Zauriz josita eta hauspoa lehertuta. Halaxe dago Gescrap Bizkaia, CSKAren aurkako borroka nekagarriaren ostean. Euroliga bukatu da, eta hark utzitako ondorioei buelta ematea da kontua orain. Jokalariak oso nekatuta daude, zenbaitzuk jota ere bai, baina ez dago atsedena hartzeko tarterik. Kanaria Handiaren aurka jokatuko du eguerdian, Miribillan (12:30, ETB1), eta behin hori irabazita, hartuko dute merezitako atsedena hurrengo astean, hiruzpalau egunez. Hamaikagarren ahalegina da eskatzen zaiena, baina azken estutua funtsezkoa gerta liteke.
Etxean errenkadan jokatuko dituen hiru partidak irabaztea delako erronka. Kanaria Handia, Obradoiro eta Valladolid pasako dira Bilbotik, eta hirurak irabazita, ia-ia ziur zortzi onenen artean bukatuko du Gescrapek liga erregularra. Hamazazpi garaipen pilatuko lituzke hirurak irabazita, eta litekeena da hemezortzi garaipen lortu behar izatea kanporaketak jokatu ahal izateko. Jakina, hemezortzi garaipenekoa da langa, baina gehiago lortzea komeni, sailkapenean ahalik eta koska garaiena lortzeko.
Bilbon pozik daude Euroligan egindako lan onarekin. Ezin bestela izan, lehen parte hartzean azken laurdenetara iristea eta Lauko Finala irabazteko hautagai nagusia urduritzea ez dagoelako talde guztien eskura. Sasoi honetakoa, ordea, bukatu da, eta Euroligara itzuli nahi bada, funtsezkoa da zortzi onenen artean sailkatzea. Behin hori lortuta aztertuko da zer egin behar duen Bizkaiak Euroliga jokatzeko, baina, aurrena, sartu egin behar du.
Kanaria Handia da hurrengo bi asteetan Bilbora etorriko diren taldeen artean indartsuena. Pattal ekin zioten ligari, eta 11-15 balantzearekin, ia ezinezko dute zortzi onenen artean sartzea. Halere, orain daude sasoirik onenean, azken hiru partidak irabazi baitituzte jarraian. Horietako bat Bartzelona ahaltsuari. Bistan da talde deserosoa dela Kanaria Handia, defentsan asko estutzen duena, eta tentuz jardun beharko du Katsikarisen taldeak, ezustekoren bat gerta ez dadin. Joaneko partidan sei puntugatik galdu zuen Bizkaiak Kanaria Handian, eta gerta litezkeen berdinketei begira, alde hori zaintzea komeni.
Marko Banicek kolpe mingarria jasan zuen ostiralean, CSKAren aurkako laugarren partidan, eta partida hasi arte ez da argituko kantxaratzeko moduan dagoen edo ez. Kanaria Handiak, aldiz, ez dauka arazo handirik. Javier Beiran hegalekoa eta Xavi Rey pibota kili-kolo ibili dira aste osoan, baina Pedro Martinez entrenatzaileak aurreratu du kantxaratzeko moduan egongo direla.
Aurrena, etxeko lanak
Gescrap Bizkaia justu dago fisikoki, baina Kanaria Handiari irabazteko ahalegina egin beharko du gaur
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu