Penatuta agertu dira 'Euskal Herria' izenpean jokatzearen alde egin zuten futbol jokalariak aurten ez delako selekzioaren Gabonetako lagunarteko partidarik izango, baina horren ardura Federazioarena eta Eusko Jaurlaritzako Kirol Zuzendaritzarena dela iritzi diote gaur plazaratu duten idatzi baten bidez. Hain zuzen ere, Euskadiko Futbol Federazioak bihar Iranen aurka jokatzekoa zen gizonezkoen partida bertan behera geratu dela baieztatu ondoren -emakumeek Galiziaren kontra jokatu behar zutena ere ez da jokatuko arrazoi beragatik- , gertatutakoari buruzko beren ikuspuntua eta azalpenak eman nahi izan dituzte jokalariek.
Esan bezala, aurten partida ez jokatzearen arduradunak Federazioa eta Jaurlaritzako Kirol Zuzendaritza izan direla diote. Lehena, iaz adostutakoan -Euskal Herria izenarekin jokatzea- atzera egin duelako, eta Kirol Zuzendaritzarena erabaki hori har dezan Federazioa presionatu duelako. Izan ere, jokalariek argi dute Kirol Zuzendaritzaren presioengatik hartu duela Federazioak 'Euskadi' izenera itzultzeko erabakia.
Konponbide bat lortze aldera azken bilera abenduaren 17an egin zutela agertu dute futbolariek, eta partida joka zedin adostasuna errazteko 'Euskal Selekzioa' izenarekin jokatzeko prest agertu zirela eurak. Federazioko eta Jaurlaritzako ordezkariek, ordea, bide hori ez zutela onartu agertu dute. Aldiz, 'Euskadi' izenarekin jokatzea baina elastikoetan 'Euskal Herria' izena eramatea proposatu zietela agertu dute, baina jokalarien ordezkaritza zabalarekin kontsulta egin ondoren ez onartzea erabaki zutela.
Dena den, aurrera begira "selekzio ofizialaren" alde eta adostasunera iristeko urratsak emateko prest agertu dira jokalariak; areago, azaldu dutenez, azken bilera horretan etorkizunean hizketan eta konponbidearen bila jarraitzeko konpromisoa hartu zuten hiru aldeek. Euren borondatea elkarrizketa horiekin segitzea dela azpimarratu dute.
Gizonezko
Selekzioaren inguruko auzia
Aurten partidarik ez jokatu arren, aurrera begira selekzioaren aldeko urratsak ematen jarraitu nahi dute futbolariek
Agertu dutenez, abenduaren 17an egin zuten azken bilera Federazioarekin, hautatzailearekin eta Jaurlaritzako arduradunarekin, eta aurten Iranen aurkako partida jokatzeko ados jarri ez ziren arren, etorkizunean konponbide bila hitz egiten segitzeko konpromisoa hartu zuten. Arazo nagusia ez dela izena berretsi dute jokalariek, zazpi herrialdeetako jokalariekin osatutako selekzio ofiziala lortzeko urratsak ematea baizik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu