Euskal paralinpiar kirolak «trantsizio» unea bizi duela diote kirol agintariek. Javier Conde, Santi Pesquera, Javier Otxoa, Sara Carracelas eta antzeko izen loriatuek erretiroa hartu dute, eta dominategian sumatuko da. Londresen arituko direnen artean Richard Oribe da noizbait dominen bat lortu duen bakarra, eta askogatik esperientzia handiena duena. Zerrenda handiagoa izan zitekeen, Estitxu Vivancok gutxieneko marka egin zuelako, baina Frantziako igeriketa selekzioko hautatzaileak ez zuen aukeratu.
Richard Oribe
Mitoak egurrean dirauSeigarren jokoak ditu Richard Oribe igerilariak (Donostia, 1974). Askorentzat, inoizko euskal paralinpiar onena denak bere mitoa handitzen jarraitu nahi du. Hamalau domina irabazi ditu, Bartzelonan aurrenekoz uretaratu zenetik: horietatik zortzi, urrezkoak. Garun paralisidun inoizko igerilaririk onena da.
Aurreko jokoetan lau probatan parte hartu izan badu ere, Londresen hirutan bakarrik ariko da, estilo libreko 50, 100 eta 200 metrokoetan —taldekakoetarako aukeraketan ere sar daiteke—. Hiruretan munduko txapeldunorde da gaur egun, eta jokoetan bere onena emateko duen ahalarekin ez litzateke harritzekoa hiruretako batean urrezko dominaren bat kolkoratzea. Oribe hilaren 31ko goizean hasiko da lehiatzen, estilo libreko 50 metrokoan. 100 metrokoa irailaren 5ean jokatuko du, eta 200 metrokoa, bere proba kutuna, 8an. Sailkapenak goizez jokatuko ditu, eta, aurrera eginez gero, finalak, arratsaldez.
Ander Romarate
Esperientzia da helburua«18 urterekin ezin dut gehiago eskatu, eta finalarekin konformatuko nintzateke. Helburua eskuratu dut dagoeneko, esperientzia hartzea da hurrengoa». Igerilari eibartarra da etorkizuna (1994), eta Oribe miresten du. Zangoetako arazoei aurre egiteko gomendatu zioten igerian hastea, eta, orain, pasio bilakatuta, bere lehen jokoetan ariko da, S8 mailan.
Hiru probatan hartuko du parte, bizkar eta bular estiloko 100 metroetan, eta 4x100 estilokoan, Espainiako laukotearekin. Irailaren 1ean bular estiloan jardungo du, 4an bizkar estiloan, eta taldeka 8an. Sailkapenak, goizez, eta aurrera eginez gero, arratsaldez. Bizkar estiloan seigarren izan zen Munduko Txapelketetan.
Mari Carmen Rubio
Urrea du begiz jota«Helburua urrea lortzea da», baikor abiatu da Londresera arku tiratzaile nafarra (Iruñea,1974). Arazo fisikodunen mailan ariko da, eta azken Munduko Txapelketetan eginikoa pixka bat hobetzeko asmoz. 2009an laugarren izan zen, eta 2012an bosgarren. Bere lehen jokoak ditu, etaarku konposaturako gutxieneko marka bi aldiz lortuta sailkatu zen.Rubio 30ean hasiko da lehiatzen, eta, aurrera eginez gero, 31n, 2an eta 4an izango ditu kanporaketak.
Laura Garcia
Pekingoa hobetzeraBere bigarren jokoak ditu, eta Pekinen lorturiko diploma —zazpigarren izan zen— hobetzea du helburu Garciak (Barañain, Nafarroa, 1981). Ikusmen arazoak dituzten judokentzako 48 kiloz azpiko mailan lehiatuko da, hilaren 30ean. Seigarrena da munduko sailkapenean eta dominen lehian egon daitekeela aurreratu du.
Aitor Oroza
Bere maila balitz...Bigarren jokoak egingo ditu Orozak bere trizikloaren gainean (Bilbo, 1976), eta berak baino urritasun maila txikiagoa duten kontrarioen aurka (T1-T2 mailak). Bere mailan lehiatuko balitz, dominak ia ziurrak lirateke; baina besteekin nahastuta, zailagoa da. Pekinen zazpigarren izan zen erlojupekoan, eta hura hobetu dezakeela uste du. Irailaren 5ean, arratsaldez jokatuko du erlojupekoa eta 8an errepideko proba.
Asier Garcia
Hegal pibotaren ilusioaHamabi urterekin tren batek harrapatu, eta hanketan izandako kalteek ez zioten saskibaloia kendu. Bilboko «munduaren hiriburuko» hegal pibotak (1981) lehen jokoak ditu, eta dominen lehian egon nahi du Espainiako selekzioarekin. Iaz, hirugarren izan ziren Europako Txapelketan, eta baikor dira. 30etik 3ra lehen faseko partidak jokatuko dituzte, Italia, Hegoafrika, Australia, Turkia eta AEBen aurka hurrenez hurren.
Kirolari horiez gain, hiru euskal teknikari ere joango dira Londresera: Xabier Aymerich (Igeriketa), Marci Vazquez (Olinpiar tiroa) eta Santi Pesquera (Boccia). Saskibaloi epailerik ere egongo da: Juan Manuel Uruñuela arabarra, bere laugarren jokoetan.