Aurrerapausoa emateko unea

Athleticek garaipena behar du, Albacete kanporatu eta Espainiako Koparekin amets egiten jarraitzekoZuri-gorrien jokoak behera egin du azken partidetan, eta zalantzak dira nagusi

haritz gallastegi
Bilbo
2012ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
Athleticeko edozein jarraitzailek nahiko lukeen aukera da joanekoan hutsean berdindu eta Espainiako Kopako final-laurdenetarako partida erabakigarria San Mamesen jokatzea. Zer esanik ez aurkaria Bigarren B Mailan ari den talde on bat dela esaten badiote. Orduan, ezin argiago ikusiko luke txapelketako zortzi talderik onenen artean egoteko aukera. Bada, egoera horretan jokatuko du talde zuri-gorriak final-zortzirenetako itzuliko partida. Gaur, Albacetek jokatuko du San Mamesen. Haren mailako talde gehienek egiten duten legez, autobusean egin dute bidaia Espainiako taldekoek. Ez da gorputza neurketa aurretik zaintzeko erarik egokiena, baina horrelako neurketetan ilusioa nekearen gainetik dago.

Albaceteren asmoa ezustekoa ematea da. Amets egiteko arrazoi bat baino gehiago dauka, gainera. Batetik, ez da komeni ahaztea Athleticen aurka lehiatu ahal izateko Atletico Madril kanporatu zuela. Vicente Calderonen irabaztea lortu zuen, gainera (0-1). Beraz, Albacetek badaki gai dela Lehen Mailako talde on bati irabazteko. Aurreko kanporaketan egindako balentriak emandako konfiantzari Athleticen kontrako joaneko partidan emandako itxura ona gehituko dio Antonio Gomezek zuzentzen duen taldeak San Mamesetik garaile irten daitekeela pentsatzeko. Bistan da Athleticek errespetuz eta inor gutxietsi barik egin beharko diola aurre Albaceteri.

Baina zuri-gorriek orain duten kezka nagusia ez da aurkaria: etxean dauka arazoa Athleticek, aspaldian aurrera egin beharrean atzera egiten ari baita. Karramarroa dirudi gaur egungo Athleticek. Sasoi hasiera txar baten ostean, une gozoak etorri ziren. Eta taldea etengabe hazten joango zela zirudienean geratu egin da. Atzerakadaren lehen sintomak ondo jokatzen ari zirenean ikusi ziren. Soropilean gehiago izan eta aukera on asko sortu arren, Athletic ez zen eraginkorra izan. Kontrolpean zituen zenbait neurketa irabazteko aukera paregabea galdu zuen. Egindako lanak ez zuela behar zuen emaitzarik zirudien. «Uste dut eskuratu ditugun baino hamar puntu gehiago izan behar genituela», esan zuenMarcelo Bielsak urtea amaitu aurreko azkeneko agerraldian.

Athleticek aurkariaren ate aurrean erakutsi duen ezina bolada txar bat baino gehiago dela ari da ikusten. Eta badirudi jokalariek ere antzeko ondorioak atera dituztela. Eta pixkanaka-pixkanaka konfiantza galdu du taldeak. Orain, aukera onak sortzeko ere, zailtasunak dituzte. Eta horrek zalantzak sortu ditu. Eta jakinekoa da zalantzak dituen jokalari multzo bat baino gauza txarragorik ez dagoela. «Neurketa batzuetan defentsan lan ona egin dugu, eta beste batzuetan ez. Era berean, neurketa batzuetan asmatu egin dugu jokoa lantzean, eta beste batzuetan ez. Baina neurketa guztietan aldatu ez den ezaugarria da ez garela eraginkorrak izan. Aukera asko zein gutxi izan ditugunean ez dugu golik sartu». Hitz horiekin laburbildu zuen atzo Athleticeko entrenatzaileak talde zuri-gorriak orain arte egin duen lana.

Llorente, hasieratik

Gaur du aukera ona Athleticek egoerari buelta eman eta sendotzen jarraitzeko. Mugarri garrantzitsua izan daiteke zuri-gorrientzat. Ondo jokatu eta Albacete mendean hartuz gero, edozer gauza egiteko gai dela pentsatuko dute jokalariek eta ingurukoek. Final-laurdenetara pasatzeko gai ez bada, berriz, etsipena nagusituko da. Eta horrek eragin ezkorra izan dezake denboraldiaren bigarren txanpan, Espainiako eta Europako ligetan. Onerako zein txarrerako denboraldi osoa baldintza dezakeen partida da gaurkoa. Neurketa garrantzitsua delako egingo du Bielsak Fernando Llorenteren alde, Gaizka Toqueroren kaltetan. Aurrelari errioxarra sasoi onenetik urrun dago, baina, hala ere, ez dauka ordezkorik taldean. Ondo egon ez arren, aurkarien arreta bereganatu eta inguruan dituen taldekideentzat zuloak egiteko gai da. Hamaikakoko beste aldaketa atzean egingo du entrenatzaileak. Fernando Amorebietak min du orkatilan, eta ezdu jokatuko. Mikel San Josek ordezkatuko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.