Azkarrena ez dago lehen tokian

Schumacher izan da azkarrena Monakon; baina, zigorra bete behar zuenez, Webber irtengo da gaur 'pole'-tik

Laurentzi Garmendia
Donostia
2012ko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
Monakoko Sari Nagusian lortu zuen Michael Schumacherrek lehen pole-a, 1994an. Azkena, berriz, orain sei urte lortu zuen, Magny-Coursen, Frantziako Sari Nagusian. 2006ko amaieran erretiratu egin zen, eta 2010ean itzuli lehiara. Berak eta autoak gora egin dute tarte horretan, aurten batez ere. Nico Rosberg haren taldekide eta herrikideak aurten lortu ditu lehen pole-a eta garaipena. Atzo, ordea, Schumacherren txanda izan zen. Bera izan zen azkarrena. Baina, azken lasterketan —Espainiako Sari Nagusian— Brunno Senna (Williams) atzetik jo zuenez, bost postu atzerago aterako da gaur. Mark Webber (Red Bull) irtengo da, beraz, lehen postutik, bigarren denbora eginda.

Schumacher damututa egongo da Katalunian egindako hutsarekin. Autoak abiadura duela badaki, baina ez dio behar adina etekin atera. Etsipen horrek pistan behar baino huts gehiago egitera bultzatu du; azkena, Espainiako Sari Nagusian. Nazioarteko Automobilismo Federazioak (FIA) bost postuko zigorra jarri zion horren ondotik, eta atzo lortutako pole-a ezerezean geratu da. Hala ere, moralki berea da lehen postu hori, eta nabarmentzekoa, gainera. Izan ere, Monakon da beste inon baino garrantzitsuagoa zein postuan abiatu. Schumacherrek garesti ordaindu du Montmelon egindako hutsa.

Alemaniarra ez zen izan zigorra jaso zuen bakarra. Pastor Maldonado (Williams), aurreko lasterketako garailea, oso ondo ibili izan da beti Monakon. Aurten ere ez da makal ibili, sailkatze saioan aise igaro baitzen Q3ra. Ezeren okerrik ez dela, pole-a ez du urrun izan behar, baina oraindik odolberoa dela erakutsi zuen goizeko saio librean, Sergio Perez mexikarra (Sauber) ukitu baitzuen. FIAk ondorioztatu zuen nahita egindako mugimendua izan zela, eta hamar postuko zigorra ezarri dio. Hori gutxi balitz bezala, automobilaren abiadura ontzia aldatu zuen, eta, beraz, azken postutik abiatuko da gaur.

Hala, zigorrek bi hautagai atzera bidali dituzte. Webber utzi zuen horrek buruan, kiniela gutxitan sartzen zena. Bere alboan Rosberg izango du. Gehienen ustez, Lewis Hamilton (McLaren) da kale artean irabazteko faboritoa, eta hura ez dago urrun. Hirugarren postutik irtengo da; ondo kokatuta, alegia. Gehiago espero zen harengandik, ordea. Sebastian Vettelek (Red Bull) ez zuen denborarik egin, eta geldialdi bakarra egingo du seguruenik. Ia guztiak pneumatiko bigun-bigunekin aterako dira, eta alemaniarra gogorrekin. Pole-a eskuraezina zuela ikusita, estrategia erabat desberdina probatuko du. Txapelketako lehen sailkatua da alemaniarra, baina defentsa lanean ari da, erasoan baino gehiago.

Seigarren garailea?

Lotus autoak apustu askotan daude Monakon irabazteko. Romin Grosjean txukun aritu zen, eta Hamiltonen alboan hasiko du lasterketa gaur, bigarren lerroan. Kimi Raikkonenek lan handiagoa izan zuen, ordea, eta Q3an sartu bazen ere, zortzigarren amaitu zuen, denbora onenetik urrun. Ostegunean direkzioarekin ez zen gustura azaldu, eta denbora asko galdu zuen taldeak hori konpontzen. Ikusitakoa aintzat hartuz gero, Raikkonen gaur ez da izango indartsuena. Aurten, aurreikuspenek ezer gutxirako balio dute, ordea, lasterketan pneumatikoen jardunak guztia baldintzatu baitu. Seigarren lasterketan seigarren garailea izango ote da? Webber izan daiteke hori, baina Hamilton eta Fernando Alonso (Ferrari) aurkari beldurgarriak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.