Dozena pasa kazetariren galderei erantzun die Pablo Prigionik (Rio Tercero, Argentina, 1977). Asko antzekoak. Pazientziarekin, badakielako erantzutea ere badela bere lana. Bukaerarako ernegatu samar, errieta egin die argazkilariei, jarrera batean edo bestean jartzeko eskatu diotenean: «Mugi, motel, hotzak nago eta. Ziur nire 1.000 argazki dituzula, baloi eta guzti».
Madrilen gertatutakoak eragindako sentipena haserrea hitzarekin definitu duzu.
Bai, benetan horrela sentitzen garelako. Partida perfektua egin gabe, hiru laurdenetan hankapean ibili genituen. Oso ondo aztertu genituen haien jokoko alorrik indartsuenak, eta oso ondo mugatu genuen haien erasoko jarduna. Azken laurdenean dena pikutara joan zen, defentsan makalago hasi ginelako, eta kolpe handia eman ziguten.
Bolada onean segitzea garrantzitsua zen Kopari begira, garaiezin zaretela erakusten jarraitzeko. Madrilgo porrotak hori aldatuko al du?
Ez, batere ez. Bat-bateko haserre horren ondoren, hotzean, egoera aztertu dugu, eta lasai hartu dugu. Ez da dramatzat hartu behar. Ligan galdu dugun bigarren partida da, eta otsailean gaude! Horrelakoak gerta daitezke, ACB ligako maila handia delako eta ezin delako beti irabazi. Baikorrak izan behar dugu, zer gertatu zen aztertu, eta ikasi, gauza bera berriz gerta ez dadin. Zorionez, otsailean gaude, eta Madrilgo kolpeak onartzeko modukoak dira. Kopan edo Lauko Finalean mingarriagoak dira horrelako kolpeak, ez daukatelako bueltarik.
Taldeak abenduan eta urtarrilean erakutsitako indarra galdu duela dirudi kanpotik. Atenasen galdu, asteburuan Madrilen...
Kanpotik, eta barrutik ere bai. Urtarrilean ikusgarria izan zen gure jarduna, baina Teletovic 10-15 egun izan zen taldetik kanpo, eta Splitter ere bai, eta hori asko nabaritu dugu. Kaltea ez da handia izan, halere. Irregulartasun apur bat izan dugu, baina talde osoa prest dago berriro, sasoi betean laster, eta urtarrilean bezala sentitu nahi dugu lehenbailehen.
Zu zer moduz zabiltza? Lesio bat gainditu ezinik hasi zinen, gero sasoi ona lortu, eta azken asteetan nekatu samar zaudela nabari zaizu.
Nik ere behera egin dut, bai. Ez da arazo fisikoa izan. Jaurtiketa dezente kale egiten ari naiz, eta horrek dezente ernegatzen nau, normalean jaurtiketa garrantzitsuak egiten ditudalako. Taldeak asko nabaritu du nik jaurtiketa horiek ez saskiratzea, eta asmatzen hasi behar naiz. Azkar. Defentsan ere badut zer hobetu.
Zergatik gorabehera horiek jaurtiketan?
Zaila da horri erantzutea... Konfiantza kontua izango da, noski. Boladak daude, onak eta txarrak, eta nirea oraintxe ez da oso ona.
Madrilen galdu arren, askorentzat Liga irabazteko faboritoak zarete oraindik ere.
Beno, normala ere bada, ezta? 32-5 da gure balantzea denboraldia hasi zenetik, eta galdu ditugun bost partida horiek ere gutxigatik galdu ditugu. Irabazitako asko, aldiz, alde handiarekin irabazi ditugu. Dena den, nik ez dut aintzat hartzen adituek diotena, eta are gutxiago Kopan. 120 minutuko partida bat da, eta ez dago erdibiderik. Minutu guztietan jokatu behar duzu ondo, eta hori ez da erraza. Errespeta dezagun Pamesa, eta hura garaitzen badugu, pentsatuko dugu hurrengo koskan. Badirudi kantxaratu gabe garaituko dugula Pamesa, eta hori ez da horrela. Muturreko bat emateko gai dira.
Zuen Kopako egutegia bestea baino gogorragoa da.
Beno, eta baldin bada ere, zer? Ligako zortzi talde onenak gaude, eta Kopa jasotzeko onenen aurka jokatu behar da, derrigor. Kopa irabazteko bideak baino gehiago arduratzen nau ostegunean hasteak. Nahiago nuen ostiralean hasi, eta jokatu beharreko partidak segidan jokatu. Pamesa garaituz gero, ostiraleko atseden egun hori ez dut oso atsegin.
Zonakako defentsa gainditzeko komeria franko dituzue, eta pentsatzekoa da Kopan ere defentsa hori egingo dutela aurkariek.
Ez nago ados iritzi horrekin. Beste partida batzuetan zonakako defentsak egin dituzte gure aurka, eta irabazi egin dugu. Madrilgo porrotarekin analisi zabalagoa egin behar da. Aurkari guztiek ahal duten baliabide guztiak erabiltzen dituzte gu garaitzeko, erabiltzen dituzten asko ez direlako eraginkorrak. Zonakako defentsa egiten badute, gainditzen saiatuko gara, beste defentsa mota guztiak bezala. Gure ikurra, dena den, ez da erasoa, jendeak hala uste badu ere. Talde honek bere defentsa onari esker lortzen du arrakasta. Saskiratu gabe partidak irabaz daitezke. Defentsa onik egin gabe, ez.
Zaleengan-eta ilusio berezia sumatzen da denboraldi honetan. Baskoniaren urtea dela diote askok.
Bai, nik neuk ere sarritan sumatu dut sentipen hori. Ez dut ukatzen, baina ñabardura bat egingo nuke. Azken lau urteak ez al dira gure urteak izan? Lauko lau final jokatu ditugu jarraian, Liga, Kopa, Superkopa irabazi... Aurten gure urtea da, edo izango da, baina aurreko laurak ere bai! Baskoniak sekulako kirol arrakasta lortu du azken urteetan, eta bost entrenatzailerekin. Taldea beti bezala dago: sendo. Beti ondo, beti onenen artean. Atzera begiratu, talde honetan jokatu eta taldea utzi duten jokalarien zerrenda ikusi, eta elitean irautea lorpen ikaragarria da. Scola, Macijauskas, Nocioni, Calderon... Zaleek duten arrakasta gose hori txalotzeko modukoa da, baina zentzu pixka bat izatea ere komenigarria da.
Seigarren urtea duzu Gasteizen, eta, egun, iraganean bezala ari zara. Izaera handiko jokalaria zara, beroa.
Bai, eta hori ezin da aldatu. Asko sufritzen dut galtzen dugunean, eta asko gozatu irabaztean.
Motibazio handiarekin jokatzen duzu parean izarrak omen diren jokalari gazteak dituzunean: Brandon Jennings, Ricky Rubio...
Egia esan, ez diot garrantzi handirik ematen parean dagoenari, nik konfiantza handia dudalako nire jardunean. Kontua da gazte horiek oldarkorrak direla oso, eta zuk zeuk ere oldarkorra izan behar duzula, zurea defendatzeko.
Gasteizko zalea jantzia da, eta, batzuetan, hiruko jaurtiketa asko kale egin eta jaurtitzen jarraitzen duzunean, txistu egiten dizute. Zer moduz hartzen dira txistu horiek?
Ondo, onak dira gauzen bat ondo ez zarela egiten ari jabetzeko. Partida ona egiten dudanean txalotzen nauten neurrian, aurpegiaren beste aldean ezagutzea ere ona da. Partida ona egiten dudanean, ez dut prentsa irakurtzen, laudorioak-eta aintzat ez hartzeko. Lasaitu egiten naiz. Ondo jokatzen ez dudanean, ordea, irakurtzen dut, kritikak eta beste, nire jardunaren inguruan zer esaten duten jakin, eta kritika horiek errepika ez daitezen saiatu.
Gasteizen oso maitatua zara. Irrati esatari batek dioen moduan, taldea uzten duzunean jabetuko da zalea zein garrantzitsua izan zaren.
Tira: oraingoz taldean nago, eta Baskonia oso instituzio sendoa da. Lehen ere esan dut jokalari on asko joan direla eta taldeak punta-puntan jarraitzen duela.
Udan taldea uztekotan egon zinela diote mingain gaiztoek, Grezia aldetik eskaintza bikaina jaso zenuela.
Zuk zeuk esan duzu. Zurrumurruak. Ni erabat identifikatuta nago Baskonia hitzak bere osotasunean duen esanahiarekin, eta oso gustura nago. Udan kontratua bukatuko zait, baina bi aldeak ados jartzen bagara, beste urtebetez luzatzeko aukera dago. Ikusiko dugu, baina nik hemen geratu nahi dut. Sei urte daramatzat dagoeneko, taldekideak bikain ezagutzen ditut, eta badakit haien onena bilatzen.
Taldeak ere asmo hori edukitzea litzateke normalena, urteak baitaramatza joko antolatzaile onak hautatzen proiektua gidatzeko: Pablo Laso, Calderon, zu zeu...
Elmer Bennett ahaztu zaizu. Zerrenda hori errepasatu, eta garbi dago talde honetan ideiak garbi dituztela.
Astelehenean Koparekin etxera?
Astelehena azkar iritsiko da. Orduan argituko da zure zalantza.
«Aurten gure urtea dela? Aurreko laurak ere izan dira»
Pablo Prigioni Baskoniaren arima da, arima eta burua. Madrilen galdu eta gero haserre daudela dio, baina ez dela dramatzat hartu behar. Pamesa errespetatu egin behar dela dio, gaurko aurkaria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu