Azaletik polita, barrutik ustela

Italia eta Kroazia Europako Txapelketatik kanpo geratu dira, eta Frantzia eta Errusia izan dira onenak orain arte

Andoni Urbistondo.
Donostia
2011ko irailaren 7a
00:00
Entzun
Ezer ez da dirudiena. Azala ikusi eta loreak jasotzea da ohikoena, baina barrua aztertu ostean, komeriak hasten dira. Lituaniako Europako Saskibaloi Txapelketako lehen faseak batzuen dohainak eta besteen miseriak utzi ditu agerian, eta aldez aurretik egin ziren aurreikuspen asko haizeak eraman ditu berarekin, ez direlako bete. Italiak eta Kroaziak jasan dituzte ondorio larrienak. Biak etxerako bidean daude dagoeneko, haiek espero baino askoz lehenago.

Italiaren kasua da azpimarragarriena. NBAn jokatzen duten hiru izarrekin aritu dira azzurri-ak, baina Sienako Simone Pianigiani entrenatzaile bikainaren ahalegin oro alferrikako izan da Andrea Bargnanik, Marco Bellinellik eta Danilo Gallinarik taldearen mesedetan joka zezaten. Bakoitza bere kasa aritu da, bere zenbakiak puztu nahian, eta talde izaerarik gabe jai dago. Italiaren jokoa aurrez ikusteko modukoa izan da: baloia hiru izarretako bati eman, eta haiek jokaldia egitea. Asmatzen zutenean, gustura, baina ezin beti asmatu.

Kroaziak ere nazioarteko txapelketetan daukan izen txarra handitu du. Normalean, kanporaketetan eman izan du amore, eta lehen fasean etxera joan izana larria da Balkanetako selekzioarentzat, ez baita normala talde berean Ante Tomic, Stanko Barac, Marko Popovic eta Bogdan Bogdanovic dituen taldea bidean geratzea. Italia eta Kroaziarekin batera, Erresuma Batua, Polonia, Portugal, Israel, Letonia, Bosnia eta Herzegovina, Montenegro, Bulgaria, Ukraina eta Belgika geratu dira kanpoan.

Sorta zabal horretan Polonia eta Bulgaria aritu dira ondoen, eta bigarren fasean sartzear egon dira. Montenegrok bost partida jokatu eta bakarra irabazi du, eta Finlandia bi partida irabazi eta hiru galduta sartu da bigarren fasean. Finlandiarrek apenas duten jokalari ezagunik, Teemu Ranikko ez bada, eta ezusteko handia izan da haiek sailkatu izana. Ez hainbeste Georgiak ere aurrera egitea. Atlanta Hawkseko Zaza Patxulia pibotak lan ona egin du, eta Viktor Sanikidze hegalekoak (batez beste 11,8 puntu eta 8,6 errebote lortu ditu) eta Manutxar Markoixvili eskoltak ere asko lagundu dute (hamalau puntu partidako).

Lehen faseko emaitzek erakusten dute talde onenak Frantzia eta Errusia izan direla, jokatutako partida guztiak irabazi dituztelako. Batzuen eta besteen jardunean suma daitezke ezberdintasunak. Talde bikainaren traza dauka Frantziak, baina Errusiak ez du halako indarrik erakusten. Frantziak Tony Parker dauka, lehen faseko jokalari onena, baina askoz gehiago dauka. Atleta indartsuz jositako bloke bat da, eta Nicolas Batum, Boris Diaw, Mickael Gelabale, Joakim Noah eta Florent Pietrusek Erdi Aroko gaztelu baten pare babesten dute euren saskia.

Errusiak ozta-ozta gainditu zuen Eslovenia, eta horri esker gertuago du final-laurdenetako kanporaketa. Andrei Kirilenko ondo aritu da, zenbaki ikusgarririk lortu gabe, baina Errusiak lehengai ona dauka postu guztietan: Sergei Bikov, Anton Ponkraxov, Andrei Vorontsevitx, Sergei Monia, Vitali Fridzon, Viktor Khriapa, Timofei Mozgov…

Frantziak eta Serbiak jokatu zuten lehen faseko azken dema, herenegun, eta lehiaketako ederrena izan zen. Luzapenean erabaki zen, eta 96-97 nagusitu ziren frantziarrak, baina Serbiak dominen jokoan sartzeko moduko talde puska bat duela erakutsi zuen. Oso onak dira. Neurgailua talentua balitz, ez lukete aurkaririk. Jokalari zerrendari erreparatu eta zer pentsatua ematen du: Milos Teodosic, Aleksandar Rasic, Milenko Tepic, Marko Keselj, Dusko Savanovic, Milan Macvan, Nenad Krstic, Kosta Perovic…

Espainia, zalantzekin

Espainiaz ere hitz batzuk. Zerutik infernura pasatu da egun bakarrean. Lituania txikitu zuen hogei minutuan igandean —36-62 izan zen emaitza atsedenaldian—, eta herenegun, Turkiaren aurka, galdu egin zuen, azken laurden osoan bi puntu bakarrik lortuta. Galdutako horretan Pau Gasol gabe jokatu zuen Espainiak, orkatilan bihurritu txiki bat zuelako, baina defentsa ona egiten denean Sergio Scariolok entrenatzen duen taldeak ere sufritu egiten duela ikusi da. Hauspoa emango dio horrek Turkiari, bere burua etxerako bidean ikusi eta bat-batean hautagai sendoena menderatu ostean. Zer esanik ez Frantziari, lehiaketako defentsa eraginkorrenari.

Bigarren faseak ere sei jardunaldi izango ditu. Gaur hasi eta hurrengo astelehenean bukatuko da. Bi multzo egin dituzte, sei selekziokoa bakoitza, eta multzo bakoitzeko talde denek jokatuko dute elkarren aurka. Lehen fasean lortutako garaipenek balioa dute, baldin eta garaipena lortu den partida horietako aurkaria bigarren faserako sailkatu bada. Horregatik du lantegi zaila Alemaniak, bigarren fasera pasatuta ere 0-2 balantzearekin hasiko delako, eta lehen partida Espainiaren aurka jokatuko duelako, gaur (14:15). Galtzen badu, kanporatuta geratuko da ia ziur Dirk Nowitzkiren taldea.

Bigarren faseko sailkapenak garrantzi handia du. Multzoko lehen sailkatuak beste multzoko laugarrenaren aurka jokatuko du final-laurdenetan. Kanporaketak iritsi aurretik ere partida bikainak ikusi ahal izango dira. Espainiak Frantzia eta Serbiaren aurka jokatuko dituenak, adibidez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.