Aurrekoaren bide beretik hurrengoa ere

Bartzelonaren zelaian hasiko du denboraldia Realak, Coruñan Osasunak, eta San Mamesen Athleticek, Betisen aurkaAurreko denboraldian bezala, goiz jokatuko dira lehenengo euskal derbiak

Donostia
2012ko uztailaren 11
00:00
Entzun
Antzekotasun handiak ditu Lehen Mailako hurrengo sasoiko egutegiak aurreko sasoikoarekin —atzo erabaki zuten egutegia, zozketa bidez—. Lehen euskal derbia goiz jokatu zen iaz: Reala eta Athletic izan ziren aurrez aurre, Anoetan, zazpigarren jardunaldian. Bada, aurten ere denboraldia hasi eta aste gutxira izango da lehena: Reala eta Athletic, Anoetan, berriro. Jardunaldi bat lehenago aurten, seigarrenean, irailaren 30ean. Hori gutxi balitz bezala, eta hirugarren urtez segidan, astebeteren buruan egokituko zaio bigarren derbia Athletici, Osasunaren aurkakoa, San Mamesen.

Euskal derbiei dagokienez, beraz, oso berdintsuak dira bi egutegiak. Baina derbiak iristerako, liga hasita izango dute hiru taldeek. Etxean hasiko du txapelketa Athleticek, Betisen aurka. Hasiera zailagoa izango dute, itxuraz behintzat, Realak eta Osasunak. Txuri-urdinek Bartzelonaren aurka izango dute lehena, Camp Noun; gorritxoek, berriz, Deportivoren aurka estreinatuko dute denboraldia, Riazorren.

Ligako azken jardunaldia ere ez dute samurra izango euskal taldeek. Etxetik kanpo arituko dira hirurak. Osasunak Madrilera egin beharko du, Real Madrilen aurka aritzeko. Zerbait jokoan badu, txapeldun ohiaren aurka erabakiko du etorkizuna Iruñeko taldeak. Madrilen arituko da Athletic ere, Rayoren aurka. Realak, berriz, Coruñan amaituko du Espainiako Liga, aurrez aurre Deportivo duela.

Gainontzeko taldeei dagokienez, txapeldun izateko bi hautagai nagusiak, Real Madril eta Bartzelona, hasi eta aste gutxira ariko dira nor gehiago. Zazpigarren jardunaldian izango da; Athleticek eta Osasunak bigarren euskal derbia jokatuko duten asteburuan, hain zuzen ere. Hirugarren derbia, Realaren eta Osasunaren artekoa, hamahirugarrenean izango da, urriaren 25ean.

Bartzelonaren aurka jokatuko du lehena Realak; Osasunak, berriz, etxeko estreinakoa izango du Kataluniako taldearen aurka. Kontrakoa gertatu zaie bai txuri-urdinei, bai gorritxoei Real Madrilen kasuan. Azken-aurreko jardunaldian jasoko du Realak Anoetan, eta Bernabeura joan beharko du Osasunak liga amaitzeko. Athletic, ordea, hamabigarren jardunaldian ariko da Madrilen, eta bi aste geroago joan beharko du Bartzelonara.

Aurreko denboraldietan ez bezala, ia partida guztiak asteburuan jokatuko dira, eta baliteke denak izatea. Izan ere, 37. jardunaldia bakarrik dago asteazkenez jokatzeko antolatuta, baina asteburura —maiatzaren 25 eta 26a— aurreratuko litzateke Txapeldunen Ligako finala ez badu Espainiako talderik jokatzen —maiatzaren 25ean izango da hori, Londre-sen—. Espainiako Kopako finala, berriz, maiatzaren 18an jokatuko da, larunbatean. Asteburu horretan, baina, ez da geratuko liga.

Jose Luis Mendilibar Osasunako entrenatzaileak egokitu zaion egutegia aztertu du. Bizkaitarrak garrantzia kendu dio ordenari: «Denen aurka aritu beharko dugu». Lehen kontrarioaren inguruan, nahiz eta Deportivo aurten igo den, «Lehen Mailako taldea» dela adierazi du, «soilik urtebete» egon delako Bigarren Mailan. Gainera, azken jardunaldia ere izan du hizpide, Real Madrilen aurkakoa: «Lanak eginda eduki beharko ditugu ordurako; ezin dugu ordu arte itxaron».

Bestalde, Philip Montanier Realeko entrenatzaileak adierazi du Bartzelonaren aurka hastea «zaila» izango dela. Ligari ondo ekitea garrantzitsua dela uste du, «taldeak konfiantza har dezan». Horretarako, ahalik eta «prestakuntza onena» egin beharko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.