Selekzioen arteko edozein txapelketatan, beti dago lehia hasi aurretik kritika gogorrak jasotzen dituen taldea. Batzuen ustez aspergarria den jokatzeko moduagatik. Baina kritikak kritika, zatarkeriak zatarkeria, txapelketa guztietan onenen artean ibiltzen da. Italiarrak dira. Italiarrak direlako.
Txapelketa hau hasi aurreko orrialde berezietan, irratsaioetan eta telebista saioetan, Italia hizpide hartu orduko irakurriko, entzungo eta ikusiko dira haien jokoaren aurkako aldarriak. Bat dela, bestea dela, beti dute motiboren bat italiarren aurka egiteko. Beti agertzen da motibo bera. Defentsako lana. Oso atzean jokatzea eta erasoan ezer gutxi egitea leporatzen zaie. Iritzi hori ez da okerra, baina lan hori egiten ere jakin egin behar da. Eta horretan, munduko onenak dira italiarrak. Baina haien aurka sekulakoak eta bi esaten dituztenak aho bete hortz geldi daitezke orain. Italiak inoiz baino baliabide eta aukera gehiago dituelako erasoan.
Horrek ez du esan nahi Brasilek bezala jokatuko duenik. Italia betiko Italia izango da. Atzealdean sendo, eta sendotasun horretan oinarrituta, gainerako guztia. Baina gainerako guzti hori besteetan baino aberatsagoa izan daiteke. Duela bi urteko Munduko Kopan, txapeldun izan ziren hartan, aberastasun horren berri eman zuten. Aurretik italiarren aurka epelak esan zituztenek onartu egin behar izan zuten Italiak erasoko joko aberatsa erabili zuela. Batez ere, Alemaniaren aurkako finalerdian.
Joera hari jarraipena emateko, jokalari egokiak dauzka Roberto Donadonik. Are gehiago, denen ezustean Del Piero eta Cassano zerrendan sartu eta gero. Entrenatzaileak aipatu ere aipatu du ez duela baztertzen hiru aurrelarirekin jokatzea. Toni, Del Piero eta Cassano. Baina ez da baliabide bakarra. Ia beti Italiak 4-4-2 sistema erabili izan du, baina orain beste aldaera batzuk erabiltzeko aukera daukala adierazi du Donadonik. Hiru atzelarirekin jokatzea ere ez du baztertu.
Betiko sendotasunari baliabide horiek guztiak gehituta, aurkari beldurgarria da Italia. Multzorik beldurgarrienean dago, Frantzia, Holanda eta Errumaniarekin batera, baina bera da beldur handiena ematen duen taldea.
GOSETUTA EDO ASETA? Duela bi urte Munduko Kopa irabazi zuen taldearen oinarriak jarraitzen du Italian. Gorputzik baldarrenari ere zuzen eta tente eusteko moduko bizkarrezurra: Bufon, Matterazzi, Pirlo eta Toni. Eta haien osagarri, taldean jarraitzen dute Del Pierok, Gattusok eta De Rossik.
Italiaren aldeko apustuak beti izaten dira fidagarriak, eta aurten ere konfiantza ematen dute. Zalantzaren bat aurkitzekotan, duela bi urte txapeldun izandako jokalarien irabazteko gosea izan daiteke. Ez baita erraza futbolariek irabaz dezaketen txapelketa nagusia irabazi eta gero, garaipen gosea berreskuratzea. Baina beste edozein lekutako jokalarientzatizan daiteke arazoa. Italiarrei eragitea zailagoa baita. Italiarrak direlako. Motibatzeko arazoren bat baldin badute, historiari begiratu besterik ez dute gosea berreskuratzeko. Italiak 40 urte daramatza Eurokopa irabazi gabe.
ESPERIENTZIA, BALIABIDE BAT GEHIAGO. Italiarrak berez dira lehiakorrak. Gazte-gaztetatik ikasten dituzte ikasi beharrekoak. Berezko ezaugarri horiei urteen poderioz hartutako esperientzia gehitzen bazaie, Italiaren sekretua agerian gelditzen da. Beste futbola esaten zaion hori ondo menderatzen dute.
Eurokopa bezalako txapelketa laburretan oso garrantzitsua da esperientzia, eta italiarrek daukate talde helduena, 29, 6 urteko batez bestekoarekin.
Nork hartuko dio gaina ezaugarri horiek guztiak dituen taldeari? Defentsako lan bikaina, erasoan inoiz baino baliabide gehiago, eta esperientzia. Ez dira helduleku txarrak garaipenik gabeko 40 urteko bide luzeari amaiera emateko.
AUSTRIAKO ETA SUITZAKO EUROKOPA. C MULTZOA. Defentsa baino askoz gehiago
Italia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu