Poloniako herritarrei galdetzen bazaie zer helburu lortu nahi duten Eurokopan, gehienek erantzun hau ematea ez litzateke harritzekoa izango: Alemaniari irabaztea. Bigarren Mundu Gerrako oihartzun ozenak daude erantzun horren oinarrian. Baita beste zerbait ere. Poloniako herritarrentzat sekulako garaipena da Eurokoparako sailkatu izana, eta taldeak egiten duena egiten duela, gustura egongo dira.
Lehen aldiz ariko da Polonia Eurokopan. Ondo merezita lortu zuen txartela, multzoan aurrena bukatu zuelako. Portugal utzi zuen atzean. Inork gutxik espero zuen hori, 2006ko Munduko Kopan oso eskas aritu zirelako. Baina isil-isilik lortu zuten txartela.
Mirari antzeko horren eragile nagusia entrenatzailea izan da. Leo Beenhakker. 2006ko abuztuaren 11tik dago bertan, eta emaitza bikainak lortzen ari da.
Holandarra izanik, garbi dago zer joko molde gustatzen zaion. Garbi esan du egun hauetan: «Jokalariek badakite aurrerantz jokatu behar dutela, baloia ukitu, kontrolatu eta beti irabaztera joan». Horretarako «jokalari talentudunak» dituela esan du. Haien artean, Ebi Smolarek. Denboraldi polita egin du Santanderren, eta izarra da. Baina, gainerako taldekideak bezala, jokatzera eta gozatzera joango da, aparteko presiorik gabe.
AUSTRIAKO ETA SUITZAKO EUROKOPA. B MULTZOA. Galtzeko gutxi eta irabazteko asko
Polonia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu