Aurrelarien ezina

Osasunak denboraldi honetan Ligan sartu dituen 27 goletatik zortzi besterik ez dituzte lortu aurrelariekSportingeko aurrelariek soilik egin dute gorritxoek baino ekarpen eskasagoa: sei gol

Iruñea
2011ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Osasunako aurrelariak inoiz ez dira izan golegileen zerrendetako posturik onenetan, baina sasoi honetan inoiz baino ekarpen kaskarragoa egiten ari dira. Carlos Aranda da taldeko golegile onena sasoi honetan, lau gol, Javad Nekunam euskarriak bezala. Azken denboraldietako golegilerik onenak, Walter Pandiani uruguaitarrak,berriz, hiru gol besterik ez ditu egin, eta sasoiko fitxaketarik garestienak, Dejan Lekic serbiarrak, gol bakarra. Kike Sola da taldeko beste aurrelaria, baina Cascantekoak ez du ia aukerarik izan —iragan asteburuan Malagan jokatu zuen estreinako aldiz hasieratik— eta golik ez du lortu. Gorritxoek sasoi honetan Ligan egin dituzte 27 goletatik zortzi besterik ez dituzte lortu aurrelariek, beraz. Harro egoteko moduko marka ez dela argi dago.

Lehen Mailako aurrelaririk eskasenetakoak dira Osasunakoak. Sportingeko aurrelariek soilik egin dituzte gorritxoek baino gol gutxiago. Barralek hiru egin ditu, Sangoyk bi eta Nacho Novok beste bi, Bilicek bakar bat egin ez duen bitartean. Osasunakoek baino gol bat gutxiago, beraz. Manolo Preciadok zuzendutako taldean erdilari bat nabarmendu da golak sartzerakoan, dena dela: Diego Castro ezker hegalekoak zortzi gol egin ditu sasoia hasi zenetik. Sportingek 25 gol egin ditu guztira, Herculesek eta Racingek bezalaxe. Deportivok 24 gol soilik egin ditu eta golak egiten talde eskasena Zaragoza da momentuz, 23 gol lortu baititu Javier Aguirrek zuzendu taldeak. Hargatik, talde hauetan aurrelariek Osasunan baino protagonismo handiagoa izan dute. Herculesen Trezeguetek hamar gol egin ditu, esaterako, eta Valdezek zazpi. Racingen Rosenbergek bost gol egin ditu, Arielek hiru eta Ivan Boladok bat. Deportivo ere kamuts dabil aurkarien ate aurrean, baina Adrianek bost gol egin ditu eta Rikik eta Lassadek hiruna. Zaragozako aurrelarien ekarpena ere eskasa da, baina gutxigatik izan arren, Osasunakoena baino hobea da: Sinama-Pongollek lau gol egin ditu, Brauliok hiru eta Uchek eta Marco Perezek bana.

Jaitsiera postuetan diren Almeria eta Malagaren kasuan ere aurrelariren batzuk nabarmendu egin dira: Piattik (sei) eta Ulloak (zazpi) hamahiru gol egin dituzte Almeriarentzat eta Rondonek bederatzi gol egin ditu Malagarekin. «Ez daukagu sasoiko hamabost gol ziurtatzen dituen aurrelaririk, eta horrexegatik da garrantzitsua atzelariok eta erdilariek ere golak egitea, denon eginkizuna da golak egitea», adierazi zuen Sergio Fernandezek astelehenean. Malagan etxetik kanpoko bolada txarrari amaiera ematea ahalbidetu zuen gola erdiko atzelari beteranoak egin zuen, eta argi hitz egin zuen aurrelarien lehorteaz galdetu ziotenean. Ez zaio arrazoirik falta, eta orain artean erdilariek eta atzelariek egin golei esker dago Osasuna jaitsiera postuetatik kanpo.

Cristiano Ronaldo da Ligako golegile nagusia eta portugaldarrak berak bakarrik Osasunak baino gol gehiago lortu ditu, 28. Messik ere Osasunak adina gol egin ditu, 27. Baina bi oilarretako jokalariak aintzat hartu gabe ere —Higuainek eta Benzemak zazpina gol egin dituzte Real Madrilentzat; Villak hamazazpi eta Pedrok hamahiru Bartzelonarentzat—, talde guztiek dute Osasunako golegilerik onenak baino marka hobea duen jokalariren bat. Adibidez, Fernando Llorentek hamabost gol egin ditu Athleticentzat;Aguerok bederatzi eta Forlanek zortzi Atletico Madrilentzat; Osvaldok zazpi, Luis Garciak eta Callejonek seina eta Alvarok lau Espanyolentzat; Colungak eta Mikuk seina Getaferentzat;Caicedok 11 gol Levanterentzat; Webok sei Mallorcarentzat; Tamudok eta Xabi Prietok seina eta Joseba Llorentek bost Realarentzat; Negredok eta Luis Fabianok hamarna eta Kanutek zortzi Sevillarentzat; eta Adurizek bederatzi eta Soldadok sei Valentziarentzat.

Pandiani eta Arandaren lesioak

Azken bi sasoietan Pandiani izan da Osasunako golegilerik onena 11 golekin. Milosevicek (2005-06 denboraldian) eta Soldadok (2006-2007an) ere marka bera ezarri zuten, eta Lehen Mailako markarik onena Jan Urbanek (1990-1991 denboraldian) eta Ivan Rosadok (2000-2001 sasoian) lortu zuten, hamalau gol eginda. Marka horietara gerturatzea kosta egingo zaie denboraldi honetan Osasunako aurrelariei. Ez dirudi inor hamar gol baino gehiago egiteko gai izango denik. Are eta gutxiago Pandianik eta Arandak hurrengo hilabetean jokatzerik ez dutela izango aintzat hartuz gero. Pandianiren giharretako arazoek etenik ez dute, eta medikuek atzo jakinarazi zutenez Arandak eskuin zangoko aduktoretako tendoiaren zati bat hautsita dauka. Orain arte bezala golak egiteko erantzukizuna jokalari guztiek hartu beharko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.