Autoaren gidariak Fizekin korrika ari zirenei utzi zien pasatzen oinezkoen pasabidetik, baina ez zen konturatu jarraian Fiz zetorrela, eta atzerako ispiluarekin jo zion saihetsetan. Anbulantzia etorri zen, baina Fizek ez zuen bertara igo nahi izan, ondo zegoelakoan. Baina minutu batzuk geroago, gero eta min gehiago sentitzen hasi zen, eta Txagorritxuko ospitalera joatea erabaki zuen. Azterketa medikua egin zioten bertan, eta horren arabera, lau saihets zituen hautsita. Horren ondorioz, gaua egin behar izan du ospitalean. Fizen senitartekoek azaldu dutenez, gaur minez esnatu da. Eguerdian, ordea, hobeto zegoen, eta senda-agiria eman diote. Beraz, arratsaldean jada etxean zegoen.
55 urte ditu Fizek, eta 50 urtetik gorako mailan munduko sei maratoi handienak irabazteko balentria egin zuen joan den apirilean. Sekulako garaipen zerrenda osatu zuen ere punta-puntan aritu zenean: munduko eta Europako txapeldun izan zen maratoian, besteak beste.