FUTBOLA

Aurretik jarri da Athletic (1-0)

Athletic Valentzia baino askoz gehiago izan da, baina eraginkortasuna falta izan zaio, eta gol bakarra sartu du. Raul Garciak sartutako golak, halere, aldea eman dio talde zuri-gorriari itzuliko partidarako

Raul Garcia, gola ospatzen. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS
Julen Etxeberria.
2016ko martxoaren 10a
08:15
Entzun

Beñat Etxeberriak argi esan zuen partida bezperan BERRIAri emandako elkarrizketan. «Azkeneko bizpahiru asteotan eraginkortasuna baino ez da aldatu. Azken hiru partidetan aurrekoetan baliatu ez genituen aukerak asmatu ditugu». Hots, eraginkortasunean datza talde zuri-gorriak azken bi asteetan daraman bolada onaren gakoa. Bada, gaur gauean, eraginkortasuna falta izan zaio Athletici. Valentzia baino askoz gehiago izan da San Mamesen, Europa ligako final-zortzirenetako joaneko partidan, baina ez da gai izan nagusitasun hori garaipen argi batekin biribiltzeko.

Irabazi egin du, Raul Garciak partidako 20. minutuan buruz sartutako gol dotoreari esker, baina aldea txikia da zelaian ikusitakoaren arabera. Batetik, etxekoak goitik behera nagusitu zaizkielako bisitariei, eta bestetik, zuri-gorriek gol gehiago sartzeko aukera garbiak izan dituztelako. Gaur, ordea, eraginkortasun gutxi erakutsi dute. Hori bai, zuhaitzak ezin du basoa estali. Ernesto Valverdek entrenatuko taldea aurretik da kanporaketan, eta urratsa egin du final-laurdenetarako sailkatzeko bidean. Gainera, golik ez du jaso etxean, eta hori beti da ona kanporaketa batean.

Datorren ostegunean Mestallan jokatu beharreko itzuliko partidan erabakiko da kanporaketa. Baikor egoteko arrazoiak daude. Emaitzak gorabehera, argi dagoena da Athleticek olatu ona harrapatu duela, eta ez duela bertatik jaisteko asmorik. Olatu horrek gora eraman du berriz ligako sailkapenean, eta olatu horrek berak Europa ligako final-laurdenetara bidean jarri du ere. Itsas hondoan geratu dira, beraz, San Mamesen Realaren aurkako derbian galdu izanak utzitako zapore garratza eta Olympique Marseilla kanporatzeko pasatako sufrimendua. Irabaztea baino modu hoberik ez dago une txarrak bazter batean uzteko, eta hori ari da egiten azkenaldian Athletic, partidak bata bestearen atzetik irabazten. Lau dira jadanik bi aste eskasean kateatu dituen garaipenak, hiru ligan, eta bat Europa ligan.

Azken partidetan Athleticek Valentziaren aurrean erakutsitako nagusitasuna baikor egoteko nahikoa arrazoi ez bada, estatistikak ere badaude, eta horiek diote zuri-gorriak espezialistak direla aldeari eusten kanporaketa batean. Europako lehiaketetan, adibidez, joanekoa irabazi duten azkeneko zortzi aldietatik guztietan sailkatu dira gero—erdietan jokatu dute lehena etxean, eta beste erdietan etxetik kanpo—. Parmaren kontra huts egin zuten azkenekoz, 1995ean —1-0 joanekoan eta 4-2 itzulikoan—. Sasoi honetan, berriz, bitan egon da egoera berean, etxean lortutako aldeari etxetik at eutsi beharrean, Inter Bakuren aurka Europa ligako hirugarren kanporaketan —2-0 joanekoan eta 0-0 itzulikoan—, eta Vila-realen aurka Espainiako Kopako final-zortzirenetan —3-2 joanekoan eta 0-1 itzulikoan—. Bietan egin du aurrera. Kontuan hartzeko zerbait da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.