Azkarrena, azkena

Pastor Maldonadok lehenengo aldiz 'pole'-a lortu du, Kataluniako zirkuituan, epaileek Lewis Hamilton zigortu dutelakoPilotu ingelesak behar baino gasolina gutxiagorekin bukatu du sailkatze saioa

Laurentzi Garmendia
Bartzelona
2012ko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
Lewis Hamilton (McLaren) izan zen azkarrena Kataluniako Zirkuituan, Espainiako Sari Nagusian. Gidari ingelesak ez zien aukerarik eman aurkariei, beste inor baino segundo erdi azkarragoa izan zen itzulia osatzen. Erakustaldiak, baina, ez zion ezertarako balio izan, entrenamendu saioa bukatu eta bi ordura epaileek zigortu egin zutelako gasolina gutxiegirekin bukatzeagatik. Halere, gaur parte hartu ahal izango du. Hori bai, azken postuetatik irten beharko du. Hanka-sartzeak Pastor Maldonadoren esku utzi zuen pole-a, bere ibilbideko lehena. Taldeak iaz eginiko aldaketen ondorio, Venezuelarrak garai gozoak gogora ekarri zizkion Williamsi. Bigarren Fernando Alonso izan zen (Ferrari).

Bere bizitzako pole-rik «onena» izan zena erabat garraztu zitzaion Hamiltoni. Hasiera-hasieratik dena kontrolpean izan zuen, arriskatu egin zuen, eta muga gutxigatik pasatu zuen. Autoaren pisua arintze aldera, taldeek ahalik eta gasolina gutxiena eramaten dute, eta McLaren pasatu egin zen. Arautegiak dio sailkatze proba bukatuta autoak euren kasa iritsi behar direla pit lane-ra eta gutxienez litro bat gasolina izan behar dutela kimikariek azter dezaten. Bada, Hamilton gasolinarik gabe gelditu zen pit lane-ra iritsi aurretik. Epaileek arautegia hitzez hitz bete eta gaur azken postutik irtetera behartu dute. Zoritxarraren aurretik, halere, erakustaldia eman zuen, eta oso argigarriak dira Jenson Button taldekideari ateratako hamar posturen aldea. Q1 ere e z zien aukerarik eman aurkariei.

Alonsok bigarren denbora egin zuen, azken minutua arte buruan izan bazen ere. Ferrari autoak hobera egin du. Hori dio, behintzat, espainiarrak. Felipe Massa haren taldekidea, ordea, azkenaldiko iluntasunera itzuli da. Ez zen lehen hamarrengandik gertu ibili ere; 17. denbora egin zuen. Alonsok ostegunean ez zuen halako emaitza onik espero, baina onartu zuen lehen itzuliak egin ondoren eroso sentitu zela. Iaz laugarren postutik lehenera egin zuen jauzi irteeran, eta aurten zein asmo izango ote zuen galdetuta, espainiarrak zera erantzun zuen: «Irteera oldarkorra egingo dut, baina ez eroa».

Taldekideen arteko aldeak

Taldekideen arteko emaitza desorekatuen artean azpimarragarriena Williamsekoa izan zen. Maldonadok postu itzela lortu zuen, lehena, eta taldea egiten ari den lana saritu du. Bruno Senna taldekidea ez zen Q1 saioa gainditzeko gauza izan, ordea. Maldonadok Venezuelako Gobernuaren diruari esker lortu zuen Williamseko eserlekua iaz, eta atzoko emaitzak bere benetako maila erakusteko balio ote zuen galdetu ziotenean, dotore erantzun zuen: «Esan dezakedan bakarra da zorteduna naizela. Zorteduna ez bakarrik babesle bat dudalako atzean, baizik eta herri oso bat, indartsu bultzatuz». Hizketan duen lasaitasuna pistan falta du sarri, puntu gehiegi galdu baititu gehiegizko irrikak bultzatuta.

Kataluniako zirkuituan lehiatu diren gehienetan lasterketaren garailea lehen lerrotik atera da. Maldonadok horretarako aukera izatea gehiegizkoa dirudi, batez ere emozio askotxo liratekeelako Frank Williamsentzat bere 70. urtebetetzean. Hamiltonek azken postutik gosetuta eta amorratuta irtenda zer egiten duen ere ikustekoa izango da. Lotuseko bi autoak hirugarren eta laugarren daude, eta estu hartuko dituzte Maldonado eta Alonso. Hortik atzera pneumatiko jokoen kinielak dira.McLarenen hanka-sartzearekin, lasterketa oso irekia izatea espero da, eta Alonso irteera baliatzen saiatuko da. Lehen bihurguneetan Maldonado pasatzen badu,nahikoa eskarmentu badu lehen postuari 66 itzulietan eusteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.