eta goraka. Gakoa atzean egongo da.
Jendea Xalaren zain dago?
Hala da. Une batzuetan bakarrik agertu da. Arazo fisiko batzuk izan ditu, baina finalerdietan langile egon da; kolpez ere ez dago gaizki. Finalerdietako azken partidaren bigarren zatian ausart jokatzen eta asmatzen hasi zen.
Laskurainena dagoeneko ez da kasualitatea.
Merezita dago hor. Bost urtean hiru final jokatu ditu, eta iaz tanto gutxi batzuengatik gelditu zen kanpoan. Aurten lan ikusgarria egin du, eta une txarretan berak eutsi dio bikoteari. Txapela lau pilotariek merezi dute, hor daudelako, baina Aritzek bat, behintzat, merezi du.
Titin nola ikusi duzu? Harentzat uda ez zen ona izan.
Uda txarra izan zen; oso baxu ibili zen jokoz eta moralez. Bazirudien bere onena emana zuela, berak zioen: «Jokin, ile mozketa bat gelditzen zait hemen». Baina, tira, binakakoa garrantzitsua da harentzat, eta Davidekin jokatzeak motibazio berezia eman dio. Ezin da esan zenbat txapelketa gelditzen zaizkion, asko ez, eta aukera ona ikusi du. Apurka gora egiteak lagundu egin dio, eta, noski, Merinok egin duen txapelketak.
Merinorena espero zenuen?
Iaz ere erakutsi zuen atzelari handia dela. Justu udan gaixotu egin zen, eta zalantzak zeuden, baina berriro erakutsi du pilotari handia dela. Sekulako pasadak hartu ditu, eta ondo eutsi die. Gero ere garrantzitsua da Titinekin oso ondo konpontzen dela eta elkar laguntzen dutela.
Presioak eragingo al dio?
Ez dirudi; nik lasai ikusten dut. Une garrantzitsuetan bere maila eman du. Gasteizko partida ia final bat zen, eta hor egon zen. Oraingoz ikusitakoaren arabera, badirudi plazagizona dela.
Zein izan da txapelketako pilotaririk onena?
Bat baino gehiago esango nuke: Olaizola II.a, Merino II.a, Laskurain ere bai. Denon ahotan Olaizola dago, baina kide ona izan du, eta egia da bikain jokatu duela, baina ez da sartu finalean.
Atzelarien txapelketa izan da.
Atzelari gazteak hor daudela entzuten dugu: Beroiz, Albisu, Merino... Baina beterano bat ere, Laskurain, hor dago, bere bikoteari eusten, eta finalean sartu da. Binakako jokoa beti atzelariengan oinarritu izan da, lehen errazagoa zen aurrelari gazte bat txapeldun irtetea atzelari bat baino. Atzelari gazteari jokoa kargatzen zitzaion. Baina aurrelari belaunaldia aldatu egin zen, eta joera ere bai. Aurten badirudi aurrekoan gaudela berriz: atzelariek agintzen dute. Finalaren gakoa hor ikusten dut, atzeko lehian.
Pilota. EPELen Binakako Txapelketako finala. Jokin Etxaniz. Aspeko kirol zuzendaria
«Aurrekoan gaude berriz: atzelariek agintzen dute»
Enpresako bi bikote finalean sartu dituelako pozik dago, eta lasai ikusiko du partida etzi. Uste du aurtengo binakako txapelketan eredu klasikoko jokoa itzuli dela eta finala koadro luzeetan erabakiko dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu