Etxean jokatzeko, itxura batean, egokiagoak dira jokalari helduak presioaren zamari eusteko. Gazteen aldeko apustua arriskutsuegia dela ematen du. Baina Suitzak gazteengan jarri du itxaropena, eta talderik gazteenetakoa izango da Eurokopan. Hala erabaki du txapelketako entrenatzaile beteranoenetako batek, Jacob Kuhnek.
Gazte horiek, ordea, ez dira kamutsak. 2002an, 17 urtez azpiko Europako txapeldun izan ziren. Haiek izango dira taldearen oinarri, eta haiengan dute jarrita itxaropena suitzarrek. Baita Kuhn berak ere, helburuak zehazteko garaian, ez baita kikildu. «Final laurdenetara sailkatu nahi dugu», esan du. Hartara, 2004ko Eurokopako emaitza hobetuko luke, ez baitzuen lehen fasea gainditu.
Lau urte hauetan 2008an Europako txapeldun izeneko egitasmoa landu du Kuhnek taldean. «Oso aurreikuspen baikorrak dira, baina helburu handiak jartzen baditugu, konfiantza handiarekin jokatuko ditugu partidak», azaldu du. Beharko dute konfiantza. Batez ere, erasoan. Alex Frei golegilea taldean eduki arren, arlo hori baita Suitzaren ahuldadea.
AUSTRIAKO ETA SUITZAKO EUROKOPA. A MULTZOA. Gazteen aldeko apustua
Suitza
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu