Aurrera egiteko konfiantzarekin

Oinatz Bengoetxeak final-zortzirenetan bezain ondo jokatu nahi du gaur, Aimar Olaizolaren aurka jokatuko duen partidan. Bizi jokatuta finalerdietan sar daitekeela uste du.

Bengoetxea VI.a, airean, pilota bat bueltatzeko bere burua Bilboko pilotalekuko kontrakantxara bota ondoren. ARP.
Donostia
2012ko urriaren 27a
00:00
Entzun
Gaurko partida irabaztea dut buruan, besterik ez», dio behin eta berriz Oinatz Bengoetxeak (Leitza, Nafarroa, 1985). Burua hotz duela mintzo da, azken urteetan ikasi du lau t'erdiko txapelketa lehia gogorra eta luzea dela, eta partidaz partida egiten da aurrera. Gaur arratsaldean (17:00, Nitro), proba zaila izango du Iruñeko Labrit pilotalekuan, aurrez aurre Aimar Olaizola izango baitu. Txapelketakoa jaialdiko hirugarren partida izango da.

Final-zortzirenetan Urrutikoetxearen aurka irabazi ondoren (22-8), pozik dago: «Oso ondo aritu nintzen. Garrantzitsuena irabaztea zen, baina, aldi berean, nire jokoa ere ona izatea espero nuen. Neure burua ongi ikusi nuen frontoian, eta partida ezin hobea atera zitzaidan». Ez zaio arrazoirik falta, Urrutikoetxeak apenas izan baitzituen aukerak partida irabazteko. Bengoetxea VI.a bizi-bizi jokatu zuen hasieratik, eta bizkaitarrak ezin izan zuen ezer ez egin.

Fisikoki ere sasoi onean dagoela erakutsi zuen nafarrak, eta azken hilabeteotako prestaketak —Aritz Altadill prestatzaile fisikoarekin ari da lanean— bere fruituak ematen hasi dela nabarmendu du: «Hilabeteak daramatzat lau t'erdiko txapelketa prestatzen. Partiden aurretik beti duzu zalantza ea ongi ibiliko zaren, baina oso gustura geratu nintzen nola aritu nintzen ikusita».

Gaurkoa desberdina izango da, halere. Olaizola II.aren estreinaldia da txapelketan; joan den denboraldiko txapelduna lehen aldiz sartuko da kaiolan. Nahiz eta faborito nagusiaren aurka jokatuko duen, Bengoetxea VI.a «pozik» eta «ilusio handiarekin» kantxaratuko da. Aldi berean, orain arte erakutsitako jokatzeko era aldatzeko intentziorik ez duela ere adierazi du: «Urrutikoetxearen aurkako norgehiagokan argi geratu zen zein irizpide jarraitu behar dudan; hori da nire jokoa. Gaurko partidan ere berdin egiten saiatuko naiz: ahalik eta bizien jokatzen. Ondo aterako den ala ez, hori beste kontu bat da».

Ederki ezagutzen dute elkar biek. Azkenekoz aurtengo Nafarroako lau t'erdiko txapelketan ikusi zuten elkar, eta leitzakoak 22-18 irabazi zuen finalerdietan. Dena den, orduko partidaren eta gaurkoaren artean ez dago antzekotasun handirik. Aimar Olaizolak buruz buruko txapela lortu eta sei egunera jokatu behar izan zuen. «Uste dut horrek zerikusi handia izan zuela, eta zorte apur bat ere izan nuela. Argi dago Olaizola II.a pilotari handia dela, oraingoan zailagoa izango dela; baina bere aurka jokatzeko prest nago». Lehen Mailako partidaren aurretik, Jaunarenak eta Lemunok Bigarren Mailakoan neurtuko dituzte indarrak

Horrez gain, Pablo Berasaluzek eta Abel Barriolak atzo ez zuten inongo kexarik izan, astelehenean Gernikako Santanape pilotalekuan jokatuko duten partidarako eginiko pilota aukeraketan. Barriolak pilota arinak hautatu zituen, 104 eta 104,6 gramokoak. Berasaluzek, berriz, astunak eta behetik dabiltzanak, 105,8 eta 106,8 gramokoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.