Azarenka eta Xarapova batetik eta Williams eta Errani bestetik gaur, finalerdietan

Munduko lau onenen artean Agnieszka Radwanska poloniarra soilik geratu da bidean AEBetako Irekian

unai zubeldia
Donostia
2012ko irailaren 7a
00:00
Entzun
Victoria Azarenka, Agnieszka Radwanska, Maria Xarapova eta Serena Williams. Lau horiek ziren AEBetako Irekiko finalerdietara iristeko faborito argiak. Eta lautik hiruk txukun antzean egin dituzte lanak. Bakarra geratu da bidean: Radwanska poloniarra. Sufritu zuen Azarenkak Samantha Stosur australiarraren aurka, final-laurdenetan (6-1, 4-6 eta 7-6), eta baita Xarapovak ere, Marion Bartoli italiarraren aurka (3-6, 6-3 eta 6-4). Baina Sara Errani italiarra da espero ez zen bakarra. Azarenkak eta Xarapovak jokatuko dute lehen finalerdia, lehen eta hirugarren zerrendaburuek; eta Serena Williamsek eta Erranik bigarrena, laugarren eta hamargarren zerrendaburuek. Gaur jokatuko dira bi partida horiek.

Italiarrak behetik gora nabarmen egin du txapelketan. Sufrituz ekin zion lehiari, Garbiñe Muguruza tenislariaren aurka, zeinak Venezuelan jaio baina euskal jatorria daukan. 6-3, 6-7 eta 6-1 irabazi zuen lehen partida hura. Bigarren txandan oso erraz menderatu zuen Vera Duxevina errusiarra: 6-0 eta 6-1. Eta baita hirugarrenean Olga Puxkova Duxevinaren herrikidea ere: 6-1 eta 6-1. Angelique Kerber alemaniarra (seigarren zerrendaburua) kanporatu zuen laugarren errondan: 7-6 eta 6-3; eta Roberta Vinci herrikideari irabazita (6-2 eta 6-4) iritsi da Serena Williamsen aurkako partidara. Estatubatuarrak Coco Vandeweghe, Maria Jose Martinez, Ekaterina Makarova, Andrea Hlavackova eta Ana Ivanovic kanporatu ditu finalerdietara bidean.

Maria Xarapova, larriago

Beste finalerdiari dagokionez, lehen lau partidetan hamar joko soilik galduta iritsi zen Azarenka Stosurren aurkako lehiara, baina hirugarren setean tie-break-a behar izan zuen australiarra kanporatzeko —hamahiru joko egin zizkion Stosurrek—. Xarapova, berriz, larrixeago ibili da. Lehen hiru partidetan zazpi joko bakarrik galdu ondoren, hiru set behar izan ditu bai laugarren errondan, Nadia Petrova errusiarraren aurka, eta bai final-laurdenetan, Bartoliren aurka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.