Aurrena, Mallorca; ondoren ere bai

Hamahiru urteren ostean, final-zortzirenak jokatuko ditu Realak, eta etxean aritzea baliatu nahi du kanporaketa bideratzekoBravo, Ifran, Iñigo Martinez eta Markel utzi ditu deialditik kanpo Montanierrek

Antoine Griezmann, lasterka bizian, baloia harrapatu nahian, Granadaren aurkako Kopako final-hamaseirenetako joaneko partidan. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2012ko urtarrilaren 4a
00:00
Entzun
Granada kanporatu ostean aurrera jarraitu nahi du Realak Espainiako Kopan. 23 urte ziren Lehen Mailako inor kanporatzen ez zuela, eta, alde batetik, horrek, madarikazioa hausteak, eta, bestetik, Athleticen arrastoa urrutira begiztatze horrek —zuri-gorrien aurka jokatuko luke, bi euskal taldeek aurrera eginez gero— irrika piztu dute bai talde txuri-urdineko jokalarien artean, bai Realeko zaleen artean ere.

Philippe Montanier horren jakitun da, eta jokalarien izaera lehiakorra zirikatzeko asmoz, «apaltasuna, profesionaltasuna eta kontzentrazioa» eskatu die. Ez du nahi inork txoria baino lehen kaiola eros dezan: «Mallorcaz beste begiratzea harrokeriaz jokatzea litzateke, profesionaltasunik gabe. Badakit ilusioz hartu dutela zaleek txapelketa hau, eta gure betebeharra burua behar den tokian izatea da. Garrantzitsua litzateke golik ez jasotzea.Urduritu gabe landu beharko dugu jokoa, Caparrosen Mallorca talde sendoa baita», adierazi zuen atariko agerraldian.

Abendua hilabete oparoa izan da txuri-urdinentzat. Zalantza nagusiak uxatzeko balio izan die ligan hartutako olatuak: bost neurketa jarraian galdu gabe eta ongi elkar hartzen partidetan. Gainera, Kopako final-zortzirenetarako txartelaren jabe egin ziren Granadan (Espainia), behar baino gehiago izerdituta, hori bai.

Entrenatzaileak denen oniritzia izan ez arren, ez dago orain dela hilabete batzuk bezain zalantzan jarrita, eta hari dagokio benetako urratsak egiten segitzea behar bezala funtzionatu duena aldatu gabe.

Aurreko kanporaketan Montanierren jarraibidea zein izan zen ikusita, litekeena da gehiago edo gutxiago jokatu izan dutenen artean osatzea urteko lehen hamaikakoa. Datorren larunbatean Osasuna hartuko dute gipuzkoarrek etxean, eta norgehiagoka horrek baldintzatuko du titular gehiago edo gutxiago erabiltzea nahasketan. Azken batean, ligan atera behar dituzte-eta babak eltzetik.

Atea zaintzeko ardura Zubikarairena izango da. Ondarroarrari lana arintzeko ahaleginean Estrada, Mikel Gonzalez, Demidov eta De la Bella ariko dira. Zelai erdian, berriz, badirudi Marigak baino ez duela postua ziurtatua Mallorcaren kontra aritzeko. Kenyarraren aldamenean, Zurutuzak, Elustondok, Ruben Pardok eta Demidovek berak jokatu zuten Granadaren aurkako kanporaketan. Aurreneko biak lan tresna garrantzitsuak izanik, entrenatzailearen burutazioek zentzua izan dezaten, baliteke beste biek baino aukera sendoagoak izatea neurketari ekiteko garaian. Ikusi beharko da. Erasoko jokoan, Xabi Prietok minutuak pilatzen jarraituko du hanka zuztarrak arintzeko, Velaren baimenarekin noski. Eta donostiarraren erdiraketak errematatzeko bi hautagai: Llorente eta Agirretxe. Liga partida balitz, usurbildarra aurretik legoke. Kopa izanik, ea noren alde egiten duen Montanierrek. Diego Ifran ez du deialdian ere sartu. Ezker hegala Griezmannen erresuma da. Sasoiko amaitu zuen denboraldiko aurreneko txanpa, eta gaur-gaurkoz ezinbestekoa da aurkaria estu hartzeko. Hortaz, Granada Anoetan garaitu zuenaren antza izango du agian gaurko hamaikakoak.

Caparrosen akuilua

Urri hasieran ordezkatu zuen Joaquin Caparrosek Michael Laudrup, daniarraren eta agintarien arteko ezinikusiak gehiegizkoak baitziren. Egungo Mallorcaren jokamoldeak zerikusi gutxi izango du Reala garaitu zuenarekin, bi entrenatzaileek modu ezberdinean ulertzen baitute futbola. Alaitasun gutxiagorekin ari dira erasoan Victor, Nsue, Marti eta enparauak, latzago, trinkoagoa, kokapen hobearekin defentsa lanean, eta beharbada, zergatik ez esan, aspergarriago. Deialdiari begiratuz gero, Caparrosek argi dauka gutxien jokatzen dutenen alde egingo duela kanporaketa honetan, Sportingen aurka egin bezala, sei titular etxean utzi baititu, tartean Chori Castro, Pereira eta Chico. Marvin Ogunjimi Mallorcak fitxatutako azken jokalaria ere ez da izango Anoetan, min hartuta baitago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.