AUSTRIAKO ETA SUITZAKO EUROKOPA. B MULTZOA. Arriskutsuak, baina ez aurkariarentzat soilik

Kroazia

Aitor Manterola Garate.
2008ko ekainaren 4a
00:00
Entzun
Balkandarrek lehiatzeko berezko gaitasuna daukate. Kroaziarrak ez dira salbuespena. Jakina da, gainera, baloia erabiltzeko teknika oneko jokalariak izaten direla. Etenik ez duen harrobia da balkandarrena. Azken harribitxia Luka Modric da. Talentuari berezko lehiakortasuna gehituta, talde arriskutsua da Kroazia.

Baina bi arlo horietan daukaten indarra alferrik galtzen dute askotan. Selekzioaren inguruan izaten diren istiluak tarteko. Beti dute iskanbilaren bat. Baita orain ere. Egun selekzioko entrenatzaile den eta lehen erdiko atzelari ona zen Slaven Bilicek Eurokoparako jokalarien zerrenda eman orduko sortu zen kalapita. Ezustean, Mandzukic eta Krizenac kanpoan laga ditu, eta bi haien ordez, bi gazte hautatu: Kalinic eta Vejic. Hainbat hedabidek eta zale askok ez dute ulertu erabakia. Horra iskanbila.

Txapelketari ondo ekiten badiote, baretu egingo da kalapitaren zarata, baina gaizki hasten badira...

Betiko arazo horietaz gain, badu beste bat Kroaziak. Taldeko jokalari onenetakoa, Eduardo da Silva, ez da ariko, Arsenalekin jokatzen ari zela hanka txikitu ziotelako. Jatorri brasildarrekoa jokalari aparta da, azken metroetan jokoa sortzeaz gain golak erraz eta erruz sartzen dituelako.

Aukeran buruhauste gehitxo dauzka Kroaziak txapelketan txukun ibiltzeko. Baina, edozertarako gai direnez, kontuan hartzeko taldea izan daiteke. Galdetu, bestela, Ingalaterrari. Ez dute berehala ahaztuko sailkapen faseko azken partida hura. Eurokoparik gabe laga zituen Kroaziak.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.