Asier Zubiria. Bidasoa Irun taldeko zuzendaritza batzordeko kirol arduraduna

«Aurrerapausoa eman du taldeak»

«Oso pozik» dago Zubiria, «makina bat arazo» izan arren taldeak «beti» sinetsi baitu bere buruarengan. «Sekulako ilusioa» egiten dio hainbeste gazte pistan ikusteak. Baikor da etorkizunari begira.

GORKA RUBIO / FOKU.
Julen Etxeberria.
Irun
2022ko martxoaren 11
00:00
Entzun

Arratsaldeko laurak dira, eta Bidasoaren harrobiko talde bat ari da Artalekun entrenatzen. Aukeran dator irudia, azkenaldian dozena erdi gaztek egin baitute salto lehen taldera, baita nabarmendu ere. «Oso pozik eta harro gaude», dio Asier Zubiriak, zuzendaritza batzordeko kirol arduradunak (Usurbil, Gipuzkoa, 1981). Iritzi bera du taldearen lanaz.

Asobal ligan, bigarren; Europako Ligan, final-zortzirenetan; Espainiako Kopan, final-laurdenetan, eta Asobal kopan, finalerdietan. Eska daiteke gehiago?

Ez. Buru-belarri ari gara lehiaketa denetan, eta emaitza oso onak lortzen ari gara. Halere, emaitzez harago, taldea oso itxura ona ematen ari da, eta, nahiz eta lesioek buruko min asko eragin, lehiakorra izan da beti. Gazteak ere alea jartzen ari dira. Oso pozik gaude.

Helburuak alde handiz betetzen ari zarete?

Klubean ez gara helburuak emaitzen arabera jarri zaleak. Guk, bazkideek eta zaleek, nahi duguna da taldea lehiaketa guztietan ahalik eta lehiakorrena izatea. Hori lortuta, denborak jarriko gaitu gure tokian. Ez dago gure esku bakarrik; aurkariek ere jokatu egiten dute, jokalariak lesionatu egiten dira, eta bestelako eragozpenak ere badaude, are eta gehiago COVID-19aren garai honetan, zeinetan ziurgabetasun handia dagoen. Ez dakizu nola bukatuko den denboraldia. Asko falta da, baina taldea oso ondo ari da.

Politena falta da, baina baita zailena ere.

Hala da. Hemendik aurrera jokatuko ditugun partida guztiak oso erabakigarriak izango dira. Dena oso ondo doa, espero baino hobeto. Aste oso zailak genituen: partida asko, eta min hartutako jokalari dezente; gaizki joan zitekeen. Ez da hala izan, baina gerta liteke hiruzpalau partida erreskadan galtzea, eta egoera okertzea.

Taldea oso ondo ari da. Ez dirudi txakalaldirik izango duenik.

Ez. Bete-betean ari da lehiaketa guztietan, konfiantza handiarekin. Gainera, itxaropena dugu lesionatuta daudenak osatu ahala taldea indartsuagoa izango dela. Oso jokalari garrantzitsuak falta ditugu, baina gazteak oso ondo ari dira. Guztien lanari esker espero dugu denboraldi amaiera oso polita egitea. Ilusioa dugu.

Zein da arrakastaren sekretua?

Taldeak beti sinetsi duela bere buruarengan. Batez ere, azken bi hilabeteetan, jokalari asko lesionatu direnean, inor ez da hasi zorte txarra madarikatzen. Eragozpenak ahaztu, eta gogor lanean jarraitu dute guztiek. Sinetsita zeuden egoera zail honetatik atera zitezkeela, eta horretan fede osoa izanda atera dira. Jendeak espero zuen horrenbeste jokalari lesionatu eta gero taldeak behera egingo zuela. Ez du egin, eta eutsi bakarrik ez, taldeak aurrerapausoa eman du.

Bigarren zarete Asobal ligan; Bartzelona ahalguztiduna bakarrik duzue aurretik. Halaxe zabiltzate azkeneko denboraldietan. Asko kostatzen da hor egotea?

Asko, eta taldearentzat nekagarria da presioarekin, irabazteko beharrarekin, jokatzea. Atzetik datozenek ez dute aukerarik ematen arnasa sakon hartzeko: Granollersek, Logroñok, Cangasek, Anaitasunak... Logroñok orain utziko dio Europan jokatzeari, baina besteek ez dute jokatu astean bitan, eta indarberritzeko aukera izan dute. Puntuak lortu eta lortu ari dira, eta taldearentzat ez da erraza horri eustea. Azken urteetan eutsi dio, oso ondo kudeatu baitu presioa. Ilusioa dugu oraingoan ere egingo duela.

Europako Ligan final-zortzirenetarako sailkatu da taldea, baina argi geratu da aurkari batzuk koska bat gorago daudela.

Jauzi handia dago. Gure multzoan, adibidez, Wisla eta Fuechse Bartzelonaren pareko taldeak dira ia, Europako onenetakoak, eta Europako Liga irabazteko hautagai nagusiak. Tolosa, berriz, goian aritzeko prestatuta dago. Eta horiekin guztiekin lehiatu da Bidasoa. Irabazi beharreko partidak irabazi ditu, ondo. Lehiakorrak izan gara, eta saria jaso dugu.

Gudme Danimarkako taldearen aurka jokatuko duzue. Zer itxura hartzen diozu kanporaketari?

Oso-oso zaila da. Gudmek urte asko egin ditu Txapeldunen Ligan, eta izar handiak ditu: adibidez, Mathias Gidsel; baliteke munduko jokalari onenaren saria lortzea. Lesionatuta dago, baina sekulako taldekideak ditu. Saria da halako talde handi bat Artalekura ekartzea. Lehiakorrak izan nahi dugu, eta gozatzen jarraitu. Baina argi dugu liga dela lehentasuna, hark emango baitu Europarako sailkapena.

Espainiako eta Asobal kopa ere hor daude. Finalen bat jokatzeko aukera polita dira bi horiek?

Bai. Kopan, adibidez, Bartzelona saihestu dugu. Granollers indartsua da, baina badugu aukera finalera iristeko. Horrek bizipoza ematen digu. Halere, azken urteetan zerbait falta izan zaigu. Dena ezin da. Baina ilusio handia dugu.

Gazteen lana nabarmendu duzu. Dozena erdi ari dira. Beharrak bultzatutakoa izan da, baina berri oso ona da. Pozik zaudete?

Oso. Beharrak bultzatuta iritsi dira, baina jokalari horiek prestatuta egon behar zuten. Eta erakutsi dute prest zeudela. Klubera iritsi ginenean, gure apustu nagusienetakoa zen Euskal Herriko jokalari onenak Bidasoara ekartzea, haiekin lan egiteko, eta etorkizunean taldearen oinarria izateko. Ez genuen espero horren denbora gutxian dozena erdi iritsiko zirenik. Uste baino lehenago iritsi dira: bost eta hamar urte bitarteko kalkuluak egiten genituen. Hiru besterik ez dira pasatu. Sekulako ilusioa egiten digu, baita zaleei ere. Eta honek agerian uzten du Gipuzkoan sekulako lana egiten dutela klubek. Bide onean gaude, eta bide honetan segitu behar dugu.

Denboraldia ez da amaitu, eta jakina da gutxienez hiru jokalarik ez dutela segituko: Jose Manuel Sierrak, Xoan Ledok eta Kauldi Odriozolak. Eta atezain bat fitxatu duzue: Jakub Skrzyniarz.

Sierra, Xoan eta Kauldi oso garrantzitsuak dira, baina naturaltasunez hartu dugu hirurek taldea uztea. Urteroko kontua da.

Ezinezkoa izan da haiei eustea?

Sierrarena kasu berezia da, baina Xoanek eta Kauldik taldea uzteko aukera izan dute azken urteetan. Lortu dugu haiei eustea, baina aukera oso ona iritsi zaie biei: Frantziako Ligan eta Europako lehiaketa handiagoetan jokatzea. Ulertzekoa da hori bizi nahi izatea. Guretzat ere oso ona da gurekin urte askoan ari diren jokalariek jauzia ematea; gauza ondo egiten garen seinale da. Etorriko dira beste batzuk. Lanean ari gara, eta bideratuak ditugu fitxaketak. Lasai gaude. Talde polita izango dugu. Oinarri sendoa dugu, eta gazteak laguntzeko prest daude. Jacobok hemen segituko du [Cuetara, entrenatzailea], eta hori abantaila handia da, jokalariek barneratuta baitute haren metodologia.

Thomas Tesoriereri, Julen Aginagalderi eta Victor Rodriguezi bukatuko zaie kontratua. Hasi zarete haiekin hizketan?

Bai. Jarraitzea nahi dugu. Ahal dugun gehienei eutsi nahi diegu.

Naonedek Odriozolaren etete klausula ordaindu zuen. Beste klub batek halako zerbait egitearen beldur zarete?

Arriskua beti dago, eta prest egon behar dugu. Ezin gaitu kontrakarrean hartu. Adi gaude, erantzuteko prest. Baina lasai gaude, oinarri polita baitugu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.