Azkar dabil

Iker Muniain gaztetasun marka guztiak ari da ontzen Athleticen eta ligan. Debuta egiten eta lehen gola sartzen gazteena izan zen. Baita ehun partida jokatzen ere. 19 urte bete berritan, pisu handia du taldean.

Iker Muniain, baloiaren atzetik korrika, Athleticek denboraldi honetan jokatutako partida batean. LUIS JAUREGIALTZO / ARP.
haritz gallastegi
Bilbo
2012ko urtarrilaren 11
00:00
Entzun
Iker Muniainek (Iruñea, 1992) 100. partida ofiziala jokatu zuen Athleticekin Getafen joan zen igandean. Ume askoren ametsa da elastiko zuri-gorria noizbait janztea. Ehun aldiz Athleticen jokatzea, berriz, profesional askok sinatuko lukete. Baina 19 urte bete berritan bi amets horiek bete izanak ikaragarria izan behar du. Gidabaimena izan aurretik ehun auto erosteko adina diru zuen gazteak ez dio aparteko garrantzirik emango. Ez da konturatuko orain arte egin duenak duen garrantziaz, aparteko ahaleginik egin gabe lortutakoari ez baitzaio larregi erreparatzen. Dohain bereziak dituztenen zortea da hori.

Baina kontua da Muniain Athleticeko eta Espainiako Ligako gaztetasun marka guztiak ari dela ontzen: 16 urte eta zazpi hilabeterekin egin zuen debuta San Mamesen. Aurkaria ere aproposa zen: Young Boys Suitzako taldea (mutil gazteak). Jokatu zuen lehen neurketan, eman zezakeenaren lehen zertzeladak utzi zituen, eta bigarrenean erabakigarria izan zen. Hark sartu zuen Athletici Europako Ligan aurrera jarraitzeko aukera eman zion gola. Hasi berritan erakutsi zuen jokalari berezia zela, ezberdina. Europan debuta egin ostean, ligako lehen neurketa eta lehen gola etorri ziren. Horretan ere sekula egon den futbolaririk gazteena izan zen. Eta azken marka Alfonso Perez futbol zelaian lortutakoa izan da. Atzean utzi ditu azken hamarkada bietan Europan izar izan diren hainbat jokalari: Raul Gonzalez, Fernando Torres, Joseba Etxeberria eta Bojan Krkic —Erromako aurrelari kataluniarrak oraindik asko dauka erakusteko—.

Gaztetasun markak ontzea gauza ederra izan arren, ez da garrantzitsuena. Gaztea edo zaharra izan, zelaian erakusten dena da hartu behar da aintzat. Izan ere, Raul, Torres eta Etxeberria ez dira jarraitzaileentzat erreferentzia izan gorengo mailara azkar ailegatu zirelako, baizik eta onenekin lehiatzen hasi ostean erakutsitakogatik. Nerabe izateari utzi aurretik askok lortu dute Izarren Ligan jokatzea, baina gerora gutxi egin dutenez ia inor ez da oroitzen. Muniainek ere badaki hori. Horregatik ari da nabarmentzen. Ia iritsi berria izan arren, orain arte egin duena kontuan hartzekoa dela nabarmendu du Marcelo Bielsak, Athleticeko entrenatzaileak, talde zuri-gorriko harribitxiaren azken lorpenaren inguruan galdetu ziotenean. «Ikerrek ehun partida jokatu izanak gauza asko erakusten ditu. Batetik, jokalari eta profesional gisa zenbat balio duen erakusten du. Bestalde, argi ikusten da gaztea izan arren,futbolari lehiakorra dela eta dagoeneko bere lekua lortu duela», adierazi zuen Bielsak.

Dohainak eta gabeziak

Onenen artean nabarmentzeko ezinbestekoak diren gosea eta talentua uztartzen ditu erdilari aurreratu nafarrak, erakutsi ezin daitekeena baitauka Muniainek, berezkoa. Txikia izan arren —1,69 metro da luze—, indartsua da oso. Baloia oinetan duenean azkarra da, eta erraz gainditzen ditu aurrean jartzen zaizkion aurkariak. Eta, gainera, ez da kikiltzen. Lotsagabea eta ausarta da soropilean agertzen den bakoitzean. Harmailetako giroak eta futbolean dagoen presioak ez du ondorio txarrik sortzen Bart Simpson txikiaren gorputzean —hala deitzen diote, Muniainek oso gustukoa baitu The Simpsons AEBetako marrazki bizidunetako protagonista; haren irudia du zango-babesetan—. Ona delako eta ardura hartzeko arazorik ez daukalako bihurtu da taldeko erreferentzia nagusia denbora gutxian. Aldagelan ez dago pisu handiena duen futbolarien artean, baina zelaian bestelakoak dira kontuak. Baloia jokoan denean talentua agertzen baita, eta han ez dago zalantzarik. Fernando Llorenteren ostean Athleticek egun duen erasoko jokalaririk erabakigarriena da. Athleticeko jokalariek zer egin ez dakitenean bi bide dituzte: bata, Llorenteri luze jokatzea da. Bestea, Muniaini motzean eman eta nafarrak asma dezala zer edo zer. Ardura handia da hori. Eta taldekideek zer egin behar duten ikasi duten antzeko azkartasunarekin konturatu dira aurkariak nola utz daitekeen talde zuri-gorriaren erasoa ezerezean. Muniain zainduta, alegia. Ehun partida nahikoa baitira aurrean duten mutila ona den edo ez jakiteko.

Muniain, talde guztiaren antzera, ez dabil fin azkenaldion. Kontua da ez dagoela jakiterik erdiko-aurrelaria txarto ari delako jaitsi den taldearen maila edo taldeak behera egin duelako ari zaiola kostatzen nabarmentzea. Hori bai, gauzak ondo egin ez arren, lanerako prest dago Muniain. Leher eginda amaitzen ditu neurketa guztiak. Eta hala jarraitu beharko du lehenbailehen egoerari buelta emateko. Emango dio, ziur. Eta, era berean, lanean jarraituko du futbolari gisa hasteko. Badauka zer hobetu eta. «Muniain mundu mailan nabarmenduko den futbolaria izango da»,esan zuen hura ondo ezagutzen duen Joseba Etxeberriak. Bada, horretarako, batez ere errematean daukahobetu beharra. Ez baitauka golak sartzeko erraztasunik (hamalau sartu ditu guztira). Eta, ezberdina izateko, golak sartu behar dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.