Aurreneko erabakiak

Patxi Izkok jakinarazi du Jose Antonio Camachok beste urtebetez jarraituko duela Osasunan

Iruñea
2010eko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
Gaur iluntzean Cornella-El Praten jokatu beharreko partidaz baino gehiago hitz egin zen atzo Iruñean kontratu berritzeez. Patxi Izko presidenteak goizean hartu zuen ofizialki presidente kargua hirugarren agintaldia izango duenerako, eta presidentetza estreinatu orduko Jose Antonio Camachok beste urtebetez Osasunako entrenatzailea izaten jarraituko duela baieztatu zuen gorritxoen agintari nagusiak. «Camachoren lana aztertuz gero, haren aldeko gauzek nabarmen gainditzen dituzte kontrakoak. Helburuak bete ditu, taldea inork baino hobeto ezagutzen du, eta horregatik jarraituko du Osasunan», adierazi zuen Patxi Izkok Nafarroako Erresuman egindako agerraldian.

Handik ordubetera Camachok bere bertsioa eman zuen: «Oso gustura nago Iruñean, presidentea gustura dago nirekin, eta taldea Lehen Mailan dago. Baldintza horiek betez gero klubak nire kontratua luzatzeko aukera izango zuela bagenekien, eta halaxe izan da azkenean», esan zuen Osasunako entrenatzaileak.

Egindako lanaz harro azaldu zen Camacho, sailkapeneko postu gozoetara hurbiltzeko izandako aukera ugarietan kale egin dutela onartu arren. Badaezpada ere, denboraldiko helburu nagusia zein zen gogoratu zuen. «Lehen Mailan egotea Txapeldunen Ligan izatea bezainbestekoa da Osasunarentzat eta Lehen Mailako beste hamabi edo hamahiru talderentzat», adierazi zuen entrenatzaile espainiarrak.

Datorren denboraldiari begira dagoeneko lanean ari direla onartu zuten Izkok eta Camachok. Hala, lerro bakoitzerako beharbada jokalari bana fitxatuko dutela nabarmendu zuen entrenatzaileak. Jokalariren bat salduko ote duten galdetu zietenean, Izkok lotsarik gabe onartu zuen dirua «behar» dutela. Hala ere, Camachok argi utzi zuen jokalariren bat salduz gero kluben bat «diruarekin» etorri delako izan beharko duela.

Dena dela, Izkok argi utzi zuen Camacho ez dela presidenteei asko exijitzen dieten entrenatzaile horietako bat. «Dagoeneko datorren denboraldiari begira lanean ari gara, baina une honetan ezin dezaket ezer aurreratu. Dena dela, Camacho ez da jarraitzeko izar bat fitxatzeko eskatzen duten entrenatzaile horietakoa. Kontratua amaituko duten jokalariak, euren taldeetan nahi ez dituztenak edo Bigarren Mailara jaitsi diren jokalariak ekarriko ditugu gabezia zehatz batzuei aurre egiteko, besterik ez». Jarraian gogoratu zuen iazko udan hedabideek 73 jokalari Osasunarekin lotu bazituzten ere azkenean hiru jokalari besterik ez zuela fitxatu Iruñeko taldeak.

Pandiani eta Josetxoren geroa

Walter Pandianiren inguruan ere hitz egin zuen Camachok: «Pandianik Osasunan jarraitzea nahi dut, baina berak hartu beharreko erabakia da. Klubaren eskaintza mahai gainean dauka, eta berak erabaki behar du, berak hausnartu beharko du bere etorkizunaren inguruan».

Izkok Josetxo Romero ere gogoan izan zuen agerraldian: «Josetxok eta Pandianik Osasunan jarraitzea nahi dugu, baina oraindik ez dugu akordioa lortu. Hitz egiten jarraituko dugu, eta ea akordioa lortzen dugun».

Kirol zuzendaritzan izan daitezkeen aldaketen zain -Izkok atzo ez zuen argitu Juanjo Lorenzoren eta Angel Martin Gonzalezen etorkizuna-, Osasunan iraultza handirik ez dela izango dirudi. Presidenteak beste lau urtez jarraituko du, eta Camachok beste denboraldi bat egingo du gutxienez. Zuzendaritza taldean, aldaketa bat izango da: Iñigo Sanziñenak kluba utziko du, eta haren ordez, Angel Bizkai gerentea sartuko da zuzendaritzan. Gerente lanak egiten ere jarraituko du Bizkaik, dena dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.