Apurka finalak iristen ari dira binakako txapelketara. Pilotariak kalkulagailua patrikan hartuta kantxaratzen diren garaia da. Lehen fase ia amaiezina azken txanpan sartuta dago, eta gaur hasiko da bederatzigarren jardunaldia. Beste bi baino ez dira faltako finalerdiei ekiteko. Gaur bi partida jokatuko dira, Azkainen (20:00), eta Gernikan (22:00), eta azken horretan izango da gehien jokoan. Berasaluze XIII.ak eta Apraizek ezingo dute kale egin, Xala eta Barriolaren aurka galtzen badute finalerdiei agur esango dietelako.
Santanapeko harmailak bete egingo dira bizkaitar bikotea babesteko. Berasaluzek eta Apraizek ondo ekin zioten txapelketari, atzelariak bereziki, eta ustekabeko nagusia izan ziren lehen hilabetean. Baina azken hiru partidak jarraian galdu dituzte, eta aldapa gora jarri zaie aurrera egitea. Gaur galduta, asko jota bost garaipen lortu ahal izango lituzkete, eta orain arteko euren tanto aldea ez da oso ona; beraz, ia ezinezko izango lukete finalerdietarako sailkatzea. Irabazita, berriz, lau garaipendun bikoteen tropelean sartuko lirateke.
Aurkariei dagokienez, Xalak eta Barriolak eskura dute finalerdietan sartzeko aukera. Iragan astean garaipen erosoa lortu zuten Angelun (22-8), eta, gaur irabazita, hurrengo faserako sailkatuko lirateke. Zazpi garaipen eta duten tanto aldea (+60) nahiko berme dira lehen faseko azken bi partidak lasai jokatzeko. Gaurkoa bi bikoteek elkarren aurka txapelketan jokatuko duten bigarren aldia da; aurrekoan Xalak eta Barriolak irabazi zuten, Mungian (22-12). Emaitzak erakuts dezakeena baino gogorragoa izan zen partida.
Omenaldia Gonzalezi
Azkaineko herriak omenaldia egingo dio gaur Sebastian Gonzalezi (20:00), eta bere izena jarriko dio ezker paretari. Omenaldia jaialdiaren aurretik izango da, eta txapelketakoa bigarren partida da. Bertan Gonzalez eta Laskurain azken asteetako bolada luzatzen saiatuko dira. Azken lau partidak jarraian irabazi dituzte, eta gaurkoa nola edo hala lortu beharreko puntua da eurentzat.
Azkainen ez da artekaririk egongo, baina egotekotan Aspekoen aldeko momioak eskainiko lituzkete, bi aurkariak Olaizola I.a eta Belokiren ordezkoak baitira: Arretxe II.a eta Zabala. Are gehiago, aurrelaria ordezko baten ordezkoa da, Saralegi minhartuta dagoelako. Elkar ondo ezagutzen duen bikote bat da, iaz, esaterako, Bigarren Mailako binakako txapelketa irabazi baitzuten.
Bestalde, atzo bi pilota aukeraketa egin zituzten Iruñean, eta Logroñon, eta bietan bi bikoteek gustuko pilotak aurkitu zituzten. Labriten 400 pertsona elkartu ziren Olaizola II.a-Begino eta Irujo-Merinok pilota oso ezberdinak nola aukeratzen zituzten ikusteko. Ikusmina handia da, baina oraindik sarrera batzuk gelditzen dira saltzeke. Adarragan, berriz, Bengoetxea-Ruizek pilota astunagoak aukeratu zituzten.
Aurreneko finala
Xalak eta Barriolak gaur Gernikan irabazten badute, binakakoaren finalerdietarako sailkatuko dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu