Azken urteetan Australiako Melbournen hasi izan da 1 Formula denboraldia, eta lasterketa bikainak ikusi dira han. Aurten Bahrainek kendu zion txapelketa irekitzearen ohorea, eta, emaitza ikusita, ezin da esan ideia ona izan denik. Albert Park zirkuitua oso laua da, baina ziur ikuskizun hobea eskainiko duela.
Bahrainek ez zion hasiera dotorea eman denboraldiari, eta hango guztia ahaztea nahi du Melbournek. Handik Fernando Alonsoren garaipena bakarrik geratu- ko da, Vettelen erritmo azkarra, eta talde berrien debuta. Beste guztiak desberdina izan behar du oraingoan. Gauza batzuk aldatzen hasi dira dagoeneko.
Batetik, euria egin zuen atzo. Neguan nahi baino gehiago izan zuten taldeek, beraz, normalean euria gustuko ez baldin badute, atzo are eta gutxiago. Talde berriek, oraindik ordezko pieza gutxi dituztela eta, ez zuten arriskatu nahi izan, euripean pista irteerak ohikoak baitira. Batez ere, autorik apenas erabili duten gidarientzat. Sennak eta Chandhokek hasieratik hartu dute parte saio libreetan, eta autoa sendotuz doaz.
Bestetik, FIA hasi da lanean Bridgestoneri ausardia gehiagoz joka dezan exijitzeko. Australian jada ezer gutxi alda dezake, baina mezua jaso dute. Nahikoa izango ote da hori? Ikusi beharko da, baina ezin zaie japoniarren pneumatikoei erru guztia bota ikuskizuna ez zelako izan. Eta, gainera, Australia lasterketa dotoreagoa izango da. Zuzengune nagusian aurreratzeak izan ohi dira, eta hori ere gertatuko da aurten. Atzealdean ere bada zuzengune pare bat bihurgune azkar batzuen ondoren. Kobayashi, Alonso eta Schumacher tartean izanda, ikuskizuna izango dago.
Lau talde nagusien lehia hor badago ere, oraingoz bi auto indartsuenak Red Bull eta Ferrarirenak dira. Gidari azkarrenak ere bi talde horietan daude: Vettel eta Alonso. Inor ez da besteaz fio, eta Bahrainen Vettelek izandako arazoak zalantza batzuk eragin ditu. Zer gertatuko zen bujiak huts egin ez balio? Denetariko iritziak daude, baina kontua da Alonsok berak ere ez dakiela zertarako gai den Vettel: «Bahraingo lasterketaren bigarren erdian erosoago nindoan, baina agian bera lasterketaren une hori kontrolatzen ari zen... Zaila da jakitea».
Biek ala biek argi daukate irabazlea gaurko sailkatze saioan egindako lanaren araberakoa izango dela, eta itzuli bakarrera Red Bull autoak dirudi azkarrena. Gainera, Mark Webber etxean ari da asteburu honetan, eta Bahraingo emaitzaren ondoren zerbait erakutsi beharra dauka. Bere erretiroaren inguruko zurrumurrua gero eta gehiago ari da zabaltzen, baina oraindik txapeldun izan daitekeela erakutsi nahi badu, Australia da horretarako toki aproposena.
Adi aurreratzeei
Kontuan izan behar da Bahraingo zirkuitua luzea zela, eta auto mantsoei itzulia ateratzea ez zela askotan gertatu. Baina Melbourne askoz ere laburragoa da, eta pistan auto gehiago pilatuko da. Jakina da horrek lasterketan guztiak elkartuko dituela, aurreratzeko aukerak handituz. Ezin da ahaztu gidari batzuek ez diotela hasiera ona eman denboraldiari, eta berandu baino lehen egoerari buelta eman nahi diotela. Horien artean Button eta Schumacher daude. Albert Parkeko irteera istilutsua ongi gainditzea ere garrantzitsua izango da.
Australiak atzean utzi nahi du Bahrain
Red Bull eta Ferrari dira oraingoz onenak, baina McLaren eta Mercedesek haien pare ibili nahi dute bihar Albert Parken
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu