Txapelketa guztietan bi multzotan bereizten dira taldeak. Faboritoak eta besteak. Besteen multzokoei errespetua eta beldur pixka bat ematen die faboritoen aurka jokatu beharrak. Faboritoek errespetua soilik izaten dute besteen aurka jokatzean. Baina aurkaria Turkia bada, errespetuari beldur pixka bat gehitzen zaio. Izan ere, besteen multzoko aurkari gaiztoenetako bat da.
Anarkian oinarritzen du jokoa. Partidak zenbat eta nahasiago, orduan eta hobeto. Nondik heldu halako aurkari bati? Asmatzen badu,txikizioa eragin diezaioke Turkiak edozein talderi. Horretarako baliabideak ez zaizkio falta. Hor izango da Nihat, eta hor izango dira Semih eta Turan gazteak. Ezin aipatu gabe utzi Hamir Altintop (osatzen bada), Emre eta jatorri brasildarreko Mehmet Aurelio. Anarkiak badu, baina, arriskua. Turkiak asmatzen ez badu, aurkariek erraztasunak izango dituzte.
Oso hari finaren gainean ibiliko da Turkia. Ohi bezala. Erortzen ez bada, arrakasta. Erortzen bada, porrota. Horixe dauka anarkiaren aldeko apustuak. Anarkia, onerako eta txarrerako.
AUSTRIAKO ETA SUITZAKO EUROKOPA. A MULTZOA. Anarkia, onerako eta txarrerako
Turkia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu