Porrotaren osteko biharamuna gogorra izan da Baskoniarentzat. Tel Aviveko Ben Gurion aireportuan bonba mehatxu faltsu bat gertatu zen jokalariak hegazkina hartzera zihoazela, eta susto horrek are gehiago aztoratu zituen nahiko jota zeuden jokalariak. Diskurtso ofizialaren arabera, Baskonia Euroligako zortzi onenen artean egotea ontzat emateko moduko lorpena da, baina ez dira gutxi taldeko kirol zuzendarien iritzi horrekin bat egiten ez dutenak, eta Lauko Finala jokatzeko aukera ona galdu dela diotenak.
Olympiakos eta Bartzelona ere kanpoan geratu direla diote bigarren iritzi hori defendatzen dutenak. Alegia, Maccabi ere ez zela aurkari gaindiezina. Hori bi partida 21 eta 22 puntugatik galdu ostean esatea ere asko esatea da, baina Baskoniaren gabeziak Euroligako final-laurdenak baino askoz lehenago azaldu ziren: etxetik kanpo lehiakor izateko zailtasun franko, saskipe ahula, hiruko jaurtiketen dependentzia, bigarren joko antolatzaile baten hutsunea...
Baskonia zazpi edo zortzi jokalarirekin ari da sasoi honetan, eta hori ordaindu egiten da. Taldea planifikatu zutenen errua izango da, agian. Litekeena da aurrekontuak kanpotik ikusten ez diren mugak jartzea, baina Baskoniak pibot on baten hutsunea dauka. Ez zen erraza Tiago Splitter ordezkatzea, baina etorri diren guztiekin ere ez da brasildarraren ekarpena osatu.
Zer egin sasoi bukaerari begira? Zazpi edo zortzi jokalarirekin jarraitu? Fitxatu? Baskoniak bi partidara du ligako 9. postua, eta gaur-gaurkoz ezin da ziur-ziur esan Baskoniak titulua irabazteko kanporaketak jokatuko dituenik. Horrek esan nahi duen guztiarekin. Joan den urtean ere antzekoa zen egoera, eta liga irabazi zuen Baskoniak. Posible ote aurten? Ez. Normalean, behintzat.
Autokritika garaia
Baskonia Europako Top 8an egotea nahikoa dela diote batzuek; besteek, Lauko Finalean egoteko aukera ona galdu dela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu