Aurreraka finalerantz

Aurrerak eta Aurrera Saiazek jokatuko dute BERRIA Txapelketako bigarren finalerdia, etzi, Tolosako Beotibar pilotalekuan

Erredakzioa
Donostia
2010eko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Berria Txapelketako galbahea sartuta azken txanpan dago, eta bideari ekin zioten hogeita lau taldeetatik lau baino ez dira gelditzen txapelerako lehian. Asteburu honetan jokatuko dira bi finalerdiak. Bihar -etzi jai eguna da Hego Euskal Herrian-, Galdakaoko Adiskidek eta Andoaingo Gaztelekuk Galdakaon neurtuko dituzte indarrak (19:30). Etzi, berriz, Bidegoiango Aurrera Saiaz, egungo txapelduna, eta Leitzako Aurrera ariko dira Tolosako Beotibarren (10:30). Bi talde horiek iragan asteburuan pasatu ziren finalerdietara, Zazpi Iturri eta Markina kanporatuta, hurrenez hurren.

Aurrera Saiaz 2 (64)

Zazpi Iturri 1 (51)

KADETEAK

Labaka-Elustondo 20

Nazabal-Artola 22

GAZTEAK

Urbieta-Zinkunegi 22

Galluralde-Jaka 14

NAGUSIAK

Renobales-Galarraga 22

Olaetxea-Leunda 15

Iragan ostiralean Alegiako pilotalekuan elkartu ziren pilotazaleek lehia estu eta gogorra ikusteko aukera izan zuten. Iazko txapeldunak ia lau orduko kanporaketa behar izan zuen Amezketako Zazpi Iturriren bidea eteteko. Kadeteen partida kanporaketako onena izan zen, eta argi ikusi zengogotik lan egin beharko zuela sailkatu nahi zuen taldeak. 67 minutuko partidak bi zati izan zituen. Aurrera Saiazeko bikoteak indartsu ekin zion, Labaka aurrelariak asmatu egin zuen errematean, eta tarte polita egin (16-8). Hortik, aurrera, baina, Artola Zazpi Iturriko atzelaria agintzen hasi zen, hainbat pilotakada ikusgarri joz. Apurka partida orekatu zuten Amezketakoek (16-14), hemeretzina berdindu aurretik. Artolak ez zuen behera egin, eta berak erabaki zituen azken tantoak.

Txapeldunak kinka larrian zeuden, baina jubeniletan berdindu zuten kanporaketa. Partida gogorra izan zen hura ere, 67 minutukoa, eta Zazpi Iturriko Galluralde eta Jakak ondo eutsi zieten hasieran Euskal Herriko txapeldunei (13-13). Hortik aurrera, Urbietak ondo baliatu zuen Jakaren txakalalditxoa jokoan sartzeko, eta Zinkunegiren segurtasunarekin, zortzi eta bateko partzialarekin itxi zuten partida. Nagusien partidan, azkenik, Aurrera Saiazeko bikotea zen faborito, eta, hasiera estuaren ondoren (7-6), Renobalesek eta Galarragak tartea ireki zuten (13-7). Atzelaria izan zen laukoteko onena, eta Bidegoiango bikoteak ondo eutsi zion tanto aldeari amaierara arte.

Aurrera 3 (66)

Markina 0 (33)

KADETEAK

Olano-Hernandorena 22

Albisu-Pujana 7

GAZTEAK

Jaunarena II.a-Jaunarena I.a 22

Arrieta-Ansotegi 12

NAGUSIAK

Esain-Iriarte 22

Azpiri-Kastillo 14

Igande goizeko kanporaketak ez zuen izan ostiralekoaren antzik, Leitzako Aurrerak, etxeko pilotalekuan, ez ziolako tarterik utzi emozioari. Markinak pilotari batzuk falta zituen, eta nabaritu zen. Leitzako seikoteak irudi sendoa eman du txapelketa osoan, eta hiru kanporaketa irabazita, aurrenekoz pasatu da finalerdietara.

Aurrerak hasieratik bideratu zuen kanporaketa, eta ordu erdi pasatxo nahikoa izan zuen lehen partida irabazteko. Bi atzelariek ondo jokatu zuten, eta aldea aurreko koadroetan egon zen. Olano leitzarren aurrelariak partida bikaina jokatu zuen, eta hamasei tanto egin. Lehen partidako aldea altxorra zen, eta etxekoek lasai ekin ahal izan zioten jubeniletakoari. Jon Jaunarena nabarmendu zen, eta, anaiaren laguntzaz -bederatzi tanto egin zituen-, hasieratik egin zuten aldea (11-4). Markinako Ansotegik lan txukuna egin zuen defentsan, baina ez zen aski izan, eta Arrieta aurrelariak, lagundu nahian, hainbat huts egin zituen. Leitzako jubenilek 22-11 irabazi zuten azkenean, eta Aurrerak 25 tantoko aldea pilatu zuen; ondorioz, nagusien partidan ez zen deus ere egon jokoan.

Kanporaketa erabakita egonagatik, nagusien partidak izan zuen interesik, Esain profesional ohiak ikuskizuna eman zuelako. Hura izan zen laukoteko onena, eta hamar tanto egin zituen guztira. Atzelarien arteko lehia orekatua izan zen, bakoitzak seina pilota galdu bazituen ere. Aldea, beraz, aurrean egon zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.