Matematikak pixka bat landuz gero, eragiketa erraza utzi du San Miguel ligako asteburuak. Kaikuk 11 puntu ateratzen dizkio Hondarribiari, eta lau estropada falta dira. Puntuak eta jokatzeko dauden jardunaldiak alde batean jarriz gero, ekuazioaren beste aldean, zenbakia gabe, hitz hau ageri da: miraria. Horixe beharko baitu Hondarribiak Kaikuri liga kentzeko.
Zarautzen jaun eta jabe izan da ligako nagusia. Larunbateko nagusitasuna igandean berretsi zuen, berriz ere onena izanez. Erraz menderatu zituen San Pedro, Urdaibai eta Hondarri- bia. Pasaitarrek gertu bukatu zuten, sei segundora, azken metroetan aurreko lan bikaina biribilduz. Urdaibai hamabira sartu zen, eta eguneko ezuste txarrena ligako bigarrenak eman zuen, hogeita bat segundo galdu zituelako. Liga irabazteko aukerak kareletik joan zaizkio Hondarribiari.
Goiko traineruen artean, horixe eman du asteburuak. Kaikuren agintaldiak zirrara kenduko die falta diren lau estropadei. Gauzak bere-berean direla, iazko leku berera joango da ligako garaikurra. Miraria gertatzekotan, Portugaleten du itxaropena Hondarribiak, bi estropada jokatuko dituztelako eremu baldar horretan. Kale zozketak aldeko igurtzia emateko zain egongo dira, eta, hala ere, lanak. Egungo egoera hau da ligaren hasieran aurreikusten zena. Kaikuk orain azaldu du indarra, eta gainerakoak doinu horretan dantzatzera behartuta dauzka. Lehenago gertatuko zela espero zen, baina orain heldu da, eta inor ez du harritu. Indartsuena da, eta hor ez dago bueltarik. Bere legea ezarri baino ez du egin.
Aldeetan gorabeherak
Zarauzko asteburua bitxia izan da. Larunbatekoak eta igandekoak ez zuten zerikusirik izan aldeei dagokienez. Larunbatean, oso handiak izan ziren; igandekoak, aurreko estropadetakoak gutxi-asko. Halako aldaketak zaildu egiten du ondorioak ateratzeko lana.
Igandean, esaterako, lehen zortzi traineruak hamazazpi segundoan sartu ziren, eta aurrenekoak azkenekoari 32 segundo baino ez zizkion atera. Zarautz izan ohi da irailera begira ondorioak ateratzeko lekua, eta batzuk atera daitezke, baina beste zenbaitetan, zalantzak ez ditu argitu.
Egunekoan egunekoari erreparatu beharko zaio hemendik aurrera ere, ondorio orokorragoak ateratzeko lanak alferrik ez hartzeko. Liga hau berezia doa.
Azkarregi ez ote duen erabaki
Kaikuk irabazi du Zarauzko estropada, bigarren saioan ere nagusituz, eta eskura du San Miguel liga
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu