AUSTRIAKO ETA SUITZAKO EUROKOPA. A MULTZOA. Jokatzeko modua aldatu beharko du

Txekia

Aitor Manterola Garate.
2008ko ekainaren 3a
00:00
Entzun
2004ko Eurokopan sekulako txapelketa egin zuten txekiarrek. Hirugarren izan ziren, eta joko ederra erakutsi zuten. Futbol zaleak liluratu zituzten Nedved, Koller, Poborsky, Baros, Rosicky, Smicer eta gainerakoek. Erasoko joko ederra bezain eraginkorra zeukaten. Ikuskizuna.

Talde hartatik jokalari garrantzitsu batzuk faltako dira orain. Nedved, Poborsky eta Smicer selekzioa utzita daude. Baina haien hutsunea estali behar zuen Rosicky ere ez da ariko txapelketan. Min hartuta dago. Erasoko jokoaren argia izan behar zuen Arsenaleko erdilariak, eta haren hutsuneak buruhauste handiak eman dizkio Karol Bruckner entrenatzaile beteranoari. Jokatzeko modua aldatzerainokoak. «Erasoko jokoa gustatzen zait, baina taldearen ezaugarriak hartu beharko ditut kontuan». Gustuko ez duen moduan jokatu beharko duela, alegia. Hortaz, litekeena da azkeneko urteetan ikusi dugun Txekia ez ikustea. Bestelakoa izango da. Hobea edo eskasagoa izango den emaitzek zehaztuko dute.

Orekaren aldeko apustua egin beharko du Brucknerrek. Oreka aurkitu nahi du. Erasoa eta defentsa uztartu. Azkenaldian Txekiak izan ez duena, hain zuzen. Batez ere, 2004ko Eurokopa bukatu zenetik. Oreka aurkitzen badu, txapelketa polita egin dezake. Horretarako, jokalari beteranoak eta gazteak uztartu ditu entrenatzaileak deialdian. Hor izango dira Koller, Galasek, Ufjalusi, Jankulovski eta Baros beteranoak Fenin eta Sverkos gazteei bide zuzena zein den erakusteko.

Gazteak eta beteranoak uztartzea probetxugarria izan daiteke txekiarrentzat. Irabazteko gosea berezkoa izaten dute gazteek, eta beterano batzuentzat txapelketa irabazteko azken aukera izan daiteke.

Baina garrantzitsuena jokatzeko modu berrira egokitzea izango da. Hala bada, ezustekoa eman dezakete txekiarrek.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.