Hilberria. Marco Simoncelli

Ausardiaren alde iluna

jon eskudero
2011ko urriaren 25a
00:00
Entzun
Motor gainean, oldarkorra eta erasotzailea, eta behin motorretik jaitsita, mutil umoretsua eta lagunartekoa. Halakoxea zen Marco Simoncelli, 24 urteko italiarra, eta halaxe gogoratuko dute guztiek. Ausardiak eta zorte txarrak bizitzako azken arnasa hartzera behartu zuten herenegun, Sepango zirkuituan, Malaysiako Sari Nagusian. MotoGPko lasterketako bigarren itzulian erori, eta kaskoa galdu zuen. Lurrean arrastan zihoala, Colin Edwardsek eta Valentino Rossik azpian hartu zuten, eta ezin izan zien kolpe gogor horiei aurre egin.

Gertutik bizi izan zuten zoritxarreko erorikoa Simoncelliren guraso eta bikotekideak. Hango guztien gisan, jota geratu ziren, baina aita bera izan zen gainontzekoak animatzen jardun zuena. Erori bezain laster ikusi zen istripu larria zela. Buruko kaskoa airean irten zitzaion, eta mugitu ere egiten ez zela geratu zen asfaltoaren gainean. Larrialdietako zerbitzuek berehala artatu zuten, eta helikopteroz eraman zuten ospitalera, baina bidean hil zen.

Gidatzean zuen ausardiarengatik zen ezaguna, eta hainbat aurkarik egotzi zioten noizbait zorigaiztoko istripuren bat eragingo zuela. Halere, herenegungoa, oldarkortasunaren eraginez baino gehiago, zorte txarrarengatik izan zen. Kasualitatea izan zen momentu horretan bi pilotu atzetik etorri eta azpian hartzea, baina halaxe egokitu zitzaion. Pistan zituen bere bi lagunik onenak, gainera.

250 cc-ko Munduko Txapeldun izan zen, baina bere ametsa bete gabe esan du agur, GP Mailan nagusitu gabe. Motor munduko etorkizuneko izar handi bat galdu da. Gaur izango da hileta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.