Emakumezkoen tenis zirkuitua amaitzear dago, eta gaur hasiko da Masters torneoa, denboraldiko azken saio handia. Bigarren urtez jarraian WTAko sailkatuen arteko zortzi onenek Istanbulen neurtuko dituzte indarrak, eta urtea zerrendako lehen postuan zeinek bukatuko duen sortu du ikusminik handiena. Bi hautagai daude: Viktoria Azarenka bielorrusiarra, egungo lehen sailkatua, eta Maria Xarapova, egungo bigarrena. Torneoa irabazteko faboritoak haiek dira, Serena Williams estatubatuarrarekin batera.
Historian aurrenekoz zortzi herrialdetako zortzi tenislarik parte hartuko dute. Hiru faboritoez gain, Agnieszka Radwanska poloniarra, Angelique Kerber alemaniarra, Petra Kvitova txekiarra, Sara Errani italiarra eta Na Li txinatarra ariko dira lehian. Ordezkoak, berriz,Samantha Stosur australiarra eta Marion Bartoli frantziarra dira.
Torneoa gaur hasi eta igandean bukatuko da. Azken urteetako sistema bera izango da. Tenislariek lau kideko bi ligaxkatan banaturik ekingo diote torneoari, eta multzo bakoitzeko lehen biak finalerdietara igaroko dira. Zozketak Azarenka, Williams, Kerber eta LI elkartu ditu multzo gorrian, eta Xarapova, Agnieska, Kvitova eta Errani zurian.
Zortzi parte hartzaileen artean zirkuituko 26 torneo garrantzitsuetatik 21eko irabazleak daude, tartean lau Grand Slamak eta Olinpiar Jokoak. Azarenkak Australiako Irekia irabazi du aurten; Xarapovak, Roland Garros; eta Williamsek, Wimbledon, AEBetako Irekia eta Olinpiar Jokoetako bi urrezko dominak, buruz burukoa eta binakakoa. Azarenkak ia ziurra du WTAko lehen postuan bukatzea, baina Xarapovak —Masterseko txapeldun izan zen 2004ean— postu bat igotzeko aukera txiki bat du oraindik.
Azarenkak eusten badio, bosgarren urtez jarraian tenislari desberdin batek bukatuko du urtea WTAko lehen postuan. 2008an, Justine Henin izan zen lehena; 2009an, Jelena Jankovic; 2010ean, Serena Williams, eta iaz, Carlone Wozniacki. Mastersa diru sari handienak banatzen dituen torneoa da, eta guztira 4,9 milioi dolar (3,7 milioi euro) banatuko ditu parte hartzaileen artean. Buruz burukoarekin batera, binakako torneoa ere jokatuko da.
Azarenka eta Xarapova, WTAko lehen postuaren bila
Masters torneoa gaur hasiko da, Istanbulen, eta, lehenbizikoz, zortzi herrialdetako tenislariak ariko dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu