Pirinioetako bigarren eta azken etapak mugimendu sorta eragin zuen atzo Frantziako Tourrean. Denen gainetik, Tadej Pogacar (UAE) esloveniar gaztea gailendu zen helmugan, esprintean, eta Marc Hirchiri (Sunweb) ametsa zapuztu. Haiekin batera iritsi ziren Egan Bernal (Ineos), Mikel Landa (Bahrain) eta Primoz Roglic (Jumbo Visma). Roglicek eskuratu du maillot horia, Simon Yatesen (Mitchelton) kaltetan. Gaur, atseden eguna izango dute.
Indartsu hasi zuten eguna txirrindulariek, eta kostata sortu zen eguneko ihesaldia. Hala, tropelari aurrea hartu zion taldetxoa zazpi lagunek osatu zuten: Warren Barguil (Arkea), David Gaudu, Sebastian Reichenbach (Groupama), Lennard Kamna (Bora), Wout van Aert (Jumbo Visma), Dylan Van Baarle (Ineos) eta Pierre Rolland (B&B Hotels-Vital Concept).
Eguneko protagonista, ordea, beste bat izan zen: Marc Hirchi. Eguneko lehen mendatean erabaki zuen aurrerako bidea bakarrik egitea, eta ia ehun kilometro egin zituen lasterketa buruan, eta tartean lau mendate igaro. Onenen taldeak helmugarako bi kilometro eskasera harrapatu zuen. Azkenera arte ez zuen etsi, eta hark jaurti zuen azken esprinta, baina luze egin zitzaion, eta bi esloveniarrek aurrea hartu zioten. Pogacar izan zen azkarrena, eta Roglic bigarren. Gainerako faboritoei ateratako abantailari esker, Jumboko gizonak sailkapen nagusiko lehen postura egin du jauzi, duela bi urte etapa garaipena lortu zuen leku berean.
Marie Blanque (7,7 kilometro, %8,6) mendate ezaguna igotzen ari zirela piztu zen faboritoen arteko sua. Pogacarrek eragin zuen, hain zuzen, Jumbo Vismaren erritmoa haustea eta Roglic taldekiderik gabe geratzea. Bernal eta Landa bakarrik izan ziren gai esloveniarrekin jarraitzeko. Richi Porte (Trek) ere saiatu zen, baina mendateko azken kilometroetako %10etik gorako aldapek eta erritmo gogorrak atzean utzi zuten.
Laukoteak, elkar ulertuta, gainerakoei ateratako abantailari eustea lortu zuen, eta 11 segundoren atzerapenarekin iritsi ziren helmugara Guillaume Martin (Cofidis), Nairo Quintana (Arkea), Porte eta Bauke Mollema (Trek), Roman Bardet (Ag2r), eta Rigoberto Uran (Education First). Atzerago iritsi zen ordura arte lider zena. Simon Yatesek 54 segundo galdu zituen, baita, besteak beste, Richard Carapazek (Ineos Grenadiers), Enric Masek (Movistar), Miguel Angel Lopezek (Astana) eta Tom Dumoulinek ere (Jumbo Visma).
Gauzak hala, Roglicek 21 segundo ateratzen dizkio Bernali sailkapen nagusian, eta 28, berriz, Martini. Lehen euskalduna Mikel Landa da, hamargarren, 1.42ra. Gaur atseden eguna izango dute txirrindulariek, eta PCR probak egingo dizkiete. Biharkoa tropeleko azkarrenek aprobetxatzeko moduko eguna izango da. Halere, tentuz ibili beharko dute, haizea gailen izan daiteke eta.