ERRUGBIA. V. MUNDUKO KOPA

Australiak ez du hain erraz irabazi

Munduko txapeldunek Argentina menderatu dute Mundialaren estreinakoan, bi entsegu eginda

DONOSTIA
2003ko urriaren 11
00:00
Entzun
Mundialaren estreinan, txapeldunek lehen erronka gainditu zuten: Argentina mendean hartzea (24-8). Lehen zatian garaipenean sinetsita ekin zioten australiarrek; batez ere aitzin-multzoan. Aipagarriak izan ziren Lyonsen sarrera bortitzak, eta gibelean Sailorrenak. Eskasetan askoz hobeto moldatu ziren Wallabiesak, eta, oro har, baloiaren jabetza ukan zuten.

Bigarren zatiko oren laurdenerako 17-3 ziren. Orduan hasi zen Argentinaren erantzuna, baina abiadurarik gabe burutu zituzten jokaldiak, eta ez ziren gai izan australiarren defentsa gainditzeko, behin baino ez. Argentinaren erronka Irlanda menderatzea da, baina atzo ere gogotsu jardun zuten. Kontua da Australia gehiago dela, joko ikusgarririk egin ez arren.

Argentinarrek 11 jokalari dituzte Frantziako Ligan, eta nabari da. Gainean egon ziren partida osoan eta presioa egin zuten uztartzeetan. Australiako Flatleyk egin zuen sakea, eta jokalari horrek 6-0ekoa egin ondoan, Sailorrek egin zuen lehen entsegua (21').

Hurrengo bost minutuetan argentinarrek gorantz egin zuten, jokalari bat gutxiagorekin zirela. Atsedenaldira, halere, 14-4. Bigarren zatiaren hasieran Giffin lesionatu egin zen. Flatleyk 17-3koa egin ondoren Argentinak erasoari ekin zion. Baloiaren jabetza lortu zuen, eta biziki saiatu zen jokaldiak katetatzen, baina ezin zuen txapeldunen defentsa zulatu. Noizbait, Corlettok baloia marraz bestalde pausatu zuen eskuinetik, Sailor gaindituta.

Ez zuen iraun bi minutu argentinarren pozak, gutxienez, puntu bat lor baizezaketen, gutxigatik galduta. Joe Roffen erabakigarritsuna agerian geratu zen beste behin. Miarritzeko jokalari ohiak baloia jaso bezain laster korrikaldiari ekin zion, eta hagaperaino joan zen.

Mundialeko lehen entsegua Wendell Sailor australiarrak egin zuen, bi kontrario gaindituta; Roffek hasi zuen jokaldia. Lehen txartel horia Manuel Contemponik jaso zuen, Rogers jauzia egiten ari zela plakatzeagatik. Bestalde, Giffin australiarrak lesio larria ukan zuen, baina badirudi ez duela bizkar-hezurra kolpatua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.