Azaroko aldapa

Bilbo Basketek etxeko sendotasunari eutsi beste biderik ez du, Euroligako lehen ligaxka gainditu eta Top16a jokatu nahi badu. Fenerbahce eta Nancy hartuko ditu azaroan, eta Gasteizen eta Atenasen jokatu beharko du.

Andoni Urbistondo.
2011ko azaroaren 9a
00:00
Entzun
Poltsikoari eragiten zioten aldapak urtarrilean izaten ziren iraganean. Gabonetan, poltsikoan edo bankuan gordetako sos apurrak erabili, eta urtarrilean, sufritu, egoera pixkanaka normaldu arte. Krisi ekonomikoak eguneroko kontu egin ditu aldapak, eta hilabete guztietan sortzen dira. Bilbo Basketek ere nahiago zuen iraganeko egoera. Alegia, aldapa urtarrilean etortzea; bizkaitarrek Euroligako lehen fasea gainditu eta Top16 jokatzeko sailkatu ostean, alegia.

Kolokan dago, baina, Top16a, eta egutegiak ere ez du itxaropen handirik ematen. Bilbo Basket emaitza txarrak pilatzen ari da etxetik urrun, eta Miribillan erakusten ari den sendotasunari eutsi beste erremediorik ez du edukiko, bere multzoko lehen lauren artean sartu eta Top16a jokatu nahi badu. Euroligako azaroko egutegiak beldur pixka bat ematen du. Turkiako Fenerbahce hartuko du gaur Fotis Katsikarisek zuzentzen duen taldeak, eta Nancy azaro bukaeran. Horiek irabaztea ezinbestekoa izango da, Bilbotik urrun jokatu beharreko bi demek aski zailak diruditelako gaur-gaurkoz: Baskonia Gasteizen eta Olympiakos Atenasen.

Ustekaberik ezean, 3-4 balantzearekin bukatu behar luke Bilbo Basketek azaroa. Etxeko bi partidak irabazi beharko lituzke horretarako, eta etxetik urrun dituen biak galdu, multzoko bi talde indartsuenen aurka jokatuko duelako, haien kantxan. Kalkulu teorikoak dira horiek, dena den. Fenerbahceren aurkakoa gogorra aurreikusten da, eta Gasteizen eta Atenasen jokatzen duenerako, litekeena da Bilbo Basketek oraingo emaitza bolada txarra atzean utzi izana.

Abendurako geratuko lirateke azken hiru partidak. Bi etxean, Cantu eta Baskonia, eta bien tartean, Istanbulerainoko bidaia nekagarria. Aurreko urteetako bilakaerak erakusten du bost garaipen derrigorrezkoak direla Top16an sartzeko. Etxeko lau demak irabazita, gertu leudeke Bilbokoak, eta marka litzateke txartel hori Baskoniaren aurka lortu behar izatea, ligaxkako azken jardunaldian (abenduaren 21ean edo 22an). Hori saihesteko modu bakarra bost garaipenak azken partida baino lehen pilatzea da. Baina, horretarako, Gasteizen, Atenasen edo Istanbulen irabazi behar du. Zaila.

Espero baino okerrago

Bilbo Basket orain dela hilabete espero zen baino okerrago dabil, eta etxetik urrun partidarik irabazi gabe jarraitzen du. Normala ere ez da, baina galdutako dema horiek antzeko ezaugarriak izan dituzte: defentsa jokoko ahuldadea. Galdutako bost partidetan 80 puntu baino gehiago hartu ditu Katsikarisen taldeak, eta horrek argi erakusten du makineriak akatsen bat duela. Aurreko sasoian, 70-72 hartzen zituen batez beste Bilboko taldeak, eta orain, ia hamar gehiago. Eta ez parean talde onak eduki dituelako: Bartzelona salbu, Alacant, Nancy, Cantu eta Manresa, laukote horren aurka jokatu dute bizkaitarrek.

Zergatik, baina, zulo hori? Batzuen ustez, lehen presio lerroak du errua. Aaron Jackson ez dago sasoi onean, eta Blums ere ez. Josh Fisherrek ez du askorik jokatzen, Katsikarisek pentsatzen duelako eraso jokoan laguntza gutxi ematen duela. Grimau ere apal dabil, eta Raul Lopez beti izan da herrena defentsan. Vasileiadisek erasoan onetik daukana dauka txarretik defentsan. Huts asko egiten ditu, eta entrenatzaileak ez dio aukerarik ematen partidak sarriago jokatzeko.

Lehen lerroko ahuldade horri etekin handia atera diote aurkariek. Micovek Canturen aurka jokatu zutenean, eta Hangak joan den larunbatean, Manresan. Saskipeko jokalariak ere zerbaiterako daude, baina Bilbo Basketeko hegaleko eta pibotek aitortu dute salduta sentitzen direla lehen lerro hori gainditzen duten jokalariak zaintzera joaten direnean. Batez ere euren parekoa uzten dutelako libre, eta barneraldia egin duen jokalariak aukera bi dituelako: jokaldia berak bukatu edo asistentzia erraz bat eman.

Dozenaka saskiratze erraz jaso ditu Bilbo Basketek, eta zama astuna bilakatzen da hori partidek aurrera egin ahala. Katsikarisek publikoki hartu dio kargu jada Jacksoni, taldeak bere beharra duela eta lanean hasteko azkar. Mumbruk ere sumatu zuen gainera zetorkion errieta, eta bi partida on jokatuta isilarazi du Katsikaris, zenbaitzuek berekoi jokatzen ari dela leporatu badiote ere. Egur gehiegi ematea ere komeni ez, eta Mavroeidis eta Hervelleren lesioek kalte handia egin dutela onartzea ere bidezkoa da. Arazoa haiei ere neurria ematen hasteko ordua iritsi zaiela, osatuta egon edo ez, azaroko aldapa gaur hasiko delako. Indartsu ekitea komeni.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.