FUTBOLA

Austrian lanean

Seefeldera iritsi zen atzo Reala, De Pedrorekin; hamahiru eguneko egonaldia egingo dute han

Erredakzioa
DONOSTIA
2003ko uztailaren 29a
00:00
Entzun
Seefelden da jadanik Reala (Austria), datorren denboraldia prestatzeko. Atzo goizean Miarritzeko aireportutik irten, eta 20:00ak aldera iritsi ziren txuri-urdinak. Han hamahiru egunez izango dira lanean.

Iaz bezala, Alpeetara joan da taldea, sasoia hartzeko asmoz. Bertan, ez dute partidarik jokatuko (abuztuaren 13an dute lehena). Goizetan, ariketa fisiko gogorrak egingo dituzte, Julen Masach prestatzailearen esanetara. Batik bat, indarrezko ariketak eta iraun-probak egingo dituzte. Masachen arabera, aurten denbora gutxiago dute fisikoki ongi prestatzeko, eta are gogorragoak izango dira jokalariek egin beharreko ariketak.

Arratsaldeetan, berriz, baloiarekin jokatu, eta entrenatzaileek (Raynald Denoueixek, Jose Luis Zamorak eta Xabi Manzisidorrek) azalpen taktikoak emango dituzte.

Guztira, 24 jokalari joan dira; tartean, Javier de Pedro. Azken orduko ezustekorik ezean, aurten behintzat, Realean geratuko da Antiguakoa. Azken egunotan, Southamptonek ez du jokalaria fitxatzeko aparteko ahaleginik egin, eta aurrez egindako 1,7 milioiko eskaintza gutxi daRealarentzat.

Bost jokalari daude lehen aldiz Seefeldeko kontzentrazioan: Bittor Alkiza eta Lee Chun Soo jokalari berriez gain , Xabi Prieto, Javier Garrido eta Mikel Saizar. Azken biak B taldekoak dira. Lehenak 18 urte besterik ez du. Irunen jaioa da, eta atzelaria da. Bigarrenak, berriz,20 urte ditu eta tolosarra da, eta atezaina da. Westerveld eta Albertoren ondoren, Realeko hirugarren atezaina dela esan daiteke.

Bestalde, Gari Urangaeta Mikel Labaka ez dira joango. Denboraldi-aurrea lehen taldearekin egiten hasi arren, hurrengo egunetan B taldearekin entrenatuko dira. Etorkizuna erabakitzeke dute oraindik, eta ahalik eta azkarren jakin nahi dute zein taldetan arituko diren. Bi jokalariok jokatzeko aukera izatea nahi dute Realeko agintariek, eta, hortaz, utzita jokatuko dute talderen batean. Seefeld 1.200 metro gora dago. Herri txikia da, lasaia, eta 3.000 bat biztanle pasatxo ditu. Joan den denboraldian, ederki prestatu ziren bertan, eta egindako lanak fruituak eman zituen gerora. Ea aurten ere halako zerbait gertatzen den.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.